Aitortza bat egunerokoa poesia bilakatzen duen begiradari

Carlos Canovas argazkilariak Kulturaren Vianako Printzea saria jaso du, bere ibilbidearengatik eta fotografia artistikoaren berritzaile izateagatik. Argazkilari batek Nafarroako kultuaren sari nagusia jasotzen duen lehen aldia izan da.

Carlos Canovas argazkilaria, gaur, Erriberrin, Vianako Printzea saria jasotzeko ekitaldian. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ane Eslava.
2020ko irailaren 19a
15:27
Entzun

Eguneroko paisaietan murgildu, atentzio handirik ematen ez duten xehetasunetan fokua jarri, eta pausaz begiratu. Pentsatu, landu, aurkitu; begirada eraiki. Pasioz. Argazkigintza hori izan da betidanik Carlos Canovas argazkilariarentzat: pasioa. Eta hori aitortu dio orain Nafarroako Gobernuak, 2020ko Kulturaren Vianako Printzea saria hari emanda. Canovas Hellinen (Espainia) jaio zen, 1951n, baina urte horretatik bertatik Iruñean bizi izan da, eta han eman zituen lehen urratsak argazkilari gisa ere. Berrogei urteko ibilbidearen ondoren, errekonozimendua iritsi zaio.

Argazkilariaren lana ezaugarritzen duen bere unibertsoak eta bere begirada bereziak ekarri diote Nafarroako Gobernuaren aintzatespena; baina baita argazkilaritzarekiko duen grina ere, berak azpimarratu duen bezala, «pasiorik gabe ez baitago kulturarik; pasiorik gabe ez dago arterik». Canovasentzat argazkilaria izatea da, hain zuzen ere, «norbere unibertsoa aurkitu eta eraikitzea; haren gainean eta bertatik argia egitea, eta, horren bidez, leku eta denbora zatitxoak ahanzturatik berreskuratzea eta gordetzea», saria emateko ekitaldian adierazi duenez.

Maria Txibite Nafarroako presidenteak eman dio saria, gaur eguerdian Erriberrin egindako ekitaldian. Iruñeko Ateneoak aurkeztu zuen Canovasen hautagaitza, argudiatuta haren ibilbideak «profesional onartu eta miretsia» bihurtu duela, eta Nafarroako eta Espainiako museo eta arte zentroetan erakutsi dituela lanak. Sari hori jaso duen lehen argazkilaria izan da. Ekitaldian Canovasek eskerrak eman dizkie Nafarroari, bere familiari, eta erkidegoko gainontzeko argazkilari guztiei: «Badakidalako, haiek bezala, zer den egunero borrokatzea argazkigintzaren mundu konplexu eta zirraragarri honetan; mundu gogor eta zoragarri, batzuetan hain ziztrin eta bestetan hain eskuzabal honetan».

Canovasi gaztetatik piztu zitzaion argazkigintzaren munduarekiko interesa, aitak bultzatuta, eta 1972an bere lehen kamera profesionala eskuratu zuen. Azkar utzi zuen alde batera orduko gizarteak markatutako bidea, eta urte haietan nagusi zen argazkigintza eredutik aldendu zen. Narratiba baino gehiago, poesia bilatzen zuen: «Nire argazkien mundua beste nonbait egotea nahi nuen: poesia intimoaren munduarekin antz handiagoa izatea, kontakizun sozialarekin baino». Horretarako, ezohiko agertokiak aukeratzen zituen fotografietan islatzeko: erdigunea baino, kanpoaldea; fatxada baino, atzeko pareta. Eguneroko paisaietako hegiak, eta horien poesia. «Baina ez dut ezer asmatu. Nik aukeratu besterik ez dut egin».

Kezka ofizioaren geroarengatik

Canovasek poza azaldu du Nafarroako kulturaren sari nagusiak argazkilari baten lanari aitortza egin diolako lehen aldiz. Uztailean Nafarroako Hitza-n adierazi zuenez, ordea, kezkaz begiratzen dio ofizioaren etorkizunari: «Garai konplikatua da. Gauzak anitz aldatu dira, eta horrek masifikazioa ekarri du. Batetik, ematen du argazkigintzak inoiz izan ez duen arrakasta soziala lortu duela orain; baina, bertzetik, hori egileon kalterako gertatu da, gero eta zailagoa delako nabarmentzea». Testuinguru horretan, argazkigintza «desagertzeko bidean» dagoela esan zion Edurne Elizondo kazetariari; guztiz desagertuko denik uste ez duen arren, ofizio gisa eusteko aukera gutxi ikusten baitio.

Hala ere, edonork argazkiak egiten dituen garaiotan, botoi bat sakatzea eta argazki bat egitea gauza ezberdinak direla defendatu nahi izan zuen; argazkilari batek beste zerbait behar duela; argazki on batek prozesu bat eskatzen duela: «Ez da gauza bera, inondik inora ere ez. Hori defendatu dut nik beti. Eta begirada eta prozesu osoa mantsotzeko beharra defendatu dut. Pentsatu behar da, landu, denbora hartu. Bide hori ezin da presaka egin».

Gogoeta mundu iragankor batean

Saria emateko ekitaldia Erriberriko Frantziskotarren komentuan egin dute. Ekitaldiaren buru Maria Txibite presidentea izan da, eta harekin batera izan dira Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea, Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol kontseilaria eta Maite Garbayo Erriberriko alkatea ere, beste ordezkari instituzional batzuen artean. Canovasek hainbat senitartekoen eta kultura munduko ordezkarien babesa izan du.

Txibite presidenteak Canovasen alderdi «sortzailea» nabarmendu du, «haren perfekzionismoa eta begirada sentibera, bestela oharkabean igaroko liratekeen txokoak ikusgarri eta protagonista bihurtzen dituena». Haren hitzetan, Canovasen lan artistikoa «gogoetatsua eta pentsatua da, begien bistatik haratago doan mezuak ditu, eta kantitatearen aurrean kalitatearen defentsa argia egiten du». «Iragankorraren aurkako borroka» fotografiatzen duela erantsi du, «irudia arte gisa erabiliz; emozioak transmititzeko bide gisa».

Vianako Printzea saria banatu duten 31. aldia izan da gaurkoa. 1990az geroztik urtero egin dute, etenik gabe, kulturaren edozein arlotan pertsonek, taldeek edo erakundeek egindako lana errekonozitzeko helburuarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.