Tubacexek bi urte zail espero ditu, eta berregituraketen aukera «aztertzen» ari da

Arabako tutugileak urte honetarako aurreikusitako kopuru onak ezerezean utzi ditu koronabirusaren krisiak. Euskal lantegien jarduera erdira murriztu da

Tubacexek Amurrion (Araba) duen lantegia. JUANAN RUIZ / FOKU.
Irune Lasa.
2020ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Urte hau eta hurrengoa «gogorrak» izango dira Tubacexentzat. Koronabirusak erabat irauli du «ona» zetorren urtea, eta ahalmenaren %50eko jarduerarekin utzi ditu taldearen hainbat lantegi, tartean Euskal Herrikoak (Amurrion, Laudion eta Artziniegan, hirurak Araban). Eskariak tupustean gelditu soilik ez, Tubacexen bezero diren aeronautika eta energia sektoreetan inbertsioak %40 inguru gutxituko dira.

Horiek horrela, «jarduera erdira murriztu delarik», berregituraketa etorriko dela uste dute enpresaren buruzagiek. «Sektore guztian iragarri dira berregituraketa basatiak. Guk ahalik eta ondoena egingo dugu, baina ezingo diogu utzi berregituraketa egiteari, argi dago».

Gaia aztertzen ari direla azaldu zien hedabideei, taldearen akziodunen batzarraren harira, Jesus Esmoris kontseilari ordezkariak, taldeko konpainia bakoitzaren produktuaren eta merkatuaren arabera joango dela berregituraketa. Euskal lantegiei buruz, Esmorisen ustez, «mundu guztiak estutu beharko du gerrikoa. Lehen defentsa enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak dira, baina ezin da enplegu erregulazioan egon bizitza guztian. Merkatuaren eboluzioaren araberakoa izango da guztia».

Erabat ezkor ere ez zuen agertu nahi izan. «Ikusiko dugu zer gertatzen den datozen hilabeteetan. Ea zer erabaki hartzen dituzten gure bezeroek atzera lanean hasten direnean. Ea suspertzea datorren eta, oxala, erregulazioa edo haren zati bat ken dezakegun urte amaierako» —600 lagun ditu erregulazioan, apirilaz geroztik—.

Urte hasieran, Tubacexek 800 milioi euroren salmentak egitea jarri zion helburu bere buruari, baina gauzak erabat aldatu dira. Urtea galerekin itxiko dutela uste du taldeak, baina Esmorisek zehaztu zuen azken buruko galerak izango direla, amortizazio eta besteengatik, eta taldearen EBITDA positiboari eutsiko diotela, «kutxa erre gabe eta funtsezko inbertsioak gelditu gabe».

Taldeak finantza egoera ona duela ere gaineratu zuen Tubacexeko buruzagiak. Bonu eta agindu txartelekin, luze gabeko finantzatzearekin kezkatuta zeudela aitortu du, «baina ari da konpontzen». ICO kredituak eskatu ditu Tubacexek, eta, era berean, bankuekin egin beharreko guztia egin eta finantzen berregituraketa egin dutela ere esplikatu du, ordainketa batzuen epea luzatuz. «2008ko krisian enpresak likidezia faltagatik hiltzen ziren, baina krisi honetan ondo egiten ari dira, likidezia emanez enpresa gehienei. Guri, behintzat, eman digute». Laster, behintzat, Tubacexek ez du arriskurik ikusten arlo horretan.

Tubacexek ez du dibidendurik banatuko aurten, eta horretarako aurreikusitako sei milioi euroak bere akzioak erosteko baliatuko ditu. Kontseiluko kideek %30eko murrizketa egin dute euren ordainsarietan, eta %10-30 murriztu dira zuzendarien soldatak. 2020ko bonus guztiak ere kendu egin dira.

Merkatua

«Gero eta gehiago, gasa gara, eta gutxiago,petrolioa», dio Esmorisek. Baina oraindik ere petrolioarena da altzairu herdoilezineko eta goi aleazioko tutugilearen merkatu nagusia. Saudi Arabia eta Errusiaren arteko prezio gerrak upela amildu zuen, eta koronabirusak itzelezko gutxitzea eragin du eskarian. «Ondorioz, azken buruko bezero guztiek iragarri dute murrizketak egingo dituztela langilerian eta inbertsioetan. %30-40 proiektu eta inbertsio gutxiago izango direla aipatzen da, eta horrek zuzenean eragingo digu guri».

Tubacex beste merkatu batzuetan sartzen ari da azken urteetan; automobilgintzan eta aeronautikan, esaterako. Aeronautikan datozen bi urteetarako %40tik gorako erorketa espero du Tubacexek, 2022an suspertzea iritsi artean. «Oraintxe,Tubacexek ez dauka aeronautikako eskaririk. Zero eskari dugu hortik. Drama bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.