Futbola

Aduriz: "Ez dut omenaldirik behar, igandero jaso dut San Mamesen"

Agur hunkigarria izan da aurrelari zuri-gorriarena. Eskertuta azaldu da, eta eman duena baino askoz gehiago jaso duela adierazi du.

ainara arratibel gascon
2020ko maiatzaren 22a
18:39
Entzun

Hunkituta. Halaxe agertu da Aritz Aduriz agur prentsaurrekora. San Mamesen talde zuri-gorriaren ereserkia bozgorailuetatik zela irten da jokalaria, emaztearekin eta bi alabekin. Hasteko, esker hitzak izan ditu emaztearentzat.  "Aurrena laguna, gero emaztea, eta orain gehien maite ditudan bi pertsonen ama. Zu gabe hau ez nuen lortuko. Izugarri lagundu nauzu, eta ezingo dizut inoiz eskertu eman didazun guztia". Gurasoa, arreba eta aiton-amonak ere izan ditu gogoan. "Kirolaren, baina batez ere, bizitzaren balioak eman dizkidate. Eta, nola ez zaleak ere izan ditu ahotan: "Eman didaten babesa izugarria eta ahaztezina izan da. Ezingo diet inoiz behar beste eskertu. Ez dut omenaldirik behar, igandero jaso baitut San Mamesen. Ez dago bere taldea hainbeste maite duen zalegorik, Athleticena baino"."Lasai" doala adierazi du, Athletic "esku onetan" uzten duelako, bere taldekideen eskuetan. "Haiekinin egunero egon ezin izatea izango da gehien faltan botako dudana. Haiekin bizi izan ditut nire kirol ibilbideko momenturik politenak".

Behin eskerrak eman eta gero, erretiroa hartzeko erabakiaren nondik norakoak azaldu ditu. Aldaka aspalditik ari zitzaion arazoak ematen. "Baina martxa hartuta nuen, eta aurrera nindoan. Bi hilabeteko eten hau, ordea, oso gogorra izan da aldakarentzat". Entrenatzera itzuli eta berehala konturatu zen aldakak "kito" esan zuela. "Ez nengoen taldeari laguntzeko moduan. Espezialistak berak esan zidan, bizimodu normal bat egiteko, ebakuntza egin behar zidatela ahalik eta azkarrak. Orduan erabaki nuen pauso bat alde batera ematea". Aurrelari zuri-gorriak ez du pentsatu nahi zer pasatuko zen ebakuntza lehenago egin izan balu. "Hemen gol bat sartzeak nire bi aldakak merezi ditu. Adin honetara sasoi honetan iritsi banaiz, egin dudanarekin gozatu dudalako da. Hori izan da gakoa". Ondo bidean datorren larunbatean egingo diote ebakuntza. "Asmoa dut ondoren Lezaman osatzeko, taldekideekin denboraldia amaitu arte egoteko, eta zelaian ez bada ere, ahal dudan guztian laguntzeko".

Urte hauetan sartutako golen artean, azkenarekin geratzen da, Liga honetako lehen partidan Bartzelonari txilenaz sartu ziona. "Izan zen uneagatik eta, batez ere, bi alabak ikusten zeudelako. Haiek nire gola ospatzen ikustea izugarria izan zen". Partidaren bat aukeratzekotan, berriz, talde zuri-gorriarekin irabazitako Espainiako Superkopako finaleko biak izango lirateke. "Denborarekin eman diogu balioa titulu horri". Realaren kontrako Espainiako Kopako finala ez jokatzea izan da geratu zaion arantza. "Baina ziur nago, jokatzen denean, nire taldekideek irabazi egingo dutela, eta nagoen lekutik berdin ospatu eta disfrutatuko dudala".

Donostiarrak argi du Athletic "klub berezia" dela. "Egunero erakusten dugu hori. Koadrila bat gara, mundu osoaren kontra borrokan. Baina hau ez nuke sekula aldatuko, ez egin dudan bidea, ezta norekin egin dudan ere. Uste dut hemen geratzen direnek oso barneratuta dutela hori, eta ondorengoei ere hala transmitituko dietela". Atzetik datozenei aholku bat eman die. "Sekula amore ez emateko esango nieke. Etengabe saiatzeko, eta gauzak gaizki joan arren, beti egin behar dela aurrera".

Etorkizunean zer egingo duen ez daki. "Baina pizgarri eta motibazio asko ditut. Argi dut ate bat ixten denean beste asko irekitzen direla. Ilusioa dut familiari denbora gehiago eskaintzeko. Horrekin nahiko dut orain".

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.