Futbola

Imanol, «gustura eta asebeteta» taldearen denboraldiarekin

Sasoi osoan zehar erakutsitako oreka eta garai zailetan psikologikoki izandako indarra nabarmendu ditu.

ainara arratibel gascon
2020ko uztailaren 22a
16:36
Entzun

Igandean Europa ligarako sailkatzea lortu eta gero, «gustura, lasai eta asebeteta» dago Imanol Alguacil, Realeko entrenatzailea. Denboraldiaren balantzea egin du Orioko teknikariak. «Urte guztian merezitako saria jaso genuen azken partidan. Zoriontsu eta harro nago». Aitortu du gaur bertan ikusi duela azken aldiz Januzajek sartutako gol erabakigarria. «Atzo ikusi nuen lehen aldiz semearekin; eta, azkena, gaur,  Zubietan, bizikleta egiten ari nintzela. Oilo ipurdia jartzen zait oraindik ere, oso berezia izan baitzen lortutakoa. Atsedenaldian jokalariei esan nien bizirik iritsiko ginela, eta lortuko genuela, eta hala izan da».

Konfinamendua «kolpea» izan zela aitortu du. «Denboraldiko garairik onenean ginen, eta etenak min egin zigun». Baina denbora horretan taldeak egindako lan «ikaragarria» eta mentalki erakutsitako «indarra»  nabarmendu ditu. «Emaitzak ez ziren iristen, baina jokoan eta lanean denboraldi osoan zehar izandako oreka erakutsi genuen, eta horrek asko esan nahi du. Nekatuta eta estu iritsi ginen azken txanpara, baina psikologikoki oso indartsu. Denen jarrera ikaragarria izan da». Garai «zail» horiek izango ditugu gogoan. «Momentu gogorrak eta txarrak izan ziren, baina une oro zuzendaritzaren, zaleen eta hedabideen babesa sentitu dugu, eta niretzat hori izan da bereziena».

Bere garaian teknikariak berak esan zuen emozionalki ez zekiela nola kudeatuko zuen Realeko entrenatzaile izateak  esan nahi zuena. «Ondo baino hobeto dakizue zein barruraino sentitzen dudan hau, eta alde horretatik banuen beldur apur bat. Baina uste baino hobeto eraman dut. Lasai egon naiz, hasi nintzenetik egin dudana egin baitut: lan asko egin, eta nire onena eman. Alde horretatik oso lasai nago».

Beste urtebeterako kontratua du, baina bere etorkizunak ez du kezkatzen. «Denek dakigu nolakoa den futbola, Callejari [Vila-Realeko entrenatzailea] zer pasatu zaion ikustea besterik ez dago. Bosgarren amaitu du, eta kargutik kendu dute. Esan dezakedana da zuzendaritzaren babes eta konfiantza erabatekoa sentitzen dudala, eta, egunen batean hau hondoratzen bada, lemari gogor helduko diodala. Espero dut hala ez izatea, eta neure kabuz erabaki ahal izatea noiz utzi nahi dudan kargua, lan honek higadura handia baitakar. Baina, bestela, ez izan zalantzarik ez dudala hain erraz amore emango».

Baina aurrera begira ere jarri da. «Bost lehiaketatan arituko gara, eta dena desberdina izango da. Beraz, egunerokoan lan egiteko dugun moduan aldaketak egin beharko ditugu, baita bestelako hainbat gauzatan ere. Jada hasi gara horri begira lanean, behar bezala prestatzen ez bazara Espanyoli gertatu zaiona pasatzeko arriskua baitago, eta ez dugu halakorik pasatzerik nahi».  Printzipioz, abuztuaren 14an ekingo dio taldeak denboraldi-aurreari. «Aurretik COVID-19aren testak egitera etorri beharko dugu, baina hori da asmoa».  

Ez du argibiderik eman datorren denboraldiko taldearen inguruan, nahiz eta hainbat jokalariren inguruan galdetu. Martin Odegaarden eta Miguel Angel Moyaren izenak aipatu dira gehien. «Bilera bat egin behar dugu Jokinek [Aperribai], Robertok [Olabe] eta hirurok, denboraldia lasai eta ondo aztertu eta erabakiak hartzeko. Baina biek jarraitzea nahiko nuke, asko eman baitigute, argi geratu den moduan».  Utzita egon diren jokalariek «lan ona» egin dutela nabarmendu zuen. «Imanol Agirretxe aritu da haien bilakaerari erreparatzen, eta aipatutako bilera horretan ere haien azterketa egingo dugu. Izan ere, erabakiak ondo hartu nahi ditugu, aipatu bezala urtea oso gogorra izango baita".

Ziur taldean jarraituko duena Mikel Merino da, gaur jakin baita 2025 arte luzatu duela kontratua. «Sekulako jokalaria dela erakutsi du. Oso gaztea izan arren, 30 urte dituela ematen du, eta bizi osoa daramala hemen. Txapeldunen Ligako talde askok nahiko lukete, eta hemen segitzea oso inportantea da guretzat. Esan nahi du hemen gauzak ondo egiten direla».

David Zurutuza, berriz, ez da Realean egongo datorren denboraldian. Astelehenean berretsi zuen erretiroa hartzea erabaki zuela. Laudorioak izan ditu harentzat Imanolek. «Eredu on bat joan zaigu, eta, nahiz eta ez duen izan jokatzeko aukera handirik lesioengatik, asko lagundu digu denboraldi honetan ere. Berak izugarrizko ilusioa zuen zelaian agurtzeko, baita guk ere. Baina taldeak asko zuen jokoan, eta ez nuen prest ikusten. Espero dut merezitako agurra emateko aukera izatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.