Koronabirusa

Indurain: «Osasun sistemak tentsio handia izan du, baina kolapsora heldu gabe»

Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian, Carlos Artundok ohartarazi du egungo egoera ona izan arren egun batetik bestera dena alda daitekeela berriro: «Sektore batzuetan zabaldu da krisia gainditu egin den ideia, eta hori ez da horrela. Egoera ez da egonkorra. Ezin dugu bermatu zer gertatzera doan, ezta udan ere».

MInutu bateko isilunea gorde dute agerraldia hasi aurretik. PARLAMENTUA
joxerra senar
2020ko maiatzaren 27a
14:27
Entzun

Otsailaren 29an Nafarroan lehen kasu positiboa agertu zenetik gaurdaino, pandemiak eragin duen guztia hartu dute hizpide gaur Parlamentuan: Nafarroako Gobernuak eman duen erantzuna, osasun sistemak egin behar izan duen berregokitze azkar eta handia, zahar etxeetako erantzuna, detekzio sistema, hemendik aurrerakoa... Atzera begiratzean, Santos Indurain gobernuko Osasun kontseilariak nabarmendu du irakaspenak ateratzea ezinbestekoa dela aurrera begira. «Osasun sistemak tentsio handia izan du, baina ez da kolapsora heldu».

Osasun batzordearen bilera berezia izan da. Osasun departamenduko agintariek zein parlamentariek bideokonferentziaz egin dute agerraldia. Indurainen alboan, Carlos Artundo osasun zuzendariak hitz egin du; funtsezkotzat jo du gertatukoaren kontakizun bat egitea oraindik orain pandemiaren erdian daudelako eta nahikoa perspektiba ez delako, baina eraikitzen ari den kontakizunak «partekatua eta ez-aldebakarrekoa» izan behar duelakoan dago. «Oraindik ez dugu nahikoa distantziarik hartu; hala osasun zerbitzuak nola agintariak akituta gaude, eguneko eskariei erantzuten». Artundok uste du gaizki eta ongi egindakoetatik ikasi behar dela etorkizunean hobeto prestatuak egoteko.

Arlo negatiboari begira, Artundok uste du ez zeudela prestatuta. Haren ustez, gutxietsi egin da globalizazioak eta aldaketa klimatikoak erraztu eta indartu egin dituztela halako pandemiak zabaltzeko faktoreak. Horrekin batera, protokoloak etengabe aldatuz joan dira, eta, osasun sistemak egokitzeko malgutasun handia izan badu ere, nahasmena eragin du, ezagutza aldatzen joan delako. Ezagutza zientifikoa aldatuz doa, baina ezagutzen ez dena muga bat izan daiteke: «Unean uneko ezagutza dugu, eta denboran ikasten eta ezagutzen joaten garena oraindik orain ez da erabatekoa. Birusari buruz oraindik ez dugu gauza asko ezagutzen». Sintomarik gabeko pertsonekin gertatutakoa jarri du adibide gisa.

Osasun materialarekin gertutakoa ere akatsen artean jarri du, horrek profesionalen segurtasunerako izan duen arriskuarekin. Aringarri gisa, gogorarazi du ezagutzen dituen herrialde guztietan gertatu dela material eskasia eta nazioartean material hori lortzeko ezintasuna. Testekin eta PCRekin ere egindakotik ikasi egin behar dela deritzo. «Ez da elkarri harriak botatzeko eta ardurak argitzeko, hurrengoan eragina arintzeko baizik»

Artundok, halaber, Nafarroa bigarren fasean izanik, gizartean eta erakundeetan gauza amaitutzat jo daitekeen ideiaz ohartarazi du. «Sektore batzuetan zabaldu da krisia gainditu egin dela eta hori ez da horrela. Datuak direnak dira, bere eragina ez da nabarmena, baina hori ez da errealitatea. Egoera ez da egonkorra. Ezin dugu bermatu zer gertatzera doan, ezta udan ere». Latinoamerikan, kasurako, beroa izanik ere, kasu ugari daude orain. Horregatik, irakaspenen artean jarri du herriko festekin zer egin eztabaidatzen ari den honetan, adibidea ematea: «Kontakizun partekatu honetan, gizarteak, erakundeek eragile guztiek berriro ere herritartasun irakaspen bat eman behar dute, baina ez soilik Nafarroari edo estatuari begira, baizik eta nazioartera begira. Sanfermietako jaiek duten eraginagatik. Elkartasun lezio bat eman behar dugu».

Indurainek, agerraldiaren hasieran, bi hilabeteotan osasun sistemak egin behar izan duen moldaketaren berri eman du. Egin behar izan diren aldaketa, kontratazio, material hornitze eta gainerako inbertsioek 18 milioi euroko kostua izan dute orain arte. Atzo arte, 47.775 PCR egin dira, eta 43.841 test azkar. Halaber, osasun arloko langileen artean 1.400 kontratazio egin dira. Kutsatzeak atzemateko sistemaren inguruan, aurreratu du egun estrategia dela ustezko kasuei eta euren ingurukoei PCR probak egitea. Indurainen arabera, ustezko kasuen %85ei 24 ordutan egiten zaio azterketa.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.