Literatura

Sandra Garaioak eta Itziar Otegik irabazi dute Etxepare saria

Txano Gorritxoren alaba du protagonista 'Lorerik gorriena' albumak, eta udazkenean argitaratuko du Pamiela argitaletxeak.

Etxepare Sariaren berri emateko ekitaldiko irudi bat. ETXEPARE SARIAK
Inigo Astiz
2020ko ekainaren 30a
12:43
Entzun

Guztira, 35 lan aurkeztu dira aurtengo Etxepare sarira. Inoizko gehien. Eta Sandra Garaioa ilustratzailearen (Donostia, 1993) eta Itziar Otegi idazlearen (Oiartzun, Gipuzkoa, 1972) lana nabarmendu du epaimahaiak guztien artean. Lorerik gorriena izeneko albuma, zehazki. Txano Gorritxoren alaba du protagonista kontakizunak, eta gertakari handiek pertsona bakoitzarengan uzten duten zamari buruz gogoeta bat proposatzen du. Besteak beste, tradizioa gaurkotzeko duen modua txalotu du epaimahaiak. «Ipuin tradizionalen onena hartu eta gaur eguneraino dakar haien leinua». 5.000 euroko saria jasoko dute bi sortzaileek, egile eskubideen aurrerapen modura, eta Pamiela argitaletxeak argitaratuko du lana udazkenean.

Leire Salaberria ilustratzaileak, Idoia Sobrino liburuzainak eta Patxi Zubizarreta idazleak osatu dute epaimahaia, eta hala testuaren zein irudien maila nabarmendu dute saria emateko ebazpenean. «Testua sotil eta argi idatzia dago, zentzu guztietan neurritsu, eta bikain uztartuta dago ilustrazio gorri-beltzekin». Dena «sinbolismoz eta sujerentzia handiz» adierazteko duen modua baloratu dute, eta irudiak «indar handikoak» direla ere esan dute, «gama kromatiko oso neurtu batekin».

Beka zena sari bilakatuta

Garaioak Bartzelonako Escola Massanan egin zituen diseinu grafiko ikasketak, eta hainbat sari jaso ditu egindako ilustrazio lanekin. Eva Toldrá saria jaso zuen, esaterako, 2017an, eta 2018an, berriz, finalista izan zen Junceda sarietan. Otegiren kasuan, Lorerik gorriena da haurrentzako idatzi duen lehen ipuina, baina badu ibilbide bat egina literatur lanak itzultzen. Aurrez, Iruñeko Udalak antolatutako Biko-Teka topaketetan partu hartu zuten bi egileek elkarrekin, eta hau da batera sortu duten lehen lana.

2004an sortu ziren Etxepare sariak, Nafarroako hainbat erakunderen elkarlanarekin, baina hainbat moldaketa izan dituzte deialdiak urteen joan-etorrian. Haurrentzako zein helduentzako literatura saritu zuten lehen bi urteetan, baina haurrentzako album ilustratuak sortzeko beka bihurtu zen 2006an. Egileek sortu nahi zuten album proiektuak aurkezten zituzten deialdira orduan, eta haietako zein lagundu erabakitzen zuen epaimahaiak. 2009az geroztik, ordea, berriz ere sari bilakatu, eta amaitutako proiektuak aurkeztu behar izaten dituzte deialdira egileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.