Koronabirusa

Lan erreforma indargabetzea adostu dute PSOEk, UPk eta EH Bilduk

Alarma egoera ekainaren 7ra arte luzatzea adostu du Espainiako Kongresuak, EAJren eta C's-en aldeko botoekin. EH Bilduk abstentziora jo du azkenean, akordioa eginda
Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua, atzo, Kongresuan, maskara jartzen.
Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua, atzo, Kongresuan, maskara jartzen. BALLESTEROS / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2020ko maiatzak 21

Bosgarren aldiz aurrera atera da alarma egoerari buruzko erabakia Espainiako Kongresuan. Bozkatu den aldiro, gero eta kontrako boto gehiago bildu dituzte PSOEk eta Unidas Podemosek, eta, ondorioz, zailtzen ari zaie alarma egoera berriro luzatu ahal izatea. Espainiako Gobernua osatzen duten bi alderdiok gutxiengoan izaki, oreka jokoa egin behar izan dute oraingoan ere, eta azken bi bozketatan bezala, EAJren eta Ciudadanosen baiezko botoak erabakigarriak izan dira: 177 alde, 162 kontra eta 11 abstentzio. Jeltzaleek deritzote Madrilgo gobernuak norabide egokia hartu duela. Ciudadanosek, berriz, PPren eta Voxen aldean, tonu apalagoa hartu du. Kezkatuta azaldu da horregatik EH Bildu hasiera batean, baina abstenitu egin da azkenean, eta gerora eman du abstentziorako bere arrazoien berri: koalizio abertzaleak akordioa lortu du PSOErekin eta Unidas Podemosekin, 2012ko lan erreforma indargabetzeko (ñabartu egin du PSOEk gero), eta udal eta gobernuei finantza arauak malgutzeko. Hartara, Espainiako Gobernuak lortu du alarma egoera ekainaren 7ra luzatzea, eta Salvador Illa Osasun ministroari emango dio aginte bakarra.

Atzoko hitzaldian Sanchezek, hain zuzen, nabarmendu zuen luzapen berri horrek bestelako ezaugarriak izango dituela. Alde batetik, Salvador Illa Espainiako Osasun ministroa izango da erreferente nagusia. Haren lantaldea «erkidegoekin batera elkarlanean arituko da», gobernantza delakoa partekatuz. Bestetik, Sanchezen arabera, erkidegoek osasunaren oinarrizko arretan erabaki ahalmena berreskuratuko dute.

EAJko Aitor Estebanen hitzetan, alarma egoera bakoitza luzatu ahala gobernua egokituz joan da jeltzaleek egindako proposamenetara. «Elkarrizketa eta lankidetza badago, eta hasieran egindako proposamenak aintzat hartuz gero, alarma egoerak funtziona dezake». Estebanek ontzat jo zuen Madrilgo gobernuak aurrera egitea gobernantza partekatua delakoan, eta erkidegoetako gobernuen eskutik joatea, horiek «errealitatea hobeto ezagutzen dutelako». Estebanek ulergarritzat jo zuen, hirugarren fasea pasatuta, alarma egoera gainditzea, beste erkidegoak zer beste fasetan dauden aitzat hartu gabe. Halaber, uste du norabide onean egindako aldaketa dela Illak hartzea aginte bakarra.

Nahiz eta Pedro Sanchezek behin eta berriz nabarmendu alarma egoera erreminta juridiko bakarra dela, osasun arloko legeak aldatzeko prest azaldu zen. Horren harira, Estebanek zalantzak agertu zituen. Ez daki nondik nora jo nahi duen Madrilek eta beharrezkoa ote den horretan sartzea. EAJk susmatzen du birzentralizaziorako baliatu daitekeela aukera, eta, horregatik, ohartarazi dio kasu horretan kontra egongo dela argi eta garbi.

EH Bilduren ohartarazpena

EH Bilduk kezkaz ikusi du Espainiako Gobernuak berriro Ciudadanosen babesa behar izatea. Mertxe Aizpurua diputatuak ohartarazi zion Sanchezi legealdian aurrera egiteko akordioa ezkerreko gehiengoaren bidetik edo eskuinetik soilik etor daitekeela. «Badakigu lehenengoa hautatuz gero bidea egin dezakezula, baina, bigarrena hautatuz gero, babesa galduko duzu, eta bide motza izango duzu». Aizpuruak eskatu zion lan erreforma indargabetzeko. «Hainbeste urtez langileei kendu zaizkien eskubideak berreskuratu ditzaten eta babestuago egon daitezen COVID-19aren ondorioei aurre egiteko». Hala ere, ontzat jo zuen haien jarrera. «Deitoratzen dugu bi hilabete behar izatea ulertzeko koordinazioa ez dela menpekotasuna. Ez dakigu erabat ulertu duzuen, baina balioa ematen diogu urrats hori egiteari».

Nahasmena egon zen EH Bilduren botoari buruz. Aizpuruak ez zuen aurreratu zein izango zen, baina Sanchezek abstenitu egingo zirela ulertu zuenez, Aizpuruak ere ondorioztatu zuen Espainiako Gobernuak lan erreforma baliogabetzeko konpromisoa duela. «Aizpurua anderea, kritikatu nazazu nahi duzuna, baina ez dugu bazkidez aldatu».

Bozketa amaituta, EH Bilduk ohar batean azaldu zuen bere botoa, eta zehaztu zuen PSOErekin eta Unidas Podemosekin akordioa lortu duela. Alde batetik, COVID-19aren ondorioz ezarritako neurri sozialak eta ekonomikoak amaitu aurretik 2012ko lan erreforma indargabetzeko asmoa azaldu dute.

Bestetik, gobernuek, diputazioek eta udalek zorpetze bidez gastu ahalmena handitzeko aukera izango dute, eta finantza arauak malgutzeko prest dago Madrilgo gobernua, diru hori helburu sozialetara bideratu dadin. Horri lotuta, udalek helburu sozialetara bideratzen duten dirua ez da gastu arau gisa kontabilizatuko. Gainera, hiru indarrek hitzartu dute bai EAEk eta bai Nafarroako Foru Komunitateak zorpetzeko ahalmena «soilik euren finantza egoeraren arabera ezartzea», Espainiakoa kontuan hartu gabe.

Aizpuruak berak ondoren egin zuen balorazioa, Twitter sare sozialean: «Sinatutako akordioak Euskal Herriko gehiengo sozialaren eta langileriaren bizi baldintzak hobetzeko urgentziazko neurriak hartzea du jomuga». Zortzi urtez langileei «ebatsi» dizkieten eskubideak berreskuratzen hasteko pausotzat jo zuen, eta «garaipen txiki» bat izan dela erantsi zuen. Nabarmendu zuen aldeek «diskrezioz eta zuhurtziaz, hordago publikorik bota gabe», hitz egin, eztabaidatu eta adostu dutela akordioa.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Txagorritxuko erietxean, COVIDaren test serologikoak aztertzen. ©G. RUBIO / FOKU

Eritasunari buruzko lezio berrikusia

Arantxa Iraola

Asko falta da oraino, baina COVID-19aren inguruko ezagutzak egunero ari dira argitzen, osatzen; ondorioz, izurriaren hasieran gaitzaz esan ziren hainbat gauza zahartuta eta atzeratuta geratu dira guztiz. Etengabeko berrikusketa eskatzen du gai honek.

Langile bat, Garesen, piperra biltzen iaz. ©Jesus Diges / efe

Nafarroan, PCR probak egingo dizkiete sasoikako langileei

Joxerra Senar

Abuztutik urrira bitartean, ardorako mahats bilketan edo bestelako barazki eta fruituen uzta bilketarako Nafarroaz kanpotik etorriko diren langileei probak egingo dizkiete, etan positibo emanez gero, konfinamenduan lagunduko die gobernuak.

Basurtun, PCR probak egiten ©Javier Zorrila / efe

300 positibotik gora Hego Euskal Herrian

Berria

Bizkaian eta Araban gorakada nabarmenak izan dira.

Pentsionisten elkarretaratzea Bilboko Justizia Jauregian. ©Aritz Loiola

Pentsiodunek pandemiako testigantzen txosten bat aurkeztuko diote EAEko Fiskaltzari

Maialen Arteaga

Irailaren 7an bilduko dira fiskalarekin pandemiako testigantzak eta datuak biltzen dituen txostena helarazteko

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna