Futbola

Beste zazpi positibo euskal taldeen artean

Athleticen sei jokalarik eman dute positibo, eta Osasunan, berriz, Jagoba Arrasate entrenatzaileak. Alaveseko hiru jokalariri ere detektatu diete COVID-19 gaitza.

San Mames zelaia hutsik, Athleticen eta Leganesen arteko partidan, uztailaren 16an. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2020ko abuztuaren 12a
14:28
Entzun

Beste zazpi positibo euskal taldeen artean. Athleticen, sei jokalarik eman dute positibo, eta, Osasunan, Jagoba Arrasate entrenatzaileak. Athleticeko eta Osasunako gizonezkoen lehen taldeko jokalariei eta taldeko gainontzeko langileei COVID-19 gaitza atzemateko probak egin zizkieten asteartean, PCRa eta serologikoa. Ligako protokoloak ezartzen du talde guztiek egin behar dutela hori denboraldi-aurreko entrenamenduen aurretik.

Gaur jaso dituzte proben emaitzak bi taldeek. Iñaki Williamsek, Unai Nuñezek, Gaizka Larrazabalek, Ohian Sancetek, Unai Lopezek eta Iñigo Cordobak eman dute positibo Athleticen. Bakarturik daude etxean, eta beste PCR proba bat egingo diete datorren astean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eman diote kutsatuen berri, klubak ohar batean adierazi duenez.

Horren ondorioz, negatibo eman duten jokalariak banaka entrenatuko dira ostegunetik aurrera, eta beste PCR bat egingo diete ostiralean.

Osasunan, kasu positibo bakarra atzeman dute: Jagoba Arrasate da Nafarroako taldean koronabirusa duen bakarra. Klubak adierazpen baten adierazi duenez, Berriatuko prestatzailea etxean bakartuta dago. Osasunak ere Arrasateren egoeraren berri eman die osasun agintariei.

Alavesek, berriz, hiru positibo detektatu ditu astelehenean egindako PCR probetan. Klubak adierazi du kutsatuek ez zutela inolako harremanik izan kideekin, eta etxean daudela atzotik, sintomarik gabe. Datozen egunetan, beste proba bat egingo diete, eta orduan erabakiko dute noiz hasiko diren beste jokalariekin batera entrenatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.