COVID-19a agertu zenetik, 57.000 lanpostu galdu dira

Euskal Herrian inoiz ez da halako enplegu galerarik izan hain denbora gutxian; aldi baterako enpleguetan nabaritu da gehien. Euskal Herriko langabezia tasa (%9,34) Europako Batasuneko handienetan seigarrena da. 7.900 langabe gehiago daude martxotik.

Lansare Nafarroako enplegu zerbitzuko bulego bat. IñIGO URIZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko uztailaren 28a
12:36
Entzun

COVID-19ak sortu duen ziurgabetasunaren erakusgarri da lan merkatua; haren estatistiketan, igartzen da pandemiaren eboluzioak eta hartzen diren neurriek baldintzatuko dituztela datozen hilabeteetako emaitzak. Lehen hiru hilabeteetan, langabeziak gora egin du Euskal Herrian: 7.800 pertsona gehiago (133.800 guztira). %9,34 da tasa, %0,89 handiagoa duela hiru hilabete baino.

Baina, aurrera begira, martxotik hona izandako enplegu galerak hobeto erakusten du, kopuru horrek baino, zer gerta daitekeen: 57.300 pertsona aktibo gutxiago daude; bestela esanda, lanpostu horiek galdu dira. Horiei gehituz gero aldi baterako enplegu erregulazioetan daudenak, Euskal Herrian 150.000 behargin inguruk eten behar izan dute euren jarduna COVID-19a agertu zenetik.

Eta bereziki datu horri erreparatu behar zaio —infografiak albistearen amaieran—. Sekula izan gabea da: 2006tik abiatutako serie historikoan, inoiz ez da halako enplegu suntsiketarik izan, eta are gutxiago hain denbora gutxian. Egun lanean ez daudenetako askok konfinamendu garaian ezin izan zuten izena eman langabezia erregistroetan, eta horregatik azaltzen dira hor, baina beste askok ez dute eman, luze gabe lanera itzultzeko esperantza dutelako; bereziki, aldi baterako enpleguak nagusi diren sektoreetan: ostalaritzan, merkataritzan eta eraikuntzan, esaterako. Hain justu, gisa horretako kontratuak galdu dira gehien. Hego Euskal Herrian, 47.500 langile ez dira lanera itzuli; horietatik 32.900 besteren kontura ari ziren, eta 23.500ek aldi baterako kontratua zuten.

Erregistratu gabekoei gehitu behar zaizkie enplegu erregulazioan edota lanpostuei eusteko gobernuek babestutako beste neurriekin jarraitzen duten langileak —horiek ere ez dira langabe gisa kontatzen—: apirilean, 202.629 ziren Hego Euskal Herrian, eta, ekainaren hasieran, 87.143k jarraitzen zuten egoera horretan. Espainiako Gobernuaren baldintza eta babes bereziak dituzte koronabirusarekin loturiko erregulazio espedienteek, baina horiek, oraingoz, irailaren 30eko iraungitze data dute. Zenbait sektoretan, ohartarazi dute ezingo dietela lanpostu askori eutsi dosierrak ezin badituzte luzatu.

Emakumeak eta gazteak

Baina pandemiak baldintzatuko du zer etorriko den. Gaur-gaurkoz, langabeziarena da argazki finko bakarra. Azken hiruhilekoan, lurralde guztietan igo da, baina, bereziki Nafarroan (+%1,53; 3.800 gehiago), Araban (+%2,22; 3.100 gehiago) eta Ipar Euskal Herrian (+%2,66; 2.400 gehiago).

Estatistikek beste irudi bat ere agertzen dute: emakumeek eta gazteek nabaritu dute gehien koronabirusaren lehen kolpea. Hego Euskal Herrian, 5.300 emakume gehiago geratu dira lanik gabe, eta 300 gizon. Langabezia tasa handiagoa da andreen artean: %10,2, gizonezkoena baino puntu bat handiagoa. Era berean, gazteen langabezia %31,6koa da, %10 gehiago; eta 25 urtetik beherakoen artean, %16,7 handiagoa.

Europako testuinguruan, berriz, Euskal Herria da langabezia tasa handienetan seigarrena, EB-27an baino 2,5 puntu gehiago. Gainetik hauek ditu: Grezia (%16), Espainia (%15,3), Katalunia (%12,8), Lituania (%9,8) eta Letonia (%9,4)

Datorrenari so

Ekonomia alorreko erakunde eta eragileak kezkatuta daude. Astearte honetan, datuak jakin berritan, Cebek Bizkaiko enpresarien elkarteko presidente Iñaki Garcinuñok esan du «txarrak eta aurreikusteko modukoak» direla, baina ohartarazi du «krisi ekonomikoaren garairik okerrenari» dagozkiola, eta kezkagarriagoak liratekeela urteko azken hilabeteetan gertatuko balira. «Pentsatzekoa da ordurako susperraldian egongo garela».

CCOOk, berriz, azpimarratu du datuek ez dutela benetan islatzen egungo «egoeraren larria». Gogoratu du milaka langilek aldi baterako erregulazioetan jarraitzen dutela eta haien geroa ezbaian dagoela, eta kaleratze masiboen arriskuaz ohartarazi du, berriki Tubacex, Gamesa, ITP Aero eta Aernvova industria alorreko enpresetako zuzendaritzen iragarri dituzten bezalakoak. Datuei buruz, emakume, gazte eta oro har «sektore prekarizatuenen» egoera nabarmendu du sindikatuak. «Pandemiak eragindako krisiaren ondorioak gordinago pairatuko dituzte haiek».

LABek ere azpimarratu du horiek nabarituko dituztela gehien estatistikek erakusten duten enplegu galderaren ondorioak. Eta administrazioek patronalaren jarrerekin bat egiteko «arriskuaz» ohartarazi du: «Bide ezaguna da hori. Pandemia aurretik jasan behar genituen arazo estrukturalak —soldata desberdintasunak eta lan prekaritatea— larritzea baino ez digu ekarriko horrek».

ELAren arabera, «egoera kezkagarria» da, eta ohartarazi du ezinbestekoa dela egungo enplegu politikak aldatzea: «Bestela, aurreko krisiaren murrizketa eta austerizidio formula berberak errepikatuko dituzte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.