Ekonometroaren, hau da, Ekonomisten Euskal Elkargoak sei hilean behin egiten duen inkestaren arabera, Euskal Herriko egoera ekonomikoak okerrera egingo du, eta denbora beharko da lehengoratzeko, baina ondorioak «behin-behinean» nabarituko dira.
Hala, ekonomista gehienek uste dute eragina txikia izango dela, enpresak «erraz» egokituko direla egoerara, eta eutsi egingo diotela langile kopuruari. Inkestatuen % 25ek uste dute kaleratzeak egongo direla, hurrengo seihilekoan bereziki, eta balitekeela lau langiletik bat gelditzea lanik gabe.
Administrazioek pandemiaren krisialdiari aurre egiteko hartutako neurrien artean, ekonomistek uste dute enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak izan direla eraginkorrenak; bigarren postuan eta tarte handiarekin, abalak eta finantzaketa lineak; eta, jarraian, zerga batzuen etetea.
Itxialdiak berekin ekarri du enpresetan ezohiko hainbat neurri hartzera: digitalizazioarekin loturikoak, bereziki. Online fakturazioa izan da horietako bat: parte hartzaile gehienek (%60k) aitortu dute beren enpresetan ezin izan dutela tresna hori erabili. Telelanari buruz, berriz, lautik hiruk baieztatu dute beren enpresan ezarri dela.
Euskal ekonomiaren lehiakortasunari gehien eragiten dioten faktoreak ere aztertu dituzte, eta hauek azpimarratu dituzte, hurrenez hurren: I+G+b, kontsumo maila eta langabezia. Azken lekuetan azaltzen dira energiaren prezioa eta iruzurra, eta langileen prestakuntzak ere garrantzia galdu du beste inkesta batzuekin alderatuta.