Tubacexek bere lantaldearen %20 kaleratuko du

Taldeak zazpiehun langile ditu Araban eta Bizkaian, baina ez du zehaztu horietatik zenbati eragingo dien neurriak. Sektoreak bizi duen krisia argudiatu du erabakia hartzeko.

Tubacexek Amurrion duen lantegia. JUANAN RUIZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko uztailaren 21a
11:26
Entzun

Zetorrena «gogorra» izango zela aurreratu zuen Jesus Esmoris Tubacexeko kontseilari ordezkariak duela aste batzuk, eta bete egin dira iragarpen negatibo horiek. Taldeak jakinarazi du bostehun langile kaleratuko dituela aurten, bere lantaldearen %20 inguru; guztira, 2.553 behargin ditu, horietatik zazpiehun inguru Euskal Herrian —Laudion eta Amurrion (Araba) eta Bizkaiko Parke Teknologikoko bulegoetan—. Enpresak ez du zehaztu non egingo dituen kaleratzeak, baina pentsatzekoa da leku horietan ere latza izango dela kolpea.

Taldeak ziurtatu duenez, balio erantsi handiko produktuak ekoizten dituzten lantegiak kontzentratzera bideratutako estrategiarekin jarraituko du, baita gorabidean dauden herrialdeetan egindako inbertsioekin eta «etorkizuneko merkatuetan» —bereziki Asian eta Amerikan— egindako inbertsioekin.

Arabako tutugileak azaldu duenez, murrizketak eta dagoeneko hartzen ari diren beste neurri batzuekin 25 milioi euro baino gehiago aurreztu nahi ditu 2021ean. Adierazi du erabaki hori hartu duela egoera ekonomikoaren ziurgabetasunagatik eta sektorean dagoen lehia handiagatik. Azpimarratu du azken urteotan merkatuaren bilakaera negatiboa izan dela: %50etik gorako beherakada izan dela, eta hori are gehiago okertu dela petrolioaren prezioak behera egin duelako eta COVID-19aren krisia dela eta.

Enpresaren egoera

LAB Sindikatuaren iritziz, ordea, Tubacexen kontuen eta balantzeen azterketa eginda, «argi ikusten da nahiko ona dela enpresaren egoera ekonomikoa, berregituraketa prozesurik gabe langileen etorkizuna bermatzeko modukoa». 

Urte hasieran, tutugileak 800 milioi euroren salmentak egitea jarri zion helburu bere buruari, baina gauzak erabat aldatu dira. Ekainaren bukaeran, taldeak esan zuen urtea galerekin itxiko duela, baina zehaztu zuen azken buruko galerak izango direla, amortizazio eta besteengatik, eta taldearen EBITDA positiboari eutsiko diotela, «kutxa erre gabe eta funtsezko inbertsioak gelditu gabe». Taldeak finantza egoera ona duela ere gaineratu zuen.

Beraz, LABen ustez, enpresa enplegua suntsitzera eraman duena ez da COVID-19ak sortutako egoera: «Tubacexek urteak daramatza barne mailan berregituraketa bat iragartzen, lan harremanen eredu berri bat ezarri nahi baitu, langile merkeak eta malguak kontratatzeko modua emango diona».

Sindikatuak gaineratu du Eusko Jaurlaritzak urteak daramatzala Tubacexi laguntzen, eta horregatik ere enplegu horiek babesteko eskaria egin dio Jaurlaritzari. «Horregatik guztiagatik», LABek adierazi du ez duela kaleratzerik onartuko, ezta langileen eskubideen galerarik edo murrizketarik ekarriko duen neurririk ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.