SANFERMINAK

Herritarrei «ardura» eskatu baina San Fermin eguneko mezara joanen dela berretsi du Maiak

Kanpaina abiatu du Iruñeko Udalak, gogorarazteko «aurten ez dela sanferminik izanen».

Enrique Maia alkatea San Fermineko prozesioan, artxiboko irudi batean. JESUS DIGES / EFE
Ion Orzaiz.
2020ko ekainaren 30a
12:07
Entzun

Argia da Iruñeko Udalak datozen egunetan zabalduko duen mezua: «Gogoratu, aurten ez dago sanferminik». Izenburu horrekin, kontzientziazio kanpaina abiatu dute, jendeak «arduraz, erantzukizunez eta senez» joka dezan. Enrique Maia alkateak aurkeztu du kanpaina, gaur goizeko agerraldian: «Sanfermin arraroak eta tristeak izanen dira, baina aukera dugu munduaren aurrean jokabide arduratsuaren eredu izateko».

Zehazki, zapi formadun 100.000 eskuorri banatuko dituzte Iruñean eta Iruñerriko beste zenbait udalerritan, sanferminetako egunetan bete beharreko arauekin. Hiru bideo ere zabalduko dituzte irratian, telebistan eta Interneten. Batean, osasun zerbitzuko langileak ageri dira; beste batean, 81 urteko emakume iruindar bat; eta beste batean, sanferminetako hainbat eragile: txistulariak, gaitariak, dantzariak eta La Pamplonesa musika bandako zuzendaria, besteak beste. Denetan, «erantzukizunez» jokatzeko eskatzen zaie iruindarrei: «Nahikoa da egun bakar batez arduragabeki jokatzea, egindako lan guztia alferrikako bihurtzeko». Besteak beste, «ekitaldi alternatiborik ez» antolatzeko eskatzen diete herritarrei.

Alkatearentzat, baina, ekitaldi guztiak ez dira berdinak: egoki ikusi du, adibidez, San Fermin eguneko meza egitea. Are: kazetarien galderei erantzunez, berretsi du joateko asmoa duela. «Gonbidapena jaso dut mezara joateko, eta joanen naiz, maila pertsonalean. Norberak hartu beharreko erabaki bat da, eta pertsonak libre dira joateko ala ez joateko. Normala da». Uztailaren 7ko ekitaldi erlijiosora joatea «jatetxe batera joatearen pareko» dela uste du Maiak: «Ez gara etxean geratuko, atera ezinik!», gaineratu du, galderarekin deseroso.

Txaloak eta kritika peñei

Peñekin ere uzkur azaldu da Iruñeko alkatea. Alde batetik, aitortu du «ardura handiz» jokatu dutela, aurtengo sanferminetako ekitaldi eta agerraldi guztiak bertan behera utzita, eta «eskerrak» eman die horregatik. Era berean, Armonia Txantreana peñaren pankartaren auzian gertaturikoa «indar osoz deitoratu» du. Maiaren irudiko, pankarta horretan Patxi Ruiz presoa irudikatu izana «etakide baten goraipatzea» izan da, eta «herritar ia guztiak asaldatzen dituen iraina». Iruñeko Peñen Federazioak bat egin du Armonia Txantreanarekin, eta hori ere txarretsi du alkateak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.