ZIENTZIA

Dinosauro espezie ezezagun bat aurkitu dute Ingalaterran

Vectaerovenator inopinatus espeziea aurkitu dute, duela 115 milioi urte existitu zena. Tyrannosaurus rex hartzen duen dinosauro talde berean sailkatu dute.

'Vectaerovenator inopinatus' dinosaro bat. TRUDIE WILSON
Oihane Puertas Ramirez.
2020ko abuztuaren 13a
12:26
Entzun

Southamptongo Unibertsitateko (Ingalaterra) paleontologo talde batek Vectaerovenator inopinatus espeziea aurkitu du Wight uhartean (Ingalaterra hegoaldean): duela 115 milioi urte bizi izan zen dinosauro bat.

Espezie hori lau hezur fosiletatik abiatuta katalogatu dute, Ingalaterrako uhartean aurkitutako hiru aurkikuntza independentetan. Hezurrak ez dituzte paleontologoek aurkitu, uhartera joadako zenbait bisitarik baizik. Paul Farrellek, dinosauroaren arrastoak aurkitu zituztenetako batek, BBC kateari adierazi zion nola aurkitu zuen hezurra: «Hondartzan nenbilen, harriei ostikoak ematen, eta dinosauro hezur bat zirudiena topatu nuen. Benetan harrituta geratu nintzen espezie ezezagun bat izan zitekeela jakitean».


Aurkitu dituzten hezur zatiak eta haien kokapena. SOUTHAMPTONGO UNIBERTSITATEA

Ikertzaileen arabera, Vectaerovenator inopinatus espeziea Kretazeo garaikoa da, eta Tyrannosaurus rex espeziearen dinosauro talde berean sailkatu dute. Dinosauroaren tamainari dagokionez, lau metro ingurukoa izan zitekeela uste dute.

Espezieari jarri dioten izenak zerikusia du hezurretan airez beteta atzeman dituzten tarte zabaleekin. Ezaugarri horrek, gainera, dinosauroa  Theropoda motakoa dela zehazten lagundu die ikertzaileei —dinosauro sauriskioak sailkatzeko azpiordena; hezur hutsak eta hiru hatz funtzionaleko gorputz adarrak ditu. Chris Baker Southamptongo Unibertsitateko paleontologoak adierazi duenez, «Kretazeo erdialdeko Theropoda dinosauroen erregistroa ez da oso ona Europan; beraz, benetan kitzikagarria izan da garai horretako espezieen aniztasunari buruzko ezagutza handitzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.