Ahaldun nagusiek diote Madrilen eta udalen arteko akordioak ez diela eragiten

Espainiako Gobernuak adostu zuen udalen superabita erabiltzea 5.000 milioi euroren laguntzen truke, baina neurriak ez du indarrik izango Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Olano, Gonzalez eta Rementeria, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko abuztuaren 6a
13:02
Entzun

Espainiako Gobernuak eta Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioak (FEMP) sinatutako akordioak ez du eraginik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Argi utzi nahi izan dute hori hiru lurralde historikoetako ahaldun nagusiek, gaur plazaratu duten ohar bateratu baten bidez. Udalen finantza kontuen ardura aldundien kontua dela azaldu dute, eta horri lotutako edozein erabaki Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan hartu beharko dela.

Madrilek atzo argitaratu zuen neurria Espainiako Aldizkari Ofizialean. Udalen federazioarekin egindako tratuaren arabera, udalek euren superabita gobernuari ematea onartu zuten, eta, beraz, gehiago ez zorpetzea. Trukean, Espainiako Gobernuak 5.000 milioi euro emango dizkie datozen bi urteetan, eta hamar urteko epean itzuli beharko dizkie soberakin guztiak.

Hortaz gain, legeak dio udalek Bruselak onartutako funtsaren banaketan parte hartuko dutela. Espainiak 140.000 milioi euro jasoko ditu funts horretatik. Foru aldundiek azpimarratu dute, ordea, neurriak ez diela eragiten euren eskumeneko egiturei eta sistemari: «Indarrean daude udalen superabiten erabilera arautzen duten Foru Arauak».

Nafarroan bai

FEMP osatzen dutenen artean dago Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioa, eta, beraz, Madrilekin neurria adostu dutenen artean ere bai. Ondorioz, han, Espainiako Gobernuaren esku geratuko dira udalen superabitak.

EH Bilduk gaitzetsi egin zuen neurria atzo. Koalizioaren arabera, maiatzaren 20an Madrilekin egin zuen akordioan Nafarroaren zorpetze ahalmena handitzea adostu zuten, eta orain hautsi egin da adostasun hori.

Ez dira neurria kritikatu duten bakarrak. Quim Torra Kataluniako presidenteak udalei eskatu die ahal duten guztia egiteko euren superabita Espainiako Ogasunaren esku ez uzteko. Torraren arabera, aldebakarreko akordio bat da, eta iragarri du helegite bat jarriko duela Espainiako Auzitegi Konstituzionalean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.