Erregulazioa

Erregulazioen sariak osatzeko funts bat sortzea proposatu du ELAk

Aldi baterako erregulazioan daudenen soldatak %100 bermatzeko eskatu du, 1.200 eurotik beherako soldatetan

Langile bat Lanbideko bulego batera joaten, egunotan. JUAN CARLOS RUIZ /FOKU
xabier martin
2020ko ekainaren 1a
13:26
Entzun

ELA sindikatuak gogoratu du, ohar baten bidez, azken hilabete eta erdian ekoizpen arazoen eraginezko erregulazioak askoz gehiago izan direla ezinbesteko arrazoiekin lotutakoak baino. "Egungo jokalekuan, jadanik osasun krisia krisi ekonomiko bihurtu den honetan, erregulazio arruntak osatzeko funts bat sortzeak Euskal Herrian milaka lanpostu mantentzen lagunduko luke". Edonola ere, ELAk argi dauka enpleguaren aldeko politikak behar direla, eta, horretarako, "ezinbestekotzat" jo du "sindikatu guztien, patronalaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean akordio bat lortzea". Sindikatuak "berehala" jarri nahi du martxan itun hori: "Ezin dugu hauteskunde politikoen zain egon, orain galtzen ditugun lanpostuak ez ditugu-eta ondoren erraz berreskuratuko".

Mitxel Lakuntza idazkari nagusi duen sindikatuarentzat, funts bat sortu behar da, hiru elementuren inguruan: "Erregulazioan egongo diren langileen soldatak osatu behar dira, bereziki soldatarik apalenak. 1200 eurotik beherako soldatak %100ean osatu beharko lirateke; 1.500 eurotik beherakoak, %90ean; eta hortik gorakoak, %80an, 400 euroko gehienezko ekarpenarekin. Proportzio berean erregulazioan zehar enpresek ordaindu beharreko kotizazioak osatzea eskatzen dugu". Horrez gain, ELAk dio enpresek bermatu beharko luketela kotizazioetan laguntzak jasotzeko enplegua mantenduko dutela, "bereziki behin-behineko langileen lanpostuak". Eta funts hori finantzatzeko sozietate zergan "errekargo bat" egin dadila eskatu du. "Hau da, enpresen irabazien bitartez bermatu dadila enpresen bideragarritasuna eta enplegua mantentzea".

Patronalaren inplikazioa

ELAren ustez, azken eskaera horretan dago akordioaren gakoa, akordioa ez baitu ulertzen "patronalaren inplikaziorik gabe". "Proposamen horrek lehen urratsa izan behar du enplegurik ez suntsitzeko. Horrekin batera produkzio eredua gidatzeko estrategia publiko sakona behar dugu. Bizitza erdigunean kokatuko duen sistema ekonomiko bat, pertsonen beharrei erantzungo diena, eta, horretarako, ezinbestekoa da lanpostuak suntsitu beharrean enpresak eraldatzea". Neurri horiekin batera langabezian izango direnentzako laguntzak aldatu behar direla uste du ELAk, "pobrezia ekiditeko eta bidean inor gera ez dadin".

Erabakiak hartzeko momentua dela azpimarratu du sindikatuak. "Alderdi politiko guztiei ausardia eskatzen diegu horrelako proposamen zehatzei buruz hitz egin ahal izateko elkarrizketak martxan jar daitezen eragile guztiekin".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.