Pristinak esan du Serbiak Kosovoren independentzia onartu beharko duela

Negoziazio mahaira itzuli dira bi herrialdeak, elkarren arteko harremanak normalizatzeko helburuarekin. 2018. urtetik etenda zeuden elkarrizketak.

Abdullah Hoti Kosovoko lehen minstroa, artxiboko irudi batean. VALDRIN XHEMAJ / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2020ko uztailaren 13a
12:38
Entzun

EB Europako Batasunak bultzatuta, negoziazio mahaira itzuli ziren atzo Serbia eta Kosovo, elkarren arteko harremanak normalizatzea jomugan. Hala, helburu hori gauzatzeko, ezinbestekotzat jo zuen Abdullah Hoti Kosovoko lehen ministroak Pristina estatu gisa onartzea: «Fase baten amaieran sartu gara, eta bi herrialdeen arteko aitorpena ematen bada soilik du zentzua». Haren arabera, ez dago beste «alternatibarik». Hori izango da adostasun bat lortzeko zailtasun nagusia, Serbiak ez baitu Kosovo errepublika independente gisa onartzen —Pristinak 2008an aldarrikatu zuen independentzia, aldebakarrez—.

2018ko azarotik etenda zeuden bi aldeen arteko negoziazioak, eta, elkarrizketetara itzulita, egin dute mataza askatzeko lehen urratsa. Ordea, ez dirudi prozesu samurra izango denik, eta ikusi beharko da zer-nolako norabidea hartzen duten hartu-emanek.

Josep Borrell EBko Atzerri Politikarako goi ordezkariak eta Miroslav Lajcak eskualderako ordezkari bereziak gidatu zuten atzo eginiko lehen bilkura telematikoa, eta Aleksandar Vucic Serbiako presidenteak eta Hotik hartu zuten parte. Era berean, zehaztua dute hurrengo saioa ere: ostegunean elkartuko dira, aurrez aurre, Bruselan.

Negoziazioek juridikoki loteslea den akordio bat izan beharko lukete helburu, baldintza horixe baita EBk bi herrialdeei talde komunitarioan sartzeko bidean aurrera egiteko eskatzen dizkienetako bat. Bileraren ostean, elkarrizketak bide onetik doazela onartu zuen Borrellek, eta adostu zituztela negoziazio prozesuaren «elementu nagusiak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.