Gaztetxoentzako aldizkari interaktibo bat sortu dute auzolanean

PDF formatuan zabaldu dute, eta 3-12 urte arte dituztenentzat ilustrazioak, narrazioak, denborapasak eta liburu, disko eta ikus-entzunezkoen gomendioak eman dituzte, konfinamendu garaia arintzeko.

Aldizkariaren azaleko detailea. BERRIA
2020ko maiatzaren 29a
13:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Basaburuko (Nafarroa) Pulunpe aldizkariaren jiran lanean ari zen talde bati otu zitzaion ideia: konfinamendu garaian beharra sentitu zuten gaztetxoentzako edukiak sortzeko.

Lehendik Pullunpetto gehigarria kaleratzen aritua zen talde bat hiruhilero, eta haren ekinbidez hasi ziren ideia ontzen. Sergio Biurrun, Oskar Sada eta Lander Arroiabe ibili dira koordinazio lan horietan.

Auzolanerako deia egin zuten, eta ia hogeita hamar bat lagun nahasi dituzte proiektuan. Xomorro izena du aldizkariak, eta era askotako edukiak biltzen ditu: narrazioak, Motxila 21 taldekoekin egindako erreportajea, ilustrazioak, denborapasak, jolasak, gomendioak...

Calameon jarri dute PDFa, eta euskarriak badu berezitasun bat: interaktiboa da. Atal batzuek estekak dituzte, bideoetara, asmakizunetara... Hartara, gaztetxoak entretenitzeko baliabide bat eskaini nahi izan dute.

Duela hilabete-edo hasi ziren lanean, eta nahi baino gehiago luzatu zaie argitara ateratzea. Koordinazio lan handia izan da, hainbeste jenderen lanak biltzea, eta musutruk aritu dira bestalde. Halaxe eskaini dute orain, debalde. Eta konfinamendua arintzen ari bada ere, gaztetxo askok eta familia askok estimatuko dutela iruditzen zaie.

Gustura daude emaitzarekin. Euskaraz sortu dute, euskaren "periferiatik", haien esanetan, eta gustura daude emaitzarekin. Momentuz ale bakarra izango du Xomorro honek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.