Afrikako elefanteak, 2050. urterako galtzeko arriskuan

Elefanteen Nazioarteko Eguna da gaur. Azken hamarkadan, espezie horren populazioa %60 baino gehiago murriztu da, eta gatibu dauden elefanteen kopurua %70 hazi da.

Elefante kume batzuk Kenyan. DAI KUROKAWA / EFE
Oihane Puertas Ramirez.
2020ko abuztuaren 12a
13:44
Entzun

Gaur, hilak 12, Elefanteen Nazioarteko Eguna da, eta, horren harira, Elefanteak ez dira merkantziak txostenaren hirugarren alea argitaratu du World Animal Protection erakundeak. Planetako ugaztunik handienen egoera konplexua nabarmentzeko helburuz sortu zen gaurko eguna; izan ere, azken hamarkadan elefanteen egoerak okerrera egin du.


Botswanan hilik aurkitutako elefante bat. STR / EFE

Alde batetik, espezie horren populazioa %60 baino gehiago murriztu da azken hamar urteotan. Boliaren legez kanpoko merkataritza da Afrikako eta Indiako murrizketaren arrazoi nagusia; gainera, zenbat eta ale gutxiago geratu, orduan eta balio handiagoa du elefanteen letaginen boliak. Afrikan 100 ale inguru hiltzen dituzte egunero isilpeko ehizan —bolia, haragia eta gorputzeko zatiak lortzeko—. Egoerak horrela jarraitzen badu, baliteke Afrikako elefanteak galtzea 2050. urterako.

Bestetik, World Animal Protection erakundeak argitaratu duen txostenaren arabera, Asian gatibu dauden elefanteen kopurua %70 hazi da azken hamarkadan, eta turistek animaliekin «argazkiak ateratzea edo bainatzea» da arrazoi nagusietako bat. Erakundeak adierazi duenez, gatibu dauden elefanteak «negozioaren ehuneko handi bat dira turismo antolatzaileentzat»; koronabirusaren aurretik, urtean 581 eta 770 milioi dolar artean sortzen zituzten. Horrez gain, elefanteen egoera larriagotzeko aukera dagoela adierazi du erakundeak, batez ere «leku horietako antolatzaileak COVID-19aren ondorioz galdutako diru sarrerak berreskuratzen saiatzen direnean».


Elefante bat Hungariako zirkuan. DIEGO AZUBEL / EFE

World Animal Protectionen arabera, «luzera begirako konponbidea» da turismo komertzialerako erabiltzen diren elefanteak gatibualdian ugaltzea debekatzea, horrela «animalia horien etorkizuneko belaunaldiek trauma hori jasatea eragotziko litzatekeelako». Turistak ere nolabait konponbidearen parte izan daitezkeela azaldu du; izan ere, «etika gutxiko praktiketatik aldendu daitezke», eta elefanteak «beren habitat naturalean» ikus ditzakete, edota «ongizate estandar altuak dituzten kanpalekuak babestu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.