Zientzia

Elhuyarrek zientziako eta teknologiako bideoen lehiaketa bat antolatu du gazteentzat

Urrian zehar jasoko dituzte 12 eta 18 arteko gazteek egindako proiektu edo esperimentu zientifiko eta teknologikoen bideoak. Hiru sarituek Frantziako Futuruscope parkerako bidaia bat irabaziko dute.

Ikasle batzuk Elhuyarrek antolatutako bisita gidatu batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
2020ko irailaren 16a
16:01
Entzun

Zientzia Azoka egitasmoaren barruan, 12 eta 18 urte arteko gazteentzako bideo lehiaketa bat antolatu du Elhuyarrek. Parte hartu nahi dutenek eurek egindako proiektu edo esperimentu zientifiko eta teknologikoen inguruko lan bat bidali beharko dute, eta urriaren 1etik 31rako epea izango dute horretarako. Hiru bideo irabazleek Frantziako Futuroscope parkerako bidaia bat jasoko dute, taldeko kide guztientzat.

Banaka edo taldeka har daiteke parte, gehienez ere lau laguneko taldeetan, eta bideoak gehienez ere bost minutu iraungo du. Elhuyarrek baldintza gehiago ere azaldu ditu: «Gaia guztiz askea da: zientzia ikerketako proiektuak, proiektu teknologikoak, esperimentuak... hala, gazteek egindako proiektua azaldu beharko dute, zer egin duten eta zergatik kontatuta». Proiektua euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez egin daiteke, eta publiko mota guztientzako erakargarria izatea sarituko dute.

Adin tarteka banatuko dira sariak: DBH1eko eta DBH2ko ikasleentzat izango da sari bat, DBH3 eta DBH4koentzat beste bat, eta batxilergokoentzat azkena. Zientzia Azokaren webgunean eman daiteke izena.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.