Koronabirusa

Turismoaren argazki negargarria

Turismotik bizi diren enpresek eta langileek aspaldian dakite Aste Santua galdu dutela; sektorearen benetako kezka da koronabirusak zirrikiturik utziko ote duen urte osoan susperraldi txiki baterako.
Donostiako Udalak jarri eta kendu zuen kartel turistikoa, Miramar jauregian, iazko otsailean.
Donostiako Udalak jarri eta kendu zuen kartel turistikoa, Miramar jauregian, iazko otsailean. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2020ko apirilak 5

Turismoa zendu da, eta Lazaro bezala zutiturik berriro ere pausoak emateko gai izango ote den jakitea baizik ez zaie geratzen sektoreko eragileei. Nekez aurkitu ahal da koronabirusak kalte handiagoa egindako alor bat. Pertsonen mugikortasuna dakar ezinbestean turismoaren jarduerak, eta hain zuzen mugikortasunari egiten ari zaie gerra munduko agintariak, birus kutsakorrak ez dezan izan hedatzeko modurik.

Aste Santua ate joka ari da, baina inork ez du entzuten oporretarako deirik. Turismoarekin lotutako ekonomiak galdu egin du udako sasoiaren atariko emankor hori, egun gutxian jarduera bizia ematen zuena, hala kostaldean nola barrualdean, landa turismo etxeetan esaterako. Oraintxe aditzen den gauza bakarra da egoera zuzentzeko ezintasuna urte osora luzatzeko beldurraren aldaba-kolpea. Euskal Herriko hiri eta herri bisitatuenen kaleak eta plazak bakardade apokaliptiko batek estali ditu, eta isiltasun antzu horretan turismoaz bizi diren milaka euskal herritarrek kezka bat dute jira-biran buruan: Zenbat iraungo du honek? Udako sasoian suspertuko al dira turisten joan-etorriak? Kontsumitzeko gogoak? Aukerak?

«Krisiaren hasi-hasieratik, alarma egoera ezarri aurretik ere, turismoa bete-betean jo du arazo honek. Erreserbak jaisten hasi ziren, eta bidaia agentziak asko nozitzen ari dira egoera. Finean, turismoa izan da kolpea jaso duen lehen sektorea. eta azkena izango da krisitik ateratzen». Eusko Jaurlaritzako Turimo sailburu Sonia Perezek epelkeriarik gabe azaldu dio BERRIAri alorrak bizi duen koma. Bihar bertan batzar telematiko bat egingo du sektoreko patronalekin, muturreko egoera aztertu eta erabakiak hartzeko, betiere «ahal denean» turismoa biziberritzeko erabakiak har daitezen.

Perezek esperantza pixka bat badu ostalaritzari eta komertzioari dagokienez. «Konfinamendua bukatzen denean, badakigu faseka berreskuratu beharko dugula normaltasuna, baina halako euforia bat egon daiteke kontsumitzeko, eta horrek mesede egin diezaioke ostalaritzari». Turismo handiak, ordea, atzerritar jarioarenak, beste zerbait beharko du martxan jar dadin atzera: «Konfiantza giroa berritu».

Izan ere, atzerritik datozen bisitarien emaria eten egin da, eta ez da berehala berreskuratuko. «Kontsumo ohiturak zenbateraino aldatu diren ikusi behar da. Seguruenera, jendeak ez baitu izango buruan bidaia luzeak egitea. Koronabirusaren aurretik eta ondoren muga argi bat ezarriko dela uste dut; segurtasunari begira, esaterako».

Turismoaren garrantzia

Turismoak pisua hartu du azken urteotan Hego Euskal Herriko BPGan, eta dagoeneko %6tik gora ordezkatzen du; Gipuzkoan %7tik gorakoa da, eta %11tik gorakoa Donostian. Lapurdin, are garrantzi handiagoa dauka Miarritze buru dela. Edonola ere, alorrak ez du kalitatezko lanpostu asko ematen, baina enplegu ugari sortzen du, eta begien bistakoa da aurten milaka enplegu galduko direla sektorean; kontuan hartu behar da turismoari lotutako hamar enplegutatik bat bakarrik dela finkoa. Horrek erraztu egingo du enplegu galera.

Hala ere, Perez sailburuak ez du galdutzat eman nahi udako sasoia. «Barrualdeko turismoak, landa gunekoak, adibidez, eduki dezake uda txukun bat. Hiriko hoteletan erreserba asko galdu dituzte, baina landa guneetan ez hainbeste». Azken finean, COVID-19aren arazoaren «iraupenak eta sakontasunak» erabakiko dute sektorearen patua aurten, Perezen arabera. Eta barne kontsumoaren flotagailuari erreparatzen dio berriro: «Gure lurraldean barna mugitzen bagara, eta gertu daudenak gehiago etortzen badira, baliteke udatik aurrera pixka bat piztea sektorea, eta ostalaritzak eta komertzioak nabaritu dezakete hori».

Sailburuak mezu baikor bat ere eman nahi die atzerriko turismoarekin lotutako zerbitzuei; esaterako, hotel handiei: «Ez dira bertan behera utzi bidaia guztiak. Bidaien datak aldatzeko bonua ideia ona izan da, eta oraindik ikusteko dago zer gertuko den, irailean, esaterako».

Baina gaur-gaurkoz zerraldo daude. hala hotelak nola ostalaritza, Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko kudeatzaile nagusi Hector Sanchezek aitortu duen moduan. «Bagenekien konfinamendua luzatuko zutela, eta aurretik esanda dago: jarduera zero izango da Aste Satuan». Eta udan zer? Bada, Sanchezek aukeraren bat ikusten du urratsak egiteko, baina erantzunik gabeko galdera asko daudela dio. «Italiak ostalaritza jarri du azken lekuan neurriak bertan behera uzten hasten direnerako. Badakigu zer datorkigun hemen ere. Azkenak izango gara jarduera berreskuratzen». Ahal duenean, jendeak gogo bizia izango du kontsumitzeko, Sanchezen ustez, baina horrek ez die egingo mesede denei: «Tabernek nabarituko dute, baina jatetxeek erronka handiagoa dute, bazkari handiak-eta igual ez direlako hain erraz egingo. Ikusteko dago, gainera, udazkenean birusa berrindartu daitekeen ala ez, eta zuhurrak izan behar dugu har daitezkeen neurri berriekin».

Enplegu galera handia

Okerretik okerragorako bidaia horretan, Hector Sanchezek hotelak jarri ditu azken geltokian. «Konfinamendua kendu eta bidaiatzeko baimena dagoenean, hotelek okupaziorik ez dute izango, erreserbarik gabe kasik, eta ikusi beharko da atzerrira bidaiatzea libre izango den, gainera. Nazioarteko turismoa aurten goitik behera eroriko da, argi dugu». Sanchezek uste du jendea, oro har, ez dagoela prest psikologikoki bidaia luzeak egiteko. «Gutako zenbat joango gara aurten Txinara, Thailandiara eta abar? Bada, atzerritarrek berdin-berdin. Herrialde bat segurua dela esaten badigute ere, ez gara hain erraz joango». Atzerritar asko etxean geldituko direla uste du Bizkaiko ostalarien bozeramileak, eta egin beharreko bidaia hori ez dutela egingo amesgaiztoa erabat pasatu dela ikusi arte.

Barruko turismoaren eboluzioa aztertzen hasita, Perez Turismo sailburuaren iritzi berekoa da Sanchez. «Egoera honek kalte egingo du, hein batean, baina udako sasoian agian piztuko da zerbait».

Eta horrek guztiak zer ekarriko duen negozioen bilakaerari begira? Begien bistakoa dena: asko eta asko itxi egingo direla, jarduerarik ezak diru sarrerak etengo baititu. «Etorkizuna oso iluna da epe motzera eta ertainera. Hondamendia izan daiteke egoera azaltzeko hitzik egokiena. Suspertzea zaila izango da, eta administrazioak laguntza handiak eman beharko ditu sektoreak zutik euts diezaion gutxiengo egitura bati. Garbi baitago krisia hasi aurretik sei langile zituen negozioak agian birekin egin beharko duela aurrera, jarduera izugarri txikituko delako». Hori gertatuz gero, aldi baterako erregulazioen bidez emandako laguntzak itzuli egin beharko dituzte enpresa txikiek, eta muturreko egoera ugari izango direla uste du Sanchezek.

Baina sektorearentzat lehen-lehenena da oraingo itxialdia atzean uztea, «eta lehenbailehen». Zenbat eta gehiago iraun orduan eta zailagoa izango baita negozioak bideragarri izatea gero. «Nahiko nuke huts egin aurreikuspenean, baina hoteletan ere enplegu asko dago zintzilik, eta aldi baterako erregulazioen ostean, bestelako erregulazioak ikusiko ote ditugun zalantza handia dago oraintxe bertan».

Bigarren etxebizitzak

Baikortasunerako arrazoi gutxi dago, beraz, baina bat edo beste bada udari begira. Kostaldeko udalerri turistikoetan ezin da baztertu jarduera handia egotea; oso urriti joan gabe, bigarren etxeak dituztenek egun gehiago egingo baitituzte Euskal Herrian. Bakioko (Bizkaia) alkate Amets Jauregizarrek aldagai hori nabarmendu du. «Guk ez dugu herrian hotel handi askorik, baina bigarren etxe asko daude; Bilbotik eta ingurutik etortzen dira, eta udan espazio publikoan ibiltzeko gura handia egongo dela uste dugu». Bakioko Udalak bilerak egingo ditu merkataritza txikiarekin, sektorearen ezinegona jasotzeko eta ahalik eta ondoen bideratzeko martxan jarriko diren ekimenak, sektorea biziberritu dadin lehenbailehen.

Bakioko bizilagunek osasun krisia dela-eta dituzten arazoetan jarri du lehentasuna Jauregizarrek, eta onartu du «zaila» dela aurreikuspenak egitea, «baina Bakioko turismoa etxekoa» dela. 2.700 biztanle ditu Bizkaiko herri horrek, eta udan, berriz, 12.000 biztanlera igotzen da kopurua. «Ez dira alemanak, eta aurtengo udan ere jende uholde horren zati handi bati eutsiko diogun esperantza daukagu». Onartu du 2020koa ez dela uda ona izango, baina espero du ostalaritzarentzat ez izatea desastrea ere.

Bakioren adibideak balio dezake Zarautz, Lekeitio, Hondarribia, Donibane Lohizune eta beste hainbat eta hainbat udalerrirentzat. Den-denak ez du zertan txarra izan, turismoaren koadroan beltza den arren kolore nagusia.

Handizkako tour agentziek oso ondo dakite zein den egoera Aste Santuaren atari honetan. «Oraintxe gure lan nagusia da eroritako bidaia askoren gorabeherak konpontzea», dio Cristina Hermosillak, Catai handizkako bidaia agentziaren penintsula iparraldeko ordezkariak. «Guk urrutiko bidaiak saltzen ditugu: Laponiara, Polinesiara, Afrikako safarietara, Japoniara... Horrelako bidaiak tarte handiz prestatzen dira, eta oraintxe geldirik dago dena». Catai da Txinara turista gehien bidaltzen duen konpainia Euskal Herrian. Hegaldiak eten direnetik jokoz kanpo geratu dira, noski. «Etortzen diren turistekin gogoratzen gara beti, eta ez kanpora joaten direnekin. Bada, aberastasun handia sortzen dugu negozio horrekin, bidaia agentzien bidez, esaterako. Orain arriskuan daude asko eta asko».

Hala ere, Hermosillak badu arrazoi bat baikortasunerako, eta itxialdiak eragin dezakeen hausnarketa batekin dauka zerikusia. «Arazo ekonomiko bat daukagunean, oporrak dira baztertzen diren gauzen artean lehenetako bat, ados; baina, bidegurutze sakon batera iristen garenean, adibidez heriotza bat edo antzeko zerbait, ohartzen gara zein garrantzitsua den ametsak betetzea, beti egin nahi izan dugun hori egitea, alegia. Bada, uste dut itxialdi honek horrelako efektu bat eduki dezakeela jendearengan, sakona baita gertatzen ari dena». Eta horrek jendea bultzatuko luke bidaia luzeak egitera, edota beti gerorako gorde dituen proiektu horiek betetzera; kontsumitzera, alegia.

Ahal denean, noski. Errebote fektuaz ari baita Cataiko ordezkaria; badaki luze joko duela abagunea irekitzeak amets zahar horiek bete daitezen. Aurtengo udaren hondarra aipatu du, dena den, bidaia agentziak martxan jartzeko sasoi gisa. « Udazkena hor dago, eta ikusiko dugu nola gauden ordurako, baina ezin da baztertu gutxika pizten joatea».

Ezkortasunerako arrazoiak, ordea, gaur-gaurkoz gehiago dira arrazoi baikorrak baino turismoarentzat, dena baita ziurgabea.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Pertsona batzuk maskararekin pasa den astean, Orion (Gipuzkoa). ©Jon Urbe / FOKU

Getariako Udalak, hiru kasuren berri eman, eta Osasun Sailaren jarrera salatu du

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eskatu diote zuzenean emateko egon daitezkeen positiboen berri eta hartzeko herritarrak babesteko hartu beharreko neurriak. Azpeitiko (Gipuzkoa) Udala ere kezkatuta dago.

Jendea maskara jantzia duela, lehengo astean, Gasteizen. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Beste 33 positibo atzeman dituzte; horietako 11, Bilbon

Arantxa Iraola

Esan dute ez dagoela motiborik Bizkaiko hiriburuan agerraldi bat dagoela adierazteko. Espainiako Gobernuak plan berri bat atondu du epidemiari aurre egiteko irizpideekin; erkidegoei aurkeztu die.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna