Albistea entzun

Oporrak Euskal Herrian

Gasteiz berdea

Florida parkea, Eraztun Berdea eta antzeko naturgune paregabeak daude Gasteizen, paseo ederrak egiteko, eta lasaitasunaz gozatzeko.

Florida parkea goitik ikusita.
Florida parkea goitik ikusita. GASTEIZKO UDALA

Europan biztanleko berdegune gehien duen probintzia hiriburua da Gasteiz, eta 2012ko Europako hiriburu berde izendatu zuten. Horrela, Gasteizen dauden naturgune aberatsetan, lasaitasunaz gozatu, atseden hartu, eta ibilaldi ederrak egin daitezke. Besteak beste, Florida parkean eta Eraztun Berdean. Halaber, txango interesgarri bat egin daiteke Estibalizko Andre Mariaren santutegia ezagutzeko.

Florida parkearen 200. urteurrena

Florida parkea hiriaren erdialdean dago, eta oso ederra da. 1820an sortu zen, Frantziako garaiko lorategi botaniko erromantikoen estiloan. Lorategian, 250 espezie inguru daude, eta horietako 42 ezagutzeko ibilbide botaniko bat dago, 42 zuhaitz eta zuhaixka, hain zuzen, oinetan beren izenak irakur baitaitezke. Zuhaitz aipagarri batzuk dira iratze hostoa duen pagoa, idi-bihotz arbola, intxaurrondo beltza, sekuoia, hagina, gingkoa eta HHmalaiako zedroa.

Floraz gain, faunaz goza daiteke. Hontzak, zozoak, txolarreak... Florida parkean 20 espezie baino gehiago baitaude.

Sigeriko, Liuva, Ataulfo eta Theodio errege godoen estatuak ere ikus daitezke, eta Gabonetan jaiotza erraldoia atontzen dute, tamaina naturala duten 200 figurarekin baino gehiagorekin.

Bisita gidatu bat egiteko informazioa, berriz, turismo bulegoan ematen dute, 945-16 15 98 telefono zenbakira deituta.

Florida parkea. GASTEIZKO UDALA

Eraztun Berdeko altxorrak

Eraztun Berdea hiria inguratzen duten parkeen multzoa da. Gasteizko paradisu berdea da, eta elkarren artean loturiko hainbat parkez osatuta dago, besteak beste, Salburua, Zadorra, Zabalgana, Armentia, Olarizu, eta Neberako parkea.

Salburuko hezegunean fauna eta flora espezie ugari aurkitu daitezke, Euskal Herriko hezegune kontinentalik baliotsuenetako bat da, eta Europako Natura 2000 Sarearen barruan nazioarteko garrantzia duen Ramsar hezegune gisa izendatua dago. Parkean bertan, Ataria interpretazio zentroa eta hegaztien bi behatoki daude.

Olarizuko parkean, berriz, izen bera duen muino ospetsua, larre zabalak eta hiria inguruko herriekin lotzen duten bidexkak daude, eta baita lorategi botaniko bikain bat eta Europako basoen arboretoa ere. Arboretoak 30 hektarea inguru ditu, eta Europako kontinentearen paisaia definitzen duten landaredi mota edo bioma bakoitzean existitzen diren baso motak biltzen ditu: 500 espezie baino gehiago, orotara.

Neberako parkeak (Las Neveras) Olarizuko parkearekin egiten du muga hegoaldean eta Salburuko hezegunearekin iparraldean. Toki hau funtsezkoa da Eraztun Berdeko hegoaldeko eta ekialdeko parkeak lotzeko; izan ere, Errekaleor errekak lotura ekologikoa bermatzen du, eta Las Neveras muinoa, paisaiaren aldetik hain nabarmena izanik, bisitatu beharrekoa da Eraztun Berdeko ikuspegi zoragarrienez gozatu nahi bada.

Ongi adierazita dagoen ibilbide bat dago inguru hori ezagutzeko: Errekaleor eta Las Neveras muinoa - Eraztun Berdearen eta Arabako lautadaren artean. Errekaleor errekatik hurbil pasatzen da, Arkaiatik gertu Donejakue bidearekin bat egiten du eta Las Neveras muinotik doa. Ekialdeko Arabako lautadan, hiriaren eta landaren arteko muga zehazten du muino txiki horrek. Errekaleor erreka eta Las Neveras muinoa ezinbestekoak dira udalerriko bi natura espaziorik baliotsuenen lotura ekologikoa egiteko: Gasteizko mendiak eta Salburuko hezegunea.

Zadorrako parkea izen bera duen udalerriko ibairik garrantzitsuenaren inguruan dago. Natura aldetik oso baliotsua da, eta aisialdirako eta paseoak egiteko oso aproposa.

Zabalganako parkea ere balio handikoa da natura aldetik, aisiarako leku paregabea. Parke honetan badira larreak, zuhaizti sakabanatuak, aintzirak, muinoak eta mendixkak, egonaldiak egiteko guneak, oinezkoentzako bidezidorrak eta erkametz baso natural bat, oso garrantzitsua, soroen artean bizirik irautea lortu duen baso uharterik urrienetako bat baita.

Armentiako parkea, azkenik, erkametz baso naturala da, eta hirigunearen eta Gasteizko mendien artean dago. Benetako korridore biologiko bat da. Izan ere, Gasteizko mendietako baso inguruneak, hiri inguruko berdeguneak eta hiri ekosistema lotzen ditu.

Estibalizko Andre Mariaren santutegia. ÁLAVA MEDIEVAL / ERDI AROKO ARABA

Estibalizko Andre Mariaren santutegia

Hiritik 10 kilometrora, baina udalerrian bertan, San Prudentziorekin batera Arabako zaindaria den Estibalizko Andre Mariari eskainitako santutegia dago. XII. mendeko obra erromanikoa da, hasierako gotikoaren elementuak dituena. 1931ko ekainaren 3an, kultura ondasun izendatu zuten. Santutegiaren ondoan, Arabako Arte Erromanikoa Interpretatzeko Zentroa bisitatu daiteke (www.elromanicoenalava.es).

Estibalizko Andre Mariaren santutegia ezagutzeko bisita gidatu bat egiteko, aurretik Álava Medieval / Erdi Aroko Arabaren 660-76 63 83 telefono zenbakira deitzea da onena.

Gasteizko toki horiei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, www.vitoria-gasteiz.org webgunean ontsulta daiteke.

Albiste gehiago

Txorimalo bat da bideoklipeko protagonista. ©UZTURPE IKASTOLA

Zero Kilometro

2022ko Kilometroak

Bertan eta bertako sortzaileei esker osatu ahal izan dugu aurtengo leloa, logoa eta ‘Irribarra’ abestia, guztiak zero Kilometro.

Munduko Gastronomiak Ibarran azokak herritar ugari bildu zituen herriko plazan. ©UZTURPE IKASTOLA

Ibarran bada mundu bat

2022ko Kilometroak

Guraso etorkinek osatutako batzorde bat da aurtengo Kilometroak festaren berrikuntzetako bat. Uzturpe ikastolako kideek ezinbestekotzat jo dute haien ekarpena.

Joan den martxoan Ibarran bertan egindako Kilometroak Txikia festan ateratako taldeko argazkia. ©UZTURPE IKASTOLA

Aro berriko lehen Kilometroak

2022ko Kilometroak

Egun bakarra ardatz zuen Gipuzkoako ikastolen festa atzean uzteko asmoa zegoen aspaldi. Pandemiak, alabaina, lehen saiakera zapuztu zuen; beraz, aurtengoa dugu eraberritutako ekitaldia.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Gasteizko Udala

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.