Diru politika

Euro garestiarekin kezkatuta dago EBZ, prezioak jaisten dituelako

Christine Lagardek ukatu egin du deflazio arriskurik dagoela. EBZko lehendakariaren ustez, datuek «jardueraren suspertze sendo bat» erakusten dute.

Christine Lagarde, gaur Frankfurten.
Christine Lagarde, gaur Frankfurten. Martin Lambert / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Irune Lasa -

2020ko irailak 10

Euroaren trukeari adi-adi dago Europako Banku Zentrala, diru garestiak euroguneko prezioetan duen «eragin negatiboari» buruzko informazio guztia «kontu handiz ebaluatzen». Martxotik euroa %10 inguru garestitu da dolarrarekiko. Horrek, besteak beste, euroaren eremuko salneurriei presio egiten die beherantz, atzerritik inportatutako salgaiak merkeago iristen diren heinean; gainera, aldi berean, salmentak zailtzen dizkie euroguneko esportatzaileei, eta horrek suspertzea geldotzen du.

Banku zentralek ezin dute zuzenean esku hartu euren diruen trukean, adibidez, haiek ahultzeko, ez badute munduko beste botereekin gatazkan sartu nahi. Horregatik, EBZko kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, EBZko lehendakari Christine Lagardek behin eta berriz errepikatu du gaur euroaren trukea ez dela erakundearen «jomuga», .

Baina euroaren eremuko herrialdeetako prezioen bilakaeraren inguruko kezka handia da oraintxe. Pandemia oraindik garaitu gabe, ekonomiak inondik ere suspertzeko bidean ez, inflazio tasaren abuztuko zenbaki gorriekin (-%0,2), deflazioaren mamua bertan da. Horregatik, ekonomiarentzat oso kaltegarria izan daitekeen prezioen beheranzko joera jarraitu baterako arriskuaz hainbat galdera erantzun behar izan ditu gaur Lagardek. 

Arriskurik ez

 EBZko lehendakaria oso ziur agertu da esaterakoan EBZren iraileko iragarpenek ez dutela deflazio arriskurik aurreikusten. Esan du euroguneko abuztuko inflazio negatibotik ezin daitekeela hori interpretatu, eta deflaziorako arrisku handiagoa ageri zela EBZk ekainean egindako iragarpenetan orain baino. 

Lagardek aipatu du nola, Eurostaten arabera, abuztuko inflazio negatiboa eta hurrengo hilabeteetako zenbaki gorriak esplikatzen diren, hein handi batean, petrolio merkearengatik eta Alemaniak BEZ zergan egindako murrizketarengatik. Eurostatek uste du, Lagardek gogoratu duenez, inflazio positiboa 2021. urtearen hasieran itzuliko dela. Eta ildo bereko analisia egin du EBZk bere iraileko aurreikuspenetan, ekainean egindakoak pixka bat hobetuta. EBZko adituen ustez, euroaren eremuak %0,3ko inflazioarekin amaituko du urtea; %1ekoa izango da 2021ean (ekainean %0,8 iragarri zuen), eta %1,3ra igoko da 2022an, laguntza eta zerga politikekin lorpenak apaldu egingo dituztelako energiaren prezio merkeek.  

Epe ertaineko deflazioa ukatuz Lagardek egindako baieztapen kategorikoak analista eta ekonomista askoren harridura eragin du, eta batzuek uste dute hori esana damutuko zaiola Lagarderi, errealitateak kontrakoa erakusten dion honetan. Deflazioa urrundu nahi bada, merkatuko eragile askoren ustez, EBZk eta Europako Batasunak olio gehiago bota beharko diote motorrari. 

Baina horri buruz zantzu gutxi eman ditu gaurkoan EBZk, eta ez du erabaki edo neurri esanguratsurik iragarri. Lagardek jakinarazi du «ziurrenez» banku zentralak zorra erosteko pandemia garaiko PEPP programaren 1,35 bilioi guztiak erabiliko dituela. Izan ere, Lagarderen ustez, datuek «jardueraren suspertze sendo bat» erakusten dute. EBZren aburuz, euroaren eremuko BPGak %8ko murrizketarekin amaituko du urtea (ekaineko aurreikuspena %8,7koa zen); 2021ean, %5 haziko da euroguneko ekonomia; eta, 2022an, hazkundean %3,2koa izango da. 

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Paziente bat, ZIUan, osasuneko profesional baten arta jasotzen. ©Andoni Lubaki / Foku

Kutsatzeen katea ez da eten, eta goia jo du ospitalean daudenen kopuruak

Arantxa Iraola - Maddi Ane Txoperena Iribarren - Irati Urdalleta Lete

Nafarroan bigarren olatuko kutsatu kopururik handiena izan dute (578), eta Gipuzkoako kutsatze tasa 500 kasutik gorakoa da jada. Murrizketak Iparraldean ere: ostatuek 22:00etarako itxi beharko dute

Antigorputzak atzemateko testak, artxiboko irudi batean; immunitate sistemaren erantzuna neurtzen dute. ©ROBERT GHEMENT / EFE

Gaitzei aurre egiteko ahalmena

Arantxa Iraola

Sendo behar da immunitate sistema eritasunei aurre egiteko; izurriak lehen lerrora ekarri ditu gorputzaren babes mekanismoei buruzko jakingarriak. Aldagai askok eragiten dute

 ©ENRIC FONTCUBERTA / EFE
Iruñeko taberna atari bat, atzo. ©JESUS DIGES / EFE

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna