PILOTA

«Egoera jasanezina da»

Baikoko pilotari gehienek agerraldia egin dute, eta gogor salatu dute enpresak azkenaldian izandako jokabidea. Enpresak jarrera aldatu ezean, prest daude mobilizazioren bat egiteko. Pilotari profesionalen elkarte bat sortzeko asmoa azaldu dute. 

Baikoko pilotariak, agiria sinatzen, gaur, Tolosako Beotibar pilotalekuan. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Etxeberria.
2020ko irailaren 15a
18:32
Entzun

Baiko Pilota enpresako pilotarien gehiengoak aurrerapausoa eman du. Nahikoa dela esan diote enpresari. Duela bi aste, euren kezka azaldu zuten prentsari igorritako ohar batean. Gaur, ordea, beste pauso bat eman dute, eta jendaurrean azaldu dira Tolosan (Gipuzkoa), Beotibar pilotalekuan. Azaldu dutenez, «atsekabe orokor bat» ari dira bizitzen aspaldian enpresak haiekiko hartu dituen hainbat jokabiderekin, eta jokabide horiek zuzendu beharrean, «biderkatu» egin dira azken hilabeteetan. Horregatik erabaki dute «beti ezkutuan egon den egoera» publikoki azaltzea.

Hamasei pilotarik hartu dute parte agerraldian. Joanes Bakaikoa eta Jon Erasun egotekoak ziren, baina Bakaikoari, enpresak entrenamendua jarri dio ordu berean, eta Erasun, bakartuta dago etxean, COVID-19a dela eta. Iosu Eskirozek eta Victor Estebanek bete dituzte haien tokiak. Hain zuzen ere, ez bati, ez besteari ez dio berritu kontratua Baikok. Ez dira egon Aimar Olaizola, Mikel Urrutikoetxea eta Ander Imaz. Mikel Larunbe ere da egon, baina hark bere erabakia zehaztu nahi izan du ohar batean. «Nire lankideei, guztiei, hasieratik, eta errespetu osoz euren erabakiarekiko azaldu nizkien nik prentsaurrekoan parte ez hartzearen arrazoiak. Nahiz eta taldeko kide bezala —hasieratik eta orain bezala—, taldearen helburu nagusia, kezkak eta gauzak aldatzeko nahia erabat partekatu, nire iritziz, planteatu den bezalako prentsaurrekoa une honetan kaltegarria gerta daiteke daukagun egoera behar bezala irtenbide-bidean abiatzeko. Prentsaurrekoan parte ez hartzea prozedura ezadostasun puntual bat baino ez da. Benetan garrantzitsua dena da taldeko pilotariok dagozkigun gai funtsezkoenetan gure langile kontzientzia eta praktika kolektiboa egoki mantentzea eta garatzea». 

Hauek dira pilotari talde horrek egindako salaketak: Baiko taldea sortu zenean informaziorik ez jasotzea; entrenamenduetan pilotari bakoitzaren egoera pertsonala kontuan ez hartzea eta trabak jartzea; bidaien diru ordainak ez jasotzea; aurrekontratua dutenek baldintza txarrak dituztela; Jose Ramon Garai kudeatzailearen errespetu faltak; esklusibotasun osoa eskatzea soldata txikia jasotzen dutenei; pilotarien eta prentsaren arteko harremanak debekatzea; partida berezietako osagarriak nahierara manipulatzea; akats arinengatik edo materialari buruzko adierazpenak egiteagatik isunak jasotzea; laguntzaileentzako gonbidapenak kentzea; aldi baterako erregulazioaren txostena ez jasotzea; horren negoziazioan pilotariak kolektibo moduan ez onartzea; Iker Arretxeri kontratua ez berritzea, eta haren agurrean enpresako inor ez egotea; Iosu Eskirozi kontratua ez berritzea, nahiz eta horretarako, hainbat pilotari prest zeuden euren soldata jaisteko; eta Victorri kontratua ez luzatzea.

Pilotarien arabera, «jasanezina da egoera, eta pilotaren onerako, aldatu egin behar da». Horregatik, eskaera zehatzak egin dituzte:  Garaik jarrera aldatzeko, eta enpresak azkenaldian hartutako zenbait erabaki berriro planteatzeko. Eskaera horiei «entzungor» eginez gero eta «tratu bera» jasotzen jarraituz gero, «neurri zorrotzagoak» hartu beharko dituztela diote, hala nola, mobilizazio bat egitea. Diotenez, «garai nahasi honek eta tratu iraingarri horiek pilotariek jasaten duten babesgabetasunari buruzko hausnarketa bat» eragin diete. Horren aurrean, «euren bidea egin eta hari jarraitzea» erabaki dute. Horretarako, pilotari profesionalen elkarte bat sortuko dute, «egungo pilotariak eta datozen urteetan etorriko direnak babesteko». Haien ustez, «funtzionatzeko modua aldatu behar da, elkartu, eta pilota profesionalaren munduko subjekturik ahulena, eta, aldi berean, garrantzitsuena babestu: pilotaria».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.