Turismoa

Jaurlaritzako Turismo Sailak «aukera berriak» ikusten ditu udarako

«Euskadi oso ondo kokatuta» ikusten du Sonia Perez sailburuak, turistak Euskal Herrira erakartzeko datozen hilabeteetan.

Turistak aurreko udan, Donostian. IÑIGO URIZ / FOKU
xabier martin
2020ko maiatzaren 27a
12:53
Entzun

Turismoarentzat «aukera berriak» zabaldu direla uste du Sonia Perez Jaurlaritzako Turismo sailburuak, eta aukera horiei etekina ateratzeko «Euskadi oso ondo kokatuta» dagoela. Halaxe esan du Onda Vasca irratian, gaur. Udako sasoia ia galdutzat ematen zuten sektoreko eragile askok, eta sailburuak berak ez zuen espero flotagailu handirik, harik eta Europako atzerritarren joan-etorriak arautzeko akordioa egin duten arte, eta koronabirus izurriaren datuak hobetzen hasi diren arte.

«Aurreikuspen hobeak» ditu Turismo Sailak orain, «irekitze handiagoa» gertatzen ari delako azken asteetan; «albiste oso onak dira», esan du Perezek; «jarduera lehenbailehen leheneratzen laguntzen du horrek, eta, gainera, negozioak berme guztiekin zabaltzen ari dira». Perezek uste du protokoloak «zorrotz» aplikatzen dituztela merkatariek, eta horrek «segurtasun handia» eskaintzen diela bezeroei kontsumitu dezaten.

Turismo sailburuak onartu du «oso kolpe gogorra» hartu duela sektoreak, eta negozio batzuek itxi egin behar izan dutela, baina orain «duela bi aste aurreikusten ez zen egoera bat» dagoela, eta ez dela alferrik galdu behar. Ekonomia aktibatzeko urratsak egiten ari direla ere gaineratu du: «Kontsumitzeko gogoa dago, kalera ateratzeko, dendetara joateko».

Helburua: gertuko turistak erakartzea

Perezek badaki orain egun batzuk «etsigarria» zela panorama turismoari begira, baina uste du «azken egunetako albiste batzuek» atea ireki dutela uda sasoia txukuntzeko. Atzerriko turismoa uztailetik aurrera aktibatzea espero du sailburuak; «albiste ona da». Ez du esan atzerritarrak itxialdi gogor batean egon den herrialde batera sartzeak kezkatzen ote duen koronabirusari begira. Aitzitik, urruneko turisten konfiantza berreskuratzea «zaila» dela uste du. «Turismoak segurtasuna behar du irteera lekuan eta helmugan; horregatik, lan egin dezagun barne turismoari begira bitartean, tokiko helmugekin». Izan ere, Perez sailburuak baieztatu du «konfiantza handiagoa» ematen duela gertuko turismoak, «gure protokoloek, gure segurtasun neurriek».

Hori dela eta, garbi esan du Turismo Sailaren apustu handiena «barne turismoaren aldekoa eta beste erkidego batzuen aldekoa» izango dela, eta kanpaina zehatzak egingo direla, «egun bateko egonaldiak edo bikoak» sustatuz, etxetik ateratzeko, «baina etxetik atera gabe». Itxura batean, kanpaina jakin horren leloa hitz horien jolasa izan daiteke. «Jendeak bidaiatzeko gogoa duelako, baina urrutira joan gabe». Sailburuak esan du herritarren erdiek baino gehiagok esan dutela nahiago dutela gertu geratu, «helmuga seguruetan». Bada, Turismo Sailak, Mediterraneo aldera joaten diren euskal herritar asko erakartzeko esperantza dauka aurtengo udarako, «jendetzarik ez dagoen eremuetara».

Esan du testuinguru horretan Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak oso posizio ona dutela «aukera berriak» beren alde jartzeko, «top 10 zerrendaren barruan daudelako»; Espainiako Estatuari erreparatzen dio «top 10» zerrenda horrek. «Ez gara eguzkia eta hondartza turismoaren ordezkari, baina ezaugarri jakin batzuk ditugu beste erkidegoetako turistak erakartzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.