Ekonomia %19,5 jaitsi da bigarren hiruhilekoan, aurreikusi baino pixka bat gutxiago

Langabezia datuetan ere arindu egin dira uztailean eginiko aurreikuspenak: %17,2 izan zen tasa

Mekanikari bat lanean, iragan apirileko irudi batean. JON URBE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko irailaren 18a
10:38
Entzun

Koronabirusaren krisiak 2020ko bigarren hiruhilekoan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomian izandako eragina espero baino arinagoa izan da. Bizkarrekoa handia izan da, historikoa, baina datuak Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak iragan uztailean aurreikusitakoak baino pixka bat hobeagoak dira. Ordukoan, sailburuak aurreikusi zuen BPGa %20,1 apalduko zela urte arteko tasan, eta %19,8 langabezian; bada, aldagai guztien ikerketa zorrotzago bat egin ondoren, Eustat euskal estatistika institutuak arindu egin ditu datu horiek. BPGari dagokionez, %19,5eko jaitsiera egon da apiriletik ekainera; langabezian, berriz, aldea handiagoa da: %17,2koa izan da. Urte arteko datuak berrikusi ditu Eustatek, eta, ondorioz, hiruhilekoen artekoak ere bai. Urteko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, BPGa %16,4 jaitsi da, eta langabezia tasa %14,3 igo.

 

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak Europakoak baino txarragoak dira oro har. Euro eremuan %14,7 jaitsi da BPGa, eta %13,9 Europako Batasunean. Lurraldekako banaketan, %20,2 jaitsi da Araban, %19,5 Bizkaian, eta %19,3 Gipuzkoan. Nafarroako datuak hurrengo asterako espero dira. Krisiaren garairik okerrenean bildutako datuak dira horiek, konfinamendu bete-betean. Eustatek berak onartu du datuak biltzea «erronka» bat izan dela ezohiko egoerarengatik, eta ekonomiaren jaitsiera «itzela» izan dela.

Estatistika erakundearen arabera, ekonomiaren «jaitsiera areagotu» egin da sektore guztietan, «herri administrazioan, hezkuntzan, osasunean eta gizarte zerbitzuetan izan ezik». Horiek hala, lehen sektoreak %6,1eko murrizketa izan du urte arteko alderaketan; industriak, %26,7koa; eraikuntzak, %17,9koa; eta zerbitzuenak, %17,9koa. Zerbitzuen sektorea askotarikoa da, eta bilakaera oso ezberdina izan da arlo batetik bestera. Merkataritza, ostalaritza eta garraioari dagokionez, %21 egin du atzera; aldiz, esan bezala, herri administrazioan, hezkuntzan eta osasunean ez da egon ez igoerarik, ezta beherakadarik ere. Azkenik, gainerako zerbitzuetan jaitsiera izan da, %21ekoa.

Kontsumoan ere alde handia dago eremu pribatutik publikora. Etxeetako kontsumoari dagokionez, %20,3ko beherakada egon da iazko hilabete berekin alderatuta, eta %15,9koa lehen hiruhilekoarekin alderatuta. Kontsumo publikoan, aldiz, herri administrazio guztienean, %3ko igoera egon da iazko datuekin alderatuta. Hala ere, arlo horretan ere atzerakada egon da lehen hiruhilekoarekin alderatuta. Urtarriletik martxora iaz baino %4,6 gehiago kontsumitu zuten erakunde publikoek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.