Amaitu dute Mendillorriko gazteei koronabirus proba egiten

17 eta 28 urte arteko mila pertsona azaldu dira azterketa gunera, nahiz eta osasun agintariek 2.000 «gonbidatu» zituzten proba egitera. Beste agerraldi bat atzeman dute, Erdialdeko herri batean.

PCR froga bat egiten, Mendillorrin. AITOR MANTEROLA / FOKU
Erredakzioa
2020ko uztailaren 25a
14:51
Entzun

Mila gazteri baino gehiagori COVID-19 gaitzaren azterketa egin diete Iruñeko Mendillorri auzoan. Eguerdian amaitu dituzte auzoko institutuan eginiko probak.

Nafarroako Osasun Departamentuak «erantzun on» gisa deskribatu du auzoko gazteen jarrera. Denera, 17 eta 28 urte arteko 1.044 gazte agertu dira euren kabuz probak egitera. 2.000 inguru zeuden «gonbidatuta», baina departamentuak nabarmendu du litekeena dela agertu ez direnetako asko auzoko ohiko bizitokitik kanpo oporretan egotea.

Institutuan aztertutakoei, aurreko egunetan PCR proba pasatu duten 288 gazte gehitu behar zaizkie.

Departamentuaren datuen arabera, auzoan bizi diren gazteen %57,9 aztertu dituzte (2.300 bizi dira, denera).

Atzo beste 63 kasu atzeman zituzten Nafarroan, aurreko egunean baino 30 gutxiago. Horietako sei, batez ere Mendillorri auzoan zabaldutako Iruñeko agerraldiari dagozkio. Beste bat Tuteran ospaturiko ezkontza batean sorturiko agerraldikoa da, eta beste bat Iruñerriko Iturrama auzoko kasuetakoa.

Horrez gain, beste agerraldi baten berri eman du departamentuak: «Nafarroako Erdialdeko» herri batean sortu dela adierazi dute, zein herri den zehaztu gabe. Horrez gain, Iruñean beste lau kutsatze atzeman dituzte, eta bost-sei pertsona leudeke kutsaturik.

Gazteen arteko intzidentzia apaldu egin dela nabarmendu du departamentuak. Atzo atzemandako kasuen erdietan inguru, 30 urte baino gazteagoak ziren kutsatuak.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, berriz, azken orduetan 123 positibo atzeman dituzte: Araban hamazazpi, Bizkaian 66, eta Gipuzkoan berrogei; guztira 4.206 proba egin dituzte. Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez du kasuen berri gehiagorik eman, eta azaldu du astelehenean emango duela ospitaleratzeen eta udalerrietako kasuen berri. Beraz, Hego Euskal Herrian, orotara, 186 izan dira azken orduko positiboak, herenegun baino 41 gutxiago (227).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.