Arrauna

Isuntzak ezingo du arraun egin asteburuan Eusko Label ligako bi estropadetan

Arraunlari batek COVID-19arekin positibo eman duela zabaldu du TKEk, baina Isuntzak zehaztu du "balore kontrajarriak" eman dituela testetan, eta horiek ez direla "erabakigarriak". PCR proban, negatibo eman dute kide guztiek. Irailaren 1era arte konfinatuta egotera behartuta daude orain, PCR probak berriz egin arte.

jarraia186136.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko abuztuaren 28a
11:40
Entzun

Isuntzako arraunlari batek COVID-19arekin positibo eman duela eman du aditzera Traineruen Kluben Elkarteak, eta horrenbestez, ezingo duela bihar eta etzi Galiziako bi estropadetan parte hartu, ligako eta Osasun arloko protokoloaren arabera, itxialdia egin behar dutelako gainerako kideek ere. Isuntzak ohar bidez zehaztu egin du gero TKEk zabaldutakoa: "Gure arraunlarietako batek lan munduan jatorria duen COVID-19aren ondorioz, probak egin ditu, eta jasotako emaitza kontrajarriak ez dira erabakigarriak. Denok egin ditugu probak orain, arraunlari hori barne, eta denetan negatibo atera da". TKEk hartu duen erabakiaz, ondorengoa adierazi du Lekeitioko arraun taldeak: "TKEko epaileak, zentzumena eta zuhurtzia oinarri hartuz, irailaren 1ean egingo diren PCR probak egin arte, konfinamendu protokoloa ezarri digu".  Gehitu du  "osasuna edozein kirol proba edo txapelketaren gainetik" dagoela. Horrenbestez, Lekeitioko trainerua ez da izango bihar eta etzi Eusko Label ligaren barruan jokatuko diren Galiziako bi estropadetan.

Irailaren 1eko testetan berriz ere negatibo ematen badute denek, Kontxarako sailkatze estropadan izango da Isuntza, datorren ostegunean.

Ligako araudiaren arabera, orain arte batutako puntuen batezbestekoa emango zaio Isuntzari bi estropada horietan: bost puntu bihar, eta beste horrenbeste, etzi. Zortzigarrena da sailkapenean, 64 punturekin, eta kanporaketa jokatzera eramaten duen azken-aurreko postuan den Aresi bederatzi puntu ateratzen dizkio.

Isuntzaren egoera ez da aurrenekoa denboraldi honetan. Euskotren ligan, Arraun Lagunak berdin egon zen, hiru estropadatan lehiatu ezinda, eta orain ere etxean konfinatuta daude denak, liga amaitu eta gero beste arraunlari batek positibo eman zuelako. KAE 1 ligan, Getaria egon zen horrela, eta KAE 2 ligan, Zarautz B eta Portugalete ez dira gehiago lehiatuko denboraldi honetan, berriki izandako positibo kasuengatik.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.