Bielorrusia

Tikhanovskaia Bielorrusiatik irten da

Atzo adierazi zuen ez zuela alde egiteko asmorik, baina Lituanian dagoela baieztatu du gaur herrialde hartako Atzerri Ministerioak. Atzo pertsona bat hil zen protestetan; Barne Ministerioaren esanetan, eskuan zuen lehergailuak eztanda eginda.

Atzo gaueko protestak, Minsken. YAUHEN YERCHAK / EFE
2020ko abuztuaren 11
09:18
Entzun

Gaur goizean, Lituaniako Atzerri Ministerioak jakinarazi du Bielorrusiako oposizioaren hautagaiak hara bidaiatu duela, eta «salbu» dagoela. Svetlana Tikhanovskaiak Bielorrusia uzteko asmorik ez zuela adierazi ostean eman dute berria. «Tentsio handiko gaua izan da, baina garrantzitsuena da oraingoz herrialde seguru batean dagoela. Gainerakoa aurrerago argituko da», adierazi du Linas Linkevicius Lituaniako Atzerri ministroak. Izan ere, atzokoa bigarren protesta eguna izan zen Bielorrusian, eta 3.000 lagun inguru atxilotu dituzte orain arte.

Tikhanovskaiak botoen %10 eskuratu ditu presidentetzarako igandeko hauteskundeetan, Aleksandr Lukaxenko estatuburuak lortutako %80 baino askoz ere gutxiago. Oposizioaren esanetan, ordea, «iruzurra» egon da bozetan, eta oposizioko hautagaiak irabazletzat jo du bere burua. Hala, «aldaketa baketsu baterako» proposamena aurkeztu dio Lukaxenkori.

Gobernuaren aurkakoek kaleak hartu dituzte emaitzak argitaratu bezain laster. Atzokoa igandeko protesta gauaren jarraipena izan zen, eta, Bielorrusiako Gobernuaren arabera, pertsona bat hil da liskarretan. «Segurtasun indarrei identifikatu gabeko lehergailu bat jaurtitzen saiatu zen manifestari bat. Eskuan lehertu zitzaion, eta zaurien eraginez hil da», adierazi du herrialdeko Barne Ministerioak. 

Minsken gertatu da hori. Izan ere, beste hainbat hiritan ere —33tan, agintarien esanetan— protestak egon diren arren, hiriburuan izan dira handienak. Hainbat hedabidek argitaratu dute protestan ari zirenek molotov koktelak jaurti zizkietela poliziei. Igandean, ehun bat lagun zauritu ziren, batzuk herritar zibilak eta bestetzuk poliziak, eta atzo ere beste ugari zauritu ziren. Denera, 3.000 lagun atxilotu dituzte bi egunetan.

Lukaxenkok Poliziaren jarduna defendatu du, eta eraikin publikoak hartu nahi izateaz akusatu du oposizioa. Presidentearen esanetan, atzerrikoen esku hartzea dago protesten atzean. Besteak beste, AEBek eskaera egin diote Bielorrusiako Gobernuari manifestarien aurka ez oldartzeko.

Gaur ere protestan jarraitzea espero da. Oposizioak grebarako deia egin du. «Ez joan gaur lanera: erregimenak gure beharra du, eta grebak ematen dio beldurrik handiena», dio deialdietako batek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.