Beste hiru positibo atzeman dituzte Berako Funveran

PCR probaren bidez hamabost pertsonak eman dute positibo Hego Euskal Herrian azken 24 orduetan. Ez da inor hil.

jon ordonez garmendia
2020ko ekainaren 26a
09:40
Entzun

Berako (Nafarroa) Caveo Automotive lantegian koronabirus agerraldi bat izan da, eta atzo beste hiru positibo detektatu zituzten. Aste honetan Funvera lantegiko lau langilek positibo eman ostean, PCR probak egin dizkiete gainontzeko guztiei. 150 dira denera, eta horietatik hiruk positibo eman dute. Guztira, beraz, zazpi dira oraingoz agerraldi horrek eman dituen positiboak orain arte. Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak ez du baztertu besteren bat ere ateratzea, inkubatze fasean egon daitekeelako. Edonola ere, agerraldia "oso azkar" atzeman dutela azpimarratu du, eta PCR proba lehen 48 orduetan eginda azkar bakartu dituztela eta horiekin harreman estua izan dutenak agudo kontrolatu ahal izan dituztela. Azken hamar egunetan bi agerraldi izan dira Nafarroan, Sunbillan —horrekin lotuta daude, ustez, Berako lantegiko kasuak— eta Iruñean, baina, Indurainen esanetan, "kontrolpean" daude.

PCR probaren bidez beste hamabost positibo detektatu dituzte azken 24 orduetan Hego Euskal Herrian: sei Nafarroan, lau Bizkaian (hiru Bilbon eta bat Ortuellan), hiru Araban (Gasteizen), eta bi Gipuzkoan (Altzon). Ez da hildakorik egon. Bederatzi lagun daude ZIU zainketa intentsiboetako unitatean; hau da, bezperan baino hiru gutxiago Hegoaldean. Azken hiru hilabeteotan lehen aldiz, hamar pertsona baino gutxiago daude ZIUn, Osakidetzaren eta Osasunbidearen ospitaleetan.

Aurreko egunekoak baino hobeak dira datu ofizialak. Izan ere, atzo 23 positiboren berri eman zuten osasun agintariek. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren arabera, 3.145 PCR proba egin dituzte azken orduetan. Nafarroako Gobernuak ez du jakinarazi, ordea, molde horretako zenbat proba egin zituzten atzo.

Orion (Gipuzkoa) izurriaren agerraldi bat gertatu da azken egunetan, eta, Nekane Murga Jaurlaritzaren Osasun sailburuak atzo azaldu zuenez, Gipuzkoan erregistratuko hiru positiboek lotura zuzena zuten agerraldi horrekin. Gaineratu zuen ikertzen ari zirela ea lurraldean erregistratutako beste lau positiboek Orioko agerraldiarekin harremanik ote zuten. Efe berri agentziak Osasun Sailaren iturriak aipatuz kaleratutako informazioaren arabera, bai, lotura dute, eta, horrenbestez, agerraldi horrekin lotutako hamazazpi laguni detektatu diete gaitza. Jaurlaritzak, baina, publikoki ez du halakorik adierazi.

 Nafarroako Gobernuak, bestalde, atzo eman zuen Berako agerraldi horren berri, eta BERRIAk gaur baieztatu du enpresa horretako langileen artean atzeman dutela agerraldia. Aitor Elexpuru Berako alkateak, emaitzen berri izan aurretik, kezka adierazi dio BERRIAri, "alarmarik eta beldurrik gabe" bada ere. "Egoera batean egon gara orain arte, eta, emaitza horien arabera, baliteke egoera hori aldatzea", adierazi du. Baina Nafarroako Gobernuak adierazi dio itxura ona duela agerraldiaren eboluzioak, 150 proba eginda (gaur egin dituzte beste bi) espero zitzaketenak baino gutxiago direlako hiru positibo berri horiek.

150 langile ditu Caveoko Berako lantegiak. Aurreko egunetan positibo eman duten lauretatik, ustez, bi sunbillarrak dira, beste bat beratarra eta beste bat Irunen (Gipuzkoa) bizi den beste beratar bat. Positibo horien ondoren, atzo langile guztiei egin zieten proba. Nafarroako Osasun Kontseilaritzako langileak aritu ziren atzo langileei PCR probak egiten, goiz eta arratsalde. Berako Udaleko bi zinegotzik egiten dute lan Funverako lantegian. Elexpuruk BERRIAri adierazio dio emaitzen araberako neurriak hartuko dituztela. "Bitartean, orain arte markatu ditugun neurriekin jarraituko dugu". Agerraldi berri honek "denok kontzientziatzeko" balioko duela ere esan du.

Amets Inda Sunbillako alkatea elkarrizketatu zuten atzo ETBn, eta adierazi zuen egoera "kontrolpean" dutela, eta ez dutela pentsatzen, herenegun sare sozialietan zabaldu bezala, herria "bakartzea". Parkeek, kiroldegiak eta igerilekuek, esaterako, itxita jarraitzen dute, baina alkatearen arabera, hori ez da agerraldiaren ondorio: "Oraindik ez genuen irekitzeko erabakia hartu. Horrek ez du egunotako positiboekin zerikusirik». Elkarrizketan gaineratu zuen Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentua agerraldiaren "jarraipen zorrotza" egiten ari dela.

Joan-etorriak

Gipuzkoako eta Lapurdiko mugan egonik, Berako alkateak BERRIAri azaldu dio joan den igandean joan-etorri asko egon zirela beste bi herrialde horiekin. "Mugak ireki zituzten egun horretan, eta goizean goizetik txirrindulari asko etorri zen. Gainera, Ibardin irekita egonik, komertzioak zabalik daudenez, jende asko joan zen erosketak egitera; Iparraldeko matrikula gehiago ikusten da herrian. Eta gu ere mugitzen gara Gipuzkoara eta Iparraldera".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.