Artea

Lee Krasner artista itzaletik atera nahi izan du Guggenheim museoak

Espresionismo abstraktuaren aitzindarietako bat izandako sortzailearen bost hamarkadako ibilbidea aztertu du Bilboko Guggenheim museoak, haren 62 margolan batuz

Emakume bat Lee Krasner artistaren margolanei begira. MARISOL RAMIREZ/FOKU
Inigo Astiz
2020ko irailaren 17a
15:24
Entzun

«Oso obra ona da, ez dirudi emakume batek egindakoa». Oraindik ikasle zenean, Hans Hofmann margolari eta irakasleak egin zion aldi bereko aitortza eta ukazio esaldi horrek biltzen du Lee Krasner artistak (New York, 1908 - New York, 1984) bost hamarkadako ibilbide artistikoan bizi behar izandakoaren parte handi bat. Hain zuzen ere, horregatik nabarmentzen dute oharra sortzaileari eskainitako biografia gehienetan. Gaur egun, gero eta ohikoagoa da bere izena XX. mendeko bigarren erdialdeko AEBetako margolari garrantzitsuenen zerrendetan, eta gutxik ukatuko dute espresionismo abstraktuaren aitzindari izan zenik, baina, ukazioa da aitortza horien guztien abiapuntua. Hasteko, judutar familia ortodoxo batean haztearen espektatiben aurka hartu zuen pintore izateko erabakia 14 urterekin, eta estualdi ekonomiko bat baino gehiagori aurre eginda burutu ahal izan zituen arte ikasketak. Emakumezko pintore izatea oraindik bitxikeria zen sasoian izan zen emakumezko eta pintore, eta, hori gutxi ez, eta urte luzez Jackson Pollock artistaren alargun izatearen itzalpera kondenatu du artearen historiak. Haren figura errekuperatu nahi izan du orain Bilboko Guggenheim museoak, eta haren bost hamarkadako ibilbidea biltzen duen 62 margolaneko atzera begirakoa eskaini dio: Lee Krasner. Kolore bizia. Urtarrilaren 10era arte egongo da ikusgai.

Europan sekula egin zaion atzera begirakorik sakon eta osoena da, eta zor kitatze baten pare aurkeztu du Lucia Agirre komisarioak. «Beharrezkoa zen». 2017an eduki zuten lehenengoz Krasnerren margolan bat ikusgai Bilbon, Guggenheim museoak espresionismo abstraktuari eskainitako monografikoaren barruan, baina Agirrek onartu duenez, lehenagotik zerabilten artistari erakusketa propio bat eskaintzeko ideia. «Oso erakusketa desiratua da hau».

Printzipio deklarazioa

1928ko autoerretratu batek abiatzen du ibilbidea, eta kronologikoki antolatu dituzte hortik aurrerako margolan guztiak. Lehen irudi horren garrantzia nabarmendu du komisarioak, ordea. Bertan biltzen baita, haren hitzetan, Krasnerren asmoa. «Printzipio deklarazio bat da». Ikusleari zuzen begiratzen dion emakume bat erakusten du margolanak, pintzelak eskutan, atzean baso bat daukala. «Pintore modura irudikatzen du bere burua». Haren ikasketa ibilbidearen berri ematen dute ondorengo margolanek. Estilo klasikora egindako biluzien ikerketak, Hofmannen eskoletan kubismoaren eraginpean margotutako giza figurak, espresionismo abstraktuan koka daitezkeen lehen margolanak, collageak...

«Krasner ez zen estilo zehatz baten marka pean aritzen zen pintore bat», azaldu du Agirrek. Eta Krasner sorta bat ikus daitezke horregatik sinadura bakar horren atzean. Betiere, erreferentziazko bi artista nagusirekin: Pablo Picasso eta Henri Matisse. Komisarioaren hitzetan, erakusketa osora zabaltzen baita haien itzala.

Biografia piktoriko bat

Erabat uztartuta doaz bizitza eta artea, gainera, bere kasuan. Eskutik, biografia eta pintura. Eta giltzarria da hor Pollock-en ispilua. 1942an McMillen Inc. galeriak pintura amerikarrari eta frantziarrari eskainitako erakusketaren harira ezagutu zuten elkar bi sortzaileek, eta ezkonduta zeuden 1945erako. Inpaktu handia izan zuen Pollocken agerpenak Krasnerren pinturan, Agirrek zehaztu duenez, baina haren itzalean gelditzea ere ekarri zuen horrek, erakusketan argi ikus daitekeenez.

Peggy Guggenheim arte bildumagileak eskainitako laguntza ekonomikoari esker, 1945ean, Springs herrira mugitu zen bikotea, baserri batean bizitzera, eta ordukoak dira Irudi txikiak izeneko serieko koadroak. Sorta horren parte diren neurri txikiko hainbat margolan abstraktu ikusi ahalko ditu bisitariak Bilbon, eta, Agirrek zehaztu duenez, Krasnerrek eta Pollockek zuten estatus ezberdintasunaren froga argia ere badira. «Margolan hauek logelan margotu zituen Krasnerrek, eta horregatik dira neurri horretakoak, han sartzeko modukoak izan behar zutelako. Pollockek bihitegian egiten zuen lan, ordea, eta neurri handiko oihalekin lan egiteko aukera ematen zion horrek». Are, neguan, gela bat bakarrik berotzeko beste diru zutenez, logelara joan zen Pollock, eta egongelan jarraitu zuen orduan Krasnerrek.

Bihitegia eta logela

Zehaztapena ere egin du komisarioak, halere. «Pollock-ek bazuen arrakasta ordurako, eta, beraz, espresionismo abstraktuaren parte ziren beste artisten emazte askok ez bezala, Krasnerrek ez zuen bere lana eten behar izan bere senarra mantendu behar izateko. Beti margotu zuen, naturala zen harengan, eta bikoteak ez zuten horretaz hitz egin behar izan ere».

Badira Krasnerrek bere margolan zaharren puska apurtuekin osatutako collageak erakusketan, eta Pollocken eta bere amaren heriotzak dolu sasoi bat hasten du artistaren ibilbidean. Bereziki nabarmena da Picassoren eragina margolan horietan, esaterako. Epe ilun horren ostean, ordea, senarraren estudio izandako bihitegian lanean hasten da Krasner, eta neurri handiko margolanak egiteko aukera zabaltzen dio horrek. Indartsuak dira bere mugimenduak. Biziak koloreak. Urteekin neurritsu izatera joko du sortzailearen arteak, eta ibilbideko lehen aretoko margolanen hondarrekin osatutako collage sorta batek ixten du erakusketa. Hain zuzen ere, Hofmannekin margotutako giza figura kubistaz osatutako hasierara bueltatuz. Erabat ezberdin. Buelta oso bat emanda.

Feminismoak berreskuratuta

Agirrek esan duenez, feminismoak 60ko hamarkadan egin zituen Krasnerren figura errekuperatzeko lehen saiakerak, eta hainbat erakusketa egin zitzaizkion AEBetan lan horri esker. Europan, 65an egin zen Londresen lehen erakusketa erretrospektiboa. Eta bigarren berreskuratze moduko bat ikusten du orain martxan komisarioak.
Londresko Barbican Centre zentroarekin eta bertako Eleanor Nairne komisarioarekin elkarlanean antolatu du erakusketa Bilboko museoak, eta Euskal Herria izango du azken geltokia. Aurrez, Londresen, Frankfurten eta Barnan egon dira margolanak. Seguros Bilbao enpresak babestu du Bilboko irekiera.

«Momentu berezia» izan da erakusketaren irekierarena Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendariaren hitzetan. Izan ere, Krasnerrena da martxoko itxialdiaren ostean, museoak berriz ateak ireki zituenetik egin duen lehen irekiera. Udarako zuten aurreikusita, berez, baina atzeratu egin behar izan dute, koronabirusaren eraginez. Luzatu egin zituzten lehenagotik martxan zituzten erakusketak, baina berriz ere erakusketa berriak aurkezten hasteko asmoa du orain museoak. Horregatik, «urratsez urrats» normaltasunera itzultzen hasiko direla erakusten duen ikur bat ere bada Krasner, museoko zuzendariaren hitzetan; nahiz eta onartu duenez, erakundearentzat erronka sasoia da egungoa. «Saiatu gara funtzionamenduari eutsiko dion nukleo bat mantentzen, eta programazioari eta geure bideragarritasun ekonomikoari eusten, ahal izan den neurrian».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.