Zaintza lanak publifikatzeko eskatuko du Eskubide Sozialen Gutunak

Hilaren 19an manifestazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta herri batzuetan, goizez eta arratsaldez.

Garbiñe Aranburu. eta Mitxel Lakuntza, gaur, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko ekainaren 10a
12:17
Entzun

Ekainaren 19an kalera ateratzeko deia egin du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak. Publikoa eta funtsezkoa zaindu, aberastasuna banatuz. Lehenik bizitza! leloa aukeratu du hainbat sindikatu eta gizarte talde biltzen dituen erakundeak. Mobilizazioak goizean eta arratsaldean izango dira Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, eta arratsaldean antolatuko dira beste herri askotan ere.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak eta Garbiñe Aranburu LABekoak aurkeztu dituzte mobilizazioak, gaur goizean, Donostiako Egia auzoko plaza batean.

Azaldu dutenez, zazpi aldarrikapen plazaratuko dituzte datorren asteko mobilizazioan.

Lehenik, zerbitzu publikoak garatzea nahi dute. Horretarako, uste dute aukerarik onena dela zaintza lanak eta haien zerbitzu osagarriak publiko egitea. Zahar egoitzak, eguneko zentroak, aniztasun funtzionala dutenentzako egoitzak, adingabeen bizilekuak eta etxez etxeko zerbitzuak ez ezik, Eskubide Sozialen Gutunak publiko egingo lituzke osasungintza publikorako lanean ari diren zerbitzuak (garbiketa, hezkuntzako monitoreak, jantokietako langile-hezitzaileak...) eta anbulantzia zerbitzuak ere. Ildo horretatik, orain lan horietan ari diren langile guztiak subrogatzea nahi dute, eta esparru horietako lan baldintzak langile publikoaren lan baldintzekin parekatzea.

Horrekin lotuta dago bigarren eskaera ere: zaintza eredua aldatu eta jaiotzatik heriotzara zaintza bermatuko duen kalitatezko zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoa bermatzeko administrazioek 10.000 lanpostu sortzea.

Pobreziaren eta bazterketa sozialaren kontra Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan aurkeztutako herri ekinaldi legegilean (HEL) planteaturiko neurriak ere mahairatuko ditu Gutunak: DSBEa eta EBa gutxieneko soldataren %100 izatea, eta etxebizitza eskubidea.

Diru sarrerei dagokienez, bi eskaera ditu Gutunak: 1.080 euroko gutxieneko erretiroa , eta 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko gehienezko lanaldia.

Lakuntzak eta Aranburuk onartu dute aurreko neurriek gastu publikoaren handitzea ekarriko dutela, eta hori estali ahal izateko «zerga sistema berri bat» eskatu dute. Hau da, gastu gehigarri guztia errenta handien, kapital errenten eta enpresen irabazien gaineko zergen kontura izatea.

Azkenik, «administrazio egoera irregularrean eta ezkutuko ekonomian lanean ari diren pertsona guztien erregularizazioa» aldarrikatuko dute Gutuneko kideek.

Honako mobilizazio hauetara deitu dute:

Bilbo: 11:30ean, udaletxean; eta 19:30ean, Moyua plazan.

Iruñea: 11:30ean, autobus geltokian; eta 19:00an, Gaztelu Plazan.

Donostia: 11:30ean, Alderdi Ederren; eta 18:30ean, Bulebarrean.

Gasteiz: 11:30ean, Foru Plazan; eta18:30ean, tren geltokian (Dato kalea).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.