Eskozia

Hiru lagun hil eta sei zauritu dira tren istripu batean, Eskozian

Ezbeharra Stonehaven herritik gertu jazo da. Trena bidetik atera da.

Tren istripua gertatu den tokia. STRINGER / EFE
Oihane Puertas Ramirez.
2020ko abuztuaren 12a
18:58
Entzun

Erresuma Batuko Poliziak jakinarazi duenez, Aberdeen eta Glasgow arteko ibilbidea egiten ari zen tren bat bidetik atera da Stonehaven herritik gertu dagoen baso eremu batean (Eskoziako ipar-ekialdea). Istripuan hiru pertsona hil dira eta sei zauritu; Erresuma Batuko Garraio Poliziak adierazi duenez, hildako bat treneko makinista da. Sky News telebista katearen arabera, trenean hamabi lagun zihoazen: tren konpainiako sei bidaiari eta sei langile.

Larrialdi zerbitzuetako 30 ibilgailu baino gehiago joan dira istripua gertatu den lekura —aireko anbulantzia bat barne—, eta oraindik lanean ari dira zenbait agente. Ezbeharra zergatik gertatu den ikertzen ari dira. Dena dela, hango zenbait hedabidek jakinarazi dutenez, baliteke istripua lur jausi batek eragin izana. Izan ere, duela egun batzuetatik, euriteek eta ekaitz elektrikoek uholdeak eragin dituzte Eskozia ekialdeko eta erdialdeko zenbait tokitan, eta bidaiak eten behar izan dituzte.

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak jakinarazi duenez, ezbeharra «larrialdi zerbitzuetarako sarrera oso zaila» den leku batean gertatu da, eta horregatik luzatu da erreskatea hainbat ordu. Ministroak gaineratu du larrialdietarako telefono linea bat ezarri dutela senide edo lagunen bila dabiltzan herritarrentzat. Horrez gain, Eskoziako Parlamentuan egindako agerraldian zera adierazi du: «Ahal dugun guztia egingo dugu larrialdi zerbitzuek baliabideak izan ditzaten eta familiak babestuta senti daitezen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.