Hazkundea

Esportazioek gora egin dute Alemanian eta Frantzian

Batez ere Txinara egindako salmentetatik etorri da esportazioen hazkundea. INSEEk hobetu egin ditu aurreikuspenak, eta uste du Frantziak %9ko atzeraldiarekin itxiko duela urtea.

VW autoak esportaziorako prest Emdengo portuan. DAVID HECKER / EFE
Irune Lasa.
2020ko irailaren 8a
12:28
Entzun

Hirugarren hilabetez jarraian, Alemaniako esportazioen kopuruak gora egin du uztailean (+%4,7), oro har Europatik kanpora eta bereziki Txinara egindako salmentei esker. Suspertzea aurreko bi hiletakoa baino txikiagoa izan arren, analisten ustez, esportazioen datuek erakusten dute Alemania hasia dela onurak igartzen merkataritza globalaren berpiztetik.

Frantziaren esportazio datuak ere onak izan dira uztailean, %9,6ko hazkundearekin. INSEEren arabera, herrialdeko ekonomiak pandemia aurreko jardueraren %95 berreskuratu du abuztuan. Institutuak uste du hirugarren hiruhilekoan BPGa %17 haziko dela eta, ondorioz, 2020ko gainbehera espero baino txikiagoa izango dela: %9koa.

Zenbateraino ote da suspertzea errebote teknikoa soilik? Argitzeko dago oraindik. Hirugarren hiruhilekoan Alemaniako esportazioak ere —eta barne produktu gordina— are gehiago berreskuratuko direla uste dute aditu gehienek, baina horretarako aldagai inportantea izan daiteke euroaren beraren trukea. Euro garestia, hain zuzen, hizpide izango dute, ziur, osteguneko Europako Banku Zentralaren kontseiluaren bilkuran.

Nadia Calviño Espainiako Ekonomia ministroak, berriz, esan du maiatzean “inflexio puntua” izan duela herrialdeak, eta hirugarren hiruhilekorako %10etik gorako hazkundea espero du barne produktu gordinean.

Bigarren hiruhilekoko BPGa

Urteko bigarren hiruhilekoan konfinamendu neurriekin zegoen Europaren isla da Eurostatek gaur emandako datua: euroaren herrialdeetan barne produktu gordina %11,8 erori zen apiriletik ekainera, eta enplegua %2,9 murriztu zen. Baina, beharbada, koronabirusaren kolpearen neurria hobeto ikusten da alderaketa aurreko urtearekin eginda. Euroguneko barne produktu gordina %14,7 txikitu zen, eta enplegua %3,1 murriztu zen.

2020ko lehen hiruhilekotik bigarrenerako aldaketan, Espainiako BPGak nozitu du kalterik handiena batasunean, alde handiz (-%18,4). Zerrendan atzetik izan ditu Kroazia (-%14,9), Hungaria (%14,5), Grezia (-%14), Portugal (-%13,9) eta Frantzia (-%13,8).

Iparraldeko herrialdeek izan dute beherakadarik txikiena: Finlandia (-%4,5), Lituania (-5,5), Estonia (-%5,6) eta Irlanda (-%6,5).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.