FUTBOLA

Ellen Fokkema, gizonezkoen futbol talde batean jokatuko duen lehen emakumea

2020-2021eko denboraldian hasiko da Holandako Futbol Federazioak probarako onartutako plana. Fokkema Herbehereetako Ligako laugarren mailako Foarut taldearekin arituko da.

Ellen Fokkema futbolaria elkarrizketa batean. @OMROPFRYSLAN
Oihane Puertas Ramirez.
2020ko abuztuaren 6a
13:28
Entzun

Ellen Fokkema izango da gizonezkoen futbol talde batean jokatuko duen lehen emakumea. Herbehereetako Ligako laugarren mailan arituko da, 2020-2021eko denboraldian, V.V. Foarut taldearekin; bere betiko taldearekin. Probako plan aitzindaria izango da; izan ere, Holandako Futbol Federazioaren araudiaren arabera, futboleko taldeak mistoak izan daitezke 18 urtera arte, baina adin horretatik aurrera banandu egin behar dira gizonak eta emakumeak.

Fokkema 5 urte zituenetik aritu da Foraut taldean jokatzen, baina, araudiaren arabera, hurrengo denboraldian ezingo luke haiekin jarraitu, 19 urte baititu. Jokalariak adierazi duenez, taldekideekin jokatzen jarraitu nahi zuen, eta klubari galdetu zion ea posible zen haiekin aritzea. Fokkemak klubaren laguntzaz aurkeztu zion eskaera Holandako Futbol Federazioari, eta horrek tramitatu du Fokkemaren lizentzia, gizonezkoen taldean jokatu ahal izateko.

Fokkemanen arabera, «itzela» da taldean jarraitu ahal izatea, eta, esperientzia nolakoa izango den ez dakien arren, «oso pozik» dago proban parte hartu ahal izateagatik. Federazioak adierazi duenez, erne begiratuko du zer gertatzen den, eta, formulak arrakasta badu, araudia aldatzeko aztertuko du, 18 urtetik aurrera ere talde mistoak osatzeko aukera egon dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.