Valentzia 0-2 Athletic

Europarako lehian, bete-betean

Athleticek nagusitasunez irabazi du Mestallan, Raul Garciak sartutako bi goli esker. Etxetik kanpo sasoiko partidarik osoenetakoa egin du Garitanoaren taldeak.

ainara arratibel gascon
2020ko uztailaren 1a
22:32
Entzun

Athleticek bete-betean segitzen du Europan sartzeko borrokan. Sinesten segitzeko motiboak eman behar dizkio, gainera, Mestallan jokatutako partidak. 0-2 irabazi dio Valentziari, Raul Garciak sartutako bi goli esker. Baina, batez ere, zuri-gorriek egindako jokoa nabarmendu behar da. Denboraldi honetan etxetik kanpo jokatutako partidarik osoenetakoa egin du Garitanoren taldeak: zelaian ondo jarrita, eta presio ona oinarri hartuta, oreka edukiz erasoko eta defentsako jokoaren artean.

Valentzia bolada txarrean heldu da partidara. Celades entrenatzaile kargutik kendu, eta lehen neurketa Vorok. Etxean partidarik galdu gabe zen sasoi honetan Valentzia. Athleticek hiru puntuan lortu ditu Mestallan. Vororen taldea, hala ere, hobeto hasi da. Unai Simonik gelditu oso ona egin dio Guedesi seigarren minutuan, eta, ondoren, Maxi Gomezek ere erremate on bat egin du, buruz; baloia gutxigatik joan da kanpora. Asmatu duena Athletic izan da. Huts larria egin du Kondogbiak, eta baloia Muniainek jaso du. Kapitainak berehala ikusi du Raul Garcia bakarrik zegoela penalti puntu inguruan, eta pasea ederki baliatu du hark Cillesenen atea zulatzeko (13. min.).

Partida alde jarri zaie zuri-gorriei. Nahi zuten lekuan zuten, erritmoa kontrolatuta, eta presioan asmatzen ari ziren. Estu ibili da Valentzia. Talde bat bolada txarrean dagoenean, edo haren inguruan giroa gaiztotua badago, edozein kolpe gogorra izaten da, eta hala pasatu zaie etxekoei. Gertu izan zuen Athleticek bigarren gola, 19. minutuan. Cordobak, hainbat aurkari atzean utzi, eta area ertzetik jaurti du. Florenzik ozta-ozta aldendu zuen hankarekin baloia. Zelaian ondo jarrita segitu du Garitanoren taldeak, hegalak baliatuz, eta erdiraketen bidez gola sartzeko aukera sortuz.

Lehen zatiko azken ordu laurdenean baino ez du aurrera egin Valentziak. Parejo eta Guedes baloia gehiagotan edukitzen hasi dira, eta antzeman dute etxekoek. Partidako minuturik onenak orduan egin dituzte. Baina Maxi Gomezek ez die ginga jarri. Buruz errematatzaile petoa da, baina bigarrenez huts egin du. Florenzik gozo erdiratu dio baloia, eta area txikian kanpora bidali du, dena alde bazuen ere.

Bigarren zatia hasi eta berehala iritsi zen zuri-gorrien bigarren gola, 47. minutuan. Jaume Costak ez du asmatu  baloia ateratzen; Raul Garciak, jaso, eta bitan pentsatu gabe, ezkerrez jaurtiketa indartsua eta ona egin du sarera.
Horrek patxada eta lasaitasuna eman die Garitanoren jokalariei. Gainera, Valentziak behera egin du fisikoki.  Jokaldi bakanetan baino ez zen ailegatu Unai Simonen atera, eta Athleticek ondo kontrolatu du partida, atzean serio segituz, amaiera bitarte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.