Torrak aldaketak egin ditu Kataluniako Gobernuan

Hiru kontseilari ordezkatu ditu: Miquel Buch Barne kontseilaria, Angels Chacon Enpresakoa eta Mariangela Vilallonga Kulturakoa.

Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidentea. MARTA PéREZ / EFE
2020ko irailaren 3a
13:33
Entzun

Kataluniako Generalitateko presidente Quim Torrak aldaketak egin ditu gobernuan, eta hiru kontseilari ordezkatu ditu: Miquel Buch Barne kontseilaria, Angels Chacon Enpresakoa eta Mariangela Vilallonga Kulturakoa. Horien ordezko izango dira Miquel Samper (Barne kontseilari), Ramon Tremosa (Enpresa) eta Angels Ponsa (Kultura). Hain zuzen, Auzitegi Gorenak Torra inhabilitatzeko erabakia hartu dezakeen bistaren atarian hartu du erabakia.

PDeCAT-Junst Per Catalunya alderdien harremana gaiztotu izanak eragina izan du —PDeCAT-eko kide izaten jarraitzen du Chaconek; alderdi horretako ordezkari bakarra Torraren kabinetean—. Desadostasunak daude horien artean, eta joan den astelehenean Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohiak Alderdi Demokrata Europar Katalaneko (PDeCAT) kide izateari utzi zion. Haren urratsei jarraituz, beste hainbat kontseilarik ere bide bera hartu zuten.

Torraren erabakiaren ostean, PDeCAT alderdiko presidente David Bonvehik premiazko bilera batera deitu du. Gaur arratsaldean bilduko dira, eta ondoren, 17:00etan, taldeko bozeramaile Marc Solsonak prentsaurreko bat emango du, telematikoki.

JxC hauteskunde hautagaitza gisa sortu zuten 2017ko azaroan, eta azken bozetan PDeCATen, Crida Nacionalen, Accio per la Republicaren eta hainbat independenteren arteko koalizioaren aterpe izan da. Puigdemontek eta haren gertukoek ezinbestekotzat jo dute independentismoaren elkargune izango den «zeharkako» alderdi bat sortzea, espektro ideologiko «zabala» hartuko duena. Helburu horrekin sortu zuen presidente ohiak Crida Nacional, 2018an, eta helburu berarekin bihurtu zuen JxC alderdi politiko joan den uztailean.

PDeCATen eta JxCren bat egiteak zer formulari jarraitu behar dion, horixe da bi indarren arteko akordiorako oztopo nagusia. Puigdemontek alderdi berriarekin bat egitera deitu zituen PDeCATeko kideak —2.800 baino gehiago ditu —, baina alderdi horretako zuzendaritzak bere militanteei ohartarazi die militantzia bikoitza debekatua dutela. Hortaz, «zintzo» jokatzeko eskatu zien Puigdemonten proiektu berriarekin bat egin nahi dutenei, eta alderdia uzteko esan zien.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.