Albistea entzun

Oporrak Euskal Herrian

Goierri, Idiazabal lurraldea eta natura

Euskal Herriaren erdigunean dago Goierri eskualdea. Bertako naturak, betidaniko gastronomiak eta mendeetako historiaren ondarea jasotzen duen kulturak harridura eragiten die egiazko Euskal Herria ezagutu nahian hona hurbiltzen diren bisitariei. Naturan jarduera ezberdinak egiteko lurralde aproposa da.

Ordiziako azoka.
Ordiziako azoka. GOITUR

Goierri, Bikaintasuneko Helmuga Europarra (EDEN, European Destinations of Excellence) da 2015. urtetik; Europar Batasunak turismoaren garapen jasangarriaren alde egindako apustua nabarmentzeko emandako saria da, hain zuzen ere.

18 udalerrik osatzen dute Goierri eskualdea, Beasain, Ordizia eta Lazkao izanik herririk ezagunenak eta biztanlerik gehien dutenak. Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñea hiriekiko hurbiltasunak, ostatu eta jatetxeen aldetik dagoen eskaintza ezin aberatsagoak eta destinoaren egiazkotasunak leku aproposa bilakatzen dute 3-5 egun bitarteko ihesaldiak egiteko.

Gastronomia, natura eta kultura dira Goierrik dauzkan hiru erakarmen iturri nagusiak, kirolzaleak, eguneroko bizimodutik aldendu eta leku lasai batean gozatu nahi duten bikoteak eta Donostia inguruko landaguneak ezagutu nahi dituzten turistak txunditzen dituen eskualdea osatzeraino.

 

 

Gastronomia: Idiazabal lurraldea

Latxa arrazako artalde bat. Latxa arrazako artalde bat. GOITUR

Idiazabalgo gaztak ospe handia ekarri dio azken urteotan Goierriri, Basque Highlands eskualdeari. Produktu hori latxa arrazako ardien esne gordinarekin egiten da, mendeetako historia duen artisautzako fabrikazio metodo berari jarraituz betiere. Idiazabalgo gaztak badu bere jatorri deitura propioa, eta sari ugari jasotzen ditu urtero ospatzen den nazioarteko Cheese World Awards lehiaketa ospetsuan.

Eskualdeak aukera paregabea eskaintzen du Idiazabalgo gaztaren munduan murgiltzeko, eta horretarako hainbat bisita prestatu dira artzainen mendiko txabolak, gaztandegiak edo Idiazabalgo gaztaren Interpretazio eta Dastaketa Zentroa ezagutzeko, horietan guztietan gazta dastatuz, bertako txakolinarekin eta sagardoarekin.

Behin Goierrira etorrita, Ordiziako azoka ere huts egin ezin daitekeen bisita da, Euskal Herriko azokarik zaharrena eta garrantzitsuena, 1512. urtean hasi eta asteazkenero, bakar bat ere galdu gabe, egiten dena. Inguruko baserrietako ekoizleak astero-astero jaisten dira azoka horretara, bertako produktuak saltzera. Halaber, d´Elikatuz Goierriko interpretazio zentroak bisita gidatuak antolatzen ditu bertako sukaldari batekin azokara, urte-sasoi bakoitzean garaiko produktuekin osatutako errezetak proposatuz, gero showcooking moduko sukalde saioetan prestatzeko.

Basque Highlands eskualdeko eskaintza gastronomikoa osatzera datoz eskualdean urte osoan zehar egiten diren azoka gastronomiko desberdinak eta baita Elikadura eta Gastronomiaren Interpretazioko Zentroa den d'Elikatuz ere.

Natura: Basque Highlands

Herritarrak ibilibide bat egiten. GOITUR

Goierri eskualdea Aizkorri-Aratz eta Aralar parke naturalen artean dago kokatua. Bi parkeek Interpretazio Zentro bana daukate, Zegaman eta Lizarrustin (Ataun) kokatuak eta bertan ematen dira ezagutzera Parke Naturaletarako sarbideak eta irizpideak, eta baita bertan egin daitezkeen jarduerak ere; besteak beste, mendi ibilaldiak, eskalada, mendiko bizikleta, bertako bidegorrietan barrena murgildu edo paisaiaz gozatu besterik gabe bi parke naturalak ibilgailuan zeharkatuz.

Garrantzi handiko kirol proba ugari egiten dira Goierriko Parke Naturaletan, hala nola Zegama-Aizkorri eta Ehunmilak-Ultratrail.

Mendi ibilbideak gustuko dituen jendearentzat badira bi ibilbide bikain Basque Highlands eskualdean: Gaztaren Bidea bata eta Bide berdea bestea. GR-283 edo Gaztaren Bidea, Aralar eta Aizkorri-Aratz Parke Naturalak zeharkatzen ditu, normalean sei etapatan egin ohi den 100 kilometroko ibilbidea osatuz, eta Idiazabal gaztaren fabrikazio prozesuaren sekretu guztiak ezagutzeko modua eskaintzen du, gaztandegietan eta gazta egiteko prozesuarekin lotutako beste leku batzuetan geldialdiak eginez.

Bide berdeak, berriz, Mutiloa eta Ormaiztegi herriak lotzen ditu, familia osoarentzat bereziki gomendagarria den 4,2 kilometroko ibilbidea osatuz. Bidean umeentzako orientazio joko bat dago, eta Zeraingo Aizpeako meatzaritza gunea ezagutzeko aukera ere badago. Ibilbidea egiteko mapa Ormaiztegiko turismo museoan har daiteke, Zumalakarregi museoan.

Euskal Herriko eta Espainiako estatuko lehenengo Trail estazioa Goierrin kokaturik dago eta ondoko Tolosaldea eskualderaino iristen da: maila guztietako ibilbideak daude mendi korrikalarientzat seinaleztatuta eta prestatuta. Segura eta Zegamako herrietan, zailtasun ezberdineko 6 orientazio ibilbide finko daude; familiartean egiteko jolas edo jarduera ezin hobea da orientazioa.

Kultura: Euskal Herriko bihotza

Saturdi ermita, Aralar Parke Naturalean. GOITUR

Euskal Herrian kulturaren aldetik garrantzi handiko lurraldea da Goierri eskualdea. Donejakue Bideak eta Errege Bideak alderik alde zeharkatzen dute bere geografia, interesgunez josia, pertsonaia historikoei eskainitako museoek, Interes Kulturaleko Ondasuntzat aitortutako monumentuek, edo Ordizia eta Segura bezalako Erdi Aroko herriek erakusten duten bezala.

Eskualdeko kulturaz ongi jabetzeko, hurrengo 6 leku hauek bisita daitezke:

Barandiaran museoa: Ataunen dago. Joxemiel Barandiaran euskal kulturaren patriarkaren omenezkoa (museoa mitologiari eskainia dago).

Igartza monumentu multzoa: Beasainen dago. Bertan ikusteko modukoak dira jauregia, errota, burdinola, zubia, gurutzea... taloak egiteko tailerrak ere antolatzen dira bertan.

Erdi Aroko Interpretazio Zentroa: Seguran dago. 1256. urtean sortutako herri honetan kokatua, Erdi Aroko bizimodua erakusten du Ardixarra etxeak.

Zumalakarregi museoa: Ormaiztegin dago. XIX. mendeko Euskal Herriko historiari gainbegirada ematearekin batera, Tomas Zumalakarregi jeneral karlista eta Migel haren anaia politikari liberalaren bizitzak erakusten ditu.

Zeraingo Paisaia Kulturala: Museo etnografikoak, garai bateko zerrategi hidraulikoak, kartzelak eta artisautzako denda batek osatzen dute.

Aizpeako meatzaritza gunea: Zerainen dago. XIX. mendean ustiatzen zen meatze zaharra eta bertako galeriak bisita daitezke.

Barruko Donejakue bidea esaten zaiona Goierrin barrena doa, eta errege bide bilakatuko da eskualde hau zeharkatzean: San Adriango tunelak eta Basque Highlands eskualdeko mendiek bide osoko zatirik ikusgarrienetako bat bihurtzen dute etapa hau. Horrexegatik, 2015. urtean Gizateriaren Ondare aitortu zuen Unesco erakundeak Iparraldeko Donejakue bidea, eta bideko mugarri, berriz, San Adriango tunela.

Datu interesgarriak

Goierri eskualdean egun eder batzuk igarotzeko, mota guztietako ostatuak aurki daitezke. Halaber, gastronomia alorrean, jatetxe, erretegi, sagardotegi, gaztandegi, gozotegi eta abarreko eskaintza zabala dago.

Informazio gehiago nahi izanez gero, www.goierriturismo.com webgunea kontsulta daiteke. Halaber, sare sozialetan ere lor daitezke argibide guztiak: Facebook (@Goierriturismo), Twitter (@GoierriTurismo) eta Instagram (@Goierriturismo) bidez, hain zuzen ere.

 

Albiste gehiago

Eraldaketa digitala. ©OREKA IT

Eraldaketa digitalaz eta desagertu egingo diren enpresez

Oreka IT

Gaur egun ezagutzen dituzun enpresen erdiak baino gehiago ez dira existituko hamar urte barru. Zeintzuek iraungo duten antzemateko gakoak askotarikoak eta lausoak dira, baina badaude argi ikusi daitezkeenak ere, digitalizazioa adibidez.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Goitur

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.