Emaitzak

Eroskik 45 milioi eurotik gorako etekina izan du 2019an

Elorrioko taldearen etekin operatiboa %18tik gora igo da, eta EBITDA hobetu du bederatzigarren urtez jarraian; 260 milioi euroak gainditu ditu (+13 milioi)  erakusle horrek; Eroskik ez du izan emaitza hoberik 2012tik.

Arrasateko Eroski saltokian bezeroak ilarak egiten, aurreko hilean. ANDONI CANELLADA / FOKU
xabier martin
2020ko ekainaren 16a
15:43
Entzun

Eroski irabazien bidera itzulita zegoen 2018an, baina zalantzak erabat uxatu gabe; 2019an, berriz, aurrerapauso nabarmena eman du etekinen bide horretan. Elorrioko kooperatibak jakinarazi du 45 milioitik gorako irabaziak izan dituela, eta etekin operatiboa %18tik gora igo dela. EBITDA erakusleak 260 milioi euroak gainditu ditu, eta hori ez zuen lortzen 2012tik; hala, ia 13 milioi euroko igoera izan du. Gainera, kooperatiba nagusiak, Eroski S. Coop.-ek, %1,8 igo ditu salmentak, eta 72,3 milioi euroko etekinak izatera iritsi da. Eroskiren osasun ona islatzen duen beste informazio gehigarria ere helarazi du banaketa enpresak: 74 denda gehitu ditu, eta sendotu egin du Zurekin eredura eraldatzeko plana: 845 saltoki baino gehiago ditu belaunaldi berrikoak. Gaur egun, Iberiako penintsularen iparraldean bigarren janari banatzailea da, %13tik gorako kuotarekin.

Atzeraldi Handiaren krisiak ataka larrian jarri zuen Eroski, eta 2009tik aurrera pilatzen hasi zen zorra muturreko egoera batera eraman zuen 2013tik aurrera. Zorraren berregituraketak eta taldearen hainbat adar eta hipermerkaturen salmentak tarteko, bidea zuzentzea lortu zuen Elorrioko zuzendaritzak, bazkideen ahalegin handia lagun. Orain, berriz, 2018an lortutako irabazien bidean urrats handiagoa ematea lortu du.

Izan ere, 45,2 milioi euroren etekinak izan ditu 2019an, eta aurreko ekitaldia hobetu du, 43,6 milioi euro gehiago irabazita. «Birfinantzaketako baldintzen balorazioak eta aktiboen balorazioaren egokitzapenak» kopuru horretan bere garrantzia dutela azaldu du Eroskik. Ildo positibo berean, etekin operatiboa bederatzigarren urtez jarraian hobetu du, 193,8 milioi eurotaraino. Eroski taldearen inoizko salmenta emaitza operatiborik onena da hori. Aldeko eboluzio horretan, zerikusia izan dute «eraginkortasuna eta produktibitatea hobetzeko» neurriek, baita sare komertzialaren «eraldaketak eta berrikuntzak».

Zorraren egoera

Eroskik 263 milioi euro murriztu du bere zor finantzarioa 2019an, eta, hala, 2010etik 1.900 milioi euro inguru murriztu du harlauza hori. 2019ko uztailean, banaketa kooperatibak hitzarmen bat egin zuen banku hartzekodunekin zorra berregituratzeko, eta baldintza hobeak lortu zituen. «Horren balorazioa behar bezala islatu da urteko kontuetan», esan du Eroskik. Errentamenduen gaineko Nazioarteko Arauan (NIIF16) izan den aldaketa 2019ko ekitaldian aplikatzeak eragina izan du bai ustiapen kontuan —finantza gastuetan eta amortizazioetan eragin du— eta bai balantzearen zor finantzarioan, alokairu kontratuetan erabilera eskubide berriak erregistratu baitira.

Zorra bridaturik duela, taldeak bere sare komertziala eraldatzen jarraitu du Zurekin eredura. Orain 845 denda baino gehiago daude eraldatuta, eta horietan saltzen ditu taldeak elikagaien %80 pasa. Horiek horrela, taldearen salmenta gordinak 5.266 milioi eurorenak izan dira, 2018an baino %2,4 gutxiago; «izan ere, hipermerkatuen alorrean azalera murriztu egin du». Elorriok nabarmendu du salmentak igo egin direla sarea eredu berrira eraldatu den eskualde guztietan.

Emaitza on horiei esker, sendotu egin du iparraldean eta mendebaldean Eroskik duen lidergoa, eta eremu horietan egin ditu sarearen eraldaketarik gehienak. Gainera, denda propioak eta frankizia erakoak ireki ditu. Zehazki, 74 denda zabaldu ditu 2019an, 61 supermerkatu, gasolindegi bat, sei bidaia agentzia eta aisialdiko eta kirolerako bost denda, baita Cash & Carry bat ere.

Sei milioi bazkide

Guztira, sei milioi dira Eroskiren bazkide bezeroak, Eroski Club, Caprabo eta Forum Sport txartelekin. 2019. urtean, Taldeak dio 308 milioi euroko aurrezpena eman diela bezeroei eskaintza eta sustapenetan. Euskal Herrian, Katalunian. Galizian eta Espainian, Asturiasen, Kantabrian, Aragoin eta Balearretan, 1.654 saltokiko sare komertziala du. Gaur egun 32.000 bazkide kooperatibistari, soldatapekori eta frankizia-hartzaileri ematen die enplegua.

Bestalde, Eroski S, Coop kooperatiba nagusiak jarraitzen du emaitza positiboak izaten azken urteetan, eta  72,3 milioi euroko etekina izan du 2019an, aurreko urtean baino 58,4 milioi gehiago. Salmentak ere 1.772 milioi eurotaraino igo dira, eta, hortaz, aurreko ekitaldia baino %1,8 gehiago da hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.