Brexit-a

Johnsonek jarrera gogortu du Europako Batasunarekin negoziazioei begira

Lehen ministroak dio urriaren 15erako harreman berrirako akordiorik ez badago brexit gogorrarekin egin beharko dela aurrera. Erresuma Batuko Gobernua lege bat prestatzen ari da, eta Ipar Irlandaz sinatutakoa ezerezean utz dezake. Von der Leyenek gogorarazi du Irteera Akordioa ezartzea betebeharra dela nazioarteko araudiaren pean, eta derrigorrezkoa etorkizuneko edozein elkarlanerako.

Boris Johnson, Erresuma Batuko lehen ministroa, artxiboko irudian.
Boris Johnson, Erresuma Batuko lehen ministroa, artxiboko irudian. Will Oliver / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Irune Lasa -

2020ko irailak 7

Astea gogor hasi du Boris Johnsonek. Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren arteko harreman berria adosteko negoziazioen zortzigarren itzulia hasiko da bihar, eta badirudi lehen ministro britainiarrak presioa areagotu nahi duela. Batetik, epea jarri du: harreman berriari buruzko akordio bat egon behar da urriaren 15eko EBko Kontseilurako. Bestetik, plan bat atondu du, behar izanez gero, lege baten bitartez brexit-erako Irteerako Akordioan jada sinatutako puntu batzuen eragina ezeztatzeko.

Urriaren 15erako «akordiorik ez badago, ez zait iruditzen gure artean merkataritza librerako akordiorik izan daitekeenik; hori onartu, eta aurrera egin beharko dugu», esan du Johnsonek. Gaineratu du, halaber, adostasunik gabeko harreman berria Erresuma Batuarentzako «positiboa» izango litzatekeela aurrerantzean ere.

Johnsonen ustez, «Erresuma Batuak ezin die uko egin herrialde independentea izateko funtsezko oinarriei», zeharka aipatuz arrantzarako eremuak eta estatu laguntzak emateko askatasuna.

«Bi munduetatik onena»

Michel Barnier Europako Batasunaren negoziatzaile nagusia «kezkatuta» dago, gaur France Inter irratian esan duenez. Britainiarrek «bi munduen onena» nahi dutela gaitzetsi du, eta berretsi du arrantzari buruzko adostasuna derrigorrezkoa dela akordio zabalagoetarako.

Aldiz, Erresuma Batuko negoziatzaileek nahiago dute gai errazagoak hitzartzea aurrena, eta zailenak bukaerarako uztea.

Ezin da ukatu harremanak gaiztotzen ari direla. Erresuma Batuko zenbait hedabidek joan den astean iradoki zuten, adibidez, Europako herrialde batzuek Barnier baztertzen ari zirela, akordiorako oztopoa zelakoan. EBko negoziatzaile nagusiak baztertu egin du halakorik dagoela, eta esan du «gezurrezko zurrumurruak» direla. Dena den, zalantzarik bazegoen, asteburuan Alemaniaren babes esplizitua jaso du Barnierrek.

Gaurko elkarrizketan Michel Barnierrek ez du adierazpenik egin nahi izan Erresuma Batuaren barne merkatuari buruzko planez. Hori bai, Ursula von der Leyenek adierazi du espero duela Erresuma Batuak bere hitza betetzea: «Irteera Akordioa ezartzea betebeharra da nazioarteko araudiaren pean, eta derrigorrezkoa etorkizuneko edozein elkarlanerako. Irlanda eta Ipar Irlandarako protokoloa funtsezkoa da irlan bakea eta egonkortasuna, eta merkatu bakarraren osotasuna babesteko».

Dibortzio akordioa auzitan

Financial Timesek atzo plazaratutako albistearen arabera, Johnsonen gobernua barne merkatuari buruzko legedia berria prestatzen ari da, zeinaren ondorio nagusia brexit-erako akordioaren eragina murriztea edo desegitea litzateke. Atzerapausoa, batez ere, Ipar Irlandaz oraindik erabat finkatu gabeko gaietan etorriko litzateke, hala nola estatu laguntzei eta aduanei buruzkoetan. Urrian sinatu zen akordioaren helburu nagusia, hain zuzen, Irlandako Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko muga zurrunera ez itzultzea zen.

Asteazkenean da aurkeztekoa lege proiektua. Erresuma Batuko gobernuaren iturrien arabera, nolabaiteko erresalbua da, negoziazioek porrot egiten duten kasua erabiltzeko.

Irlandako Atzerriko Harremanetarako ministro Simon Coveneyk berehala gaitzetsi zuen Johnsonen mugimendu hori: «Jarduteko modu oso zentzugabea litzateke».

Brexit-erako akordioa joan den urrian adostu zuten Erresuma Batuak eta Europako Batasunak, bien arteko dibortzioaren baldintzak hitzartuz. Horiek horrela atera zen herrialdea Batasunetik joan den urtarrilaren amaieran, eta trantsizio epea hasi zen.

Bi fakzio 

Jada sinatutako baldintza edo adostasun horietan orain alde bakarrez atzera egiteak —edo aukera hori mahai gainean jartzeak— bi ondorio esanguratsu izan ditzake, iturri diplomatikoek adierazi dutenez. Batetik, are gehiago gaiztotuko lituzke harreman berrirako negoziazio jada lardaskatuak. Eta bestetik, Erresuma Batuak bere konpromisoak betetzeko duen gaitasunari edo borondateari buruzko zalantzak piztuko lirateke nazioartean, noiz, eta herrialdea merkataritza akordioak negoziatzen ari denean hainbat herrialderekin.

Londresko hainbat egunkariren arabera, oraintxe, Johnsonen gobernuan bi fakzio daude, nor nagusituko lehian. Hori uste du Bruselako negoziatzaile taldeak ere. Batetik, jarrera errealistagoarekin akordio baten ezinbestekotasuna defenditzen dutenak daude, eta, bestetik, brexit-aren beraren ideologoak izan eta azken bururaino joan nahi dutenak.

Erresuma Batua abenduaren amaieran aterako da Europako Batasuneko merkatu bateratutik eta aduana eremutik, orduan iraungitzen baita brexit-erako trantsizio epea. Ordurako ez badago adostasunik Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren arteko harreman berrirako, mugetan eta aduanetan nahasmen handia sor daiteke, eta batetik bestera igaro behar duten salgaiek muga zerga handiak izan ditzakete, Munduko Merkataritza Erakundearen baldintzak ezarriko liratekeelako.

 

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

Bezeroa: enperadore berria

Imanol Magro Eizmendi

Bezeroek langileen jarduna ebaluatzeko sistemak hedatzen ari dira. Telefono bidezko zerbitzuetan jaio ziren, eta dagoeneko denda fisiko askotan daude. Haien menpe daudenei presio handia eragiten die; adituek diotenez, zerbitzua hobetzeko baino gehiago kontrol erremintak direlako.

Trenasako langileen protesta Beasainen, asteon. ©GORKA RUBIO / FOKU
 ©CLEMENS BILAN /EFE
Turismoaren datuak kaskarrak izan dira irailean Euskal Ekonomiaren Termometroaren arabera. ©JON URBE / FOKU

Ekonomiaren errebotea %15,2koa izan da hirugarren hiruhilekoan

Irune Lasa

BPGaren urte arteko jaitsiera -%7,7ra murriztu da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, jarduera ekonomikoak udan izandako erreboteari esker. Enplegua %6,5 urritu da 2019ko hirugarren hiruhilekotik

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna