Australia

Erreskatatu dituzte Tasmanian hondartuta dauden pilotu izurde gutxi batzuk

Erreskatatutakoak itsasora bidali dituzte berriz ere. Aurkitu zituzten 270 izurdeen herenak, ordea, hilda zeuden erreskate lanak hasterako.

Erreskate lanak Tasmaniako Macquarie badian (Australia). BRODIE WEEDING / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko irailaren 21a
11:40
Entzun

«Arrakastaz askatu dugu pilotu izurdeen (Globicephala) talde txiki bat, eta uretan daude berriz ere». Tasmaniako ipar-ekialdeko parkeez eta faunaz arduratzen den erakundeko Nic Dekaren hitzak dira. Bart hasi ziren herenegun hondartuta aurkitu zituzten 270 izurdeak erreskatatzeko lanak Tasmaniako Macquarie badian (Australia), eta, izurde batzuk erreskatatu izana albiste ona den arren, herenak erreskatea hasi baino lehenagotik hilda zeudela baieztatu dute.

Han lanean dabilen Kris Carlyon biologoak azaldu duenez, itsasontziz ezin izan dute heldu 200 izurde ingururenganaino. Ondorioz, erreskate taldeek «indarrak batu behar izan dituzte» bizitzeko aukera gehien zituzten izurdeei laguntzeko: «Animalia batzuk handiegiak ziren guk lagundu ahal izateko, eta beste batzuk oso kokapen txarretan zeuden». Hainbat aditu eta sorosle daude egunotan Macquarie badian, datozen egunetan hartu beharreko neurriak balioztatzen. Gune babestu bat da, oso oihantsua. Erreskate lanetan inguruko hainbat boluntario dabiltza, eta gunea itxita dago.

Carlyonek gehitu du erronka nagusia dela uretaratuta dauden izurdeak ondo bideratzea. Aurreratu du egun batzuk beharko dituztela animaliek hartzen duten norabidea jakiteko eta haiei laguntzeko.

Berriz Tasmanian

Duela hogei urte inguru gertatu zen antzeko zerbait, azkenekoz, Tasmanian. Deigarria da Australiak kostan hainbeste kilometro izanda han soilik gertatzea fenomeno hori. Gertatu den aurreko aldietan, zientzialariek esan izan dute baleak kostaldera gerturatu direla itsasontzi handien uhinei jarraika, edo gaixo eta galduta dagoen taldeburu baten atzetik. Aditu batzuek uste dute baleak animalia lagunkoiak direla, eta batek akats bat egin arren besteek jarraitu egiten diotela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.