NBE-k 75 urte

Txinaren kontrako neurriak eskatu dizkiote AEBek NBEri, pandemiarengatik

Txinak osasun krisiaren «politizazioa» gaitzetsi du, eta nazioarteko ordena berri bat galdegin du. Guterres NBEko idazkari nagusiak «beste Gerra Hotz baten» arriskuaz ohartarazi du.

Donald Trump AEBetako presidentearen hitaldia, Nazio Batuen Batzar Nagusian, New Yorken. RICK BAJORNAS, EFE
Andoni Imaz - Gorka Berasategi Otamendi
2020ko irailaren 22a
16:49
Entzun

NBE Nazio Batuen Erakundea 75 urte betetzear da, baina urtemugaren ospakizunak beste berezitasun batzuk izan ditu aurtengo batzar nagusian. Lehen aldiz, munduko agintariak ez dira New Yorken elkartu, eta aurrez grabatutako hitzaldiekin osatu dute topaketa birtuala.

Batzarrak agerian utzi du munduko bi potentzien arteko lehia. Donald Trump AEBetako presidenteak ahoan bilorik gabe hitz egin du Txinaren kontra. Pekini leporatu dio COVID-19aren pandemia munduan hedatu izana. Xi Jinping Txinako presidenteak, berriz, osasun krisiaren «politizazioa» baztertzera deitu du, eta nabarmendu du beharra dagoela «nazioarteko harremanetarako eredu berri bat» sortzeko, hainbat potentziaren arteko oreka oinarri izango duena.

Txinaren kontrako kritika gordinak egitera bideratu du Trumpek NBEko batzar nagusiko bere hitzaldia. COVID-19 birusari buruz ari zela, adierazi du munduak «etsai ikusezin» bat duela aurrez aurre: «Txina birusa». Eta, hain justu, Pekini leporatu dio pandemia munduan hedatu izanaren errua. Hori dela eta, AEBek adierazi dute NBEk kontuak eskatu beharko lizkiokeela Txinari.

Trumpek gaineratu du OME Osasunaren Mundu Erakundea Txinako Gobernuak kontrolatzen duela, eta bi erakundeei egotzi die pandemia hasieran hainbat gezur zabaltzea. Besteak beste, birusa gizakien artean kutsatzen zelako frogarik ez zutela ziurtatzea eta sintomarik ez dutenek gaitza ezin dutela kutsatu adieraztea.

AEBek Txinaren aurka egindako kritikak ez dira pandemiara mugatu. Trumpek Txinak sortzen duen kutsadura ere gaitzetsi du. Salatu duenez, «Txinaren karbono isuriak» AEBek sortutakoak «ia halako bi» dira, eta «azkar ugariitzen jarraitzen dute». Trumpen esanetan, «AEBen ingurumen politikak kritikatzen dituztenak, Txinaren kutsadura geroz eta handiagoari ez ikusiarena egiten badiote, ez daude ingurumenarengatik kezkatuta». AEBak Parisko Akordiotik erretiratzeko prozesua hasi zuen Trumpek, eta ordutik karbono isuriak «beste edozein herrialdek baino gehiago murriztu» dituela ziurtatu du.

AEBetako presidenteak «bake akordio historikoak» sustatu dituela nabarmendu du, bestalde. Kosovo eta Serbiaren arteko elkarrizketak aipatu ditu, baita Israelek Arabiar Emirerri Batuekin eta Bahrainekin sinatu dituen itunak ere. Ekialde Hurbilari dagokionez, «laster akordio gehiago» izango direla ziurtatu du.

Trumpen arabera, AEBek beren «patu bakezalea» betetzen dute. «Indarrean oinarritutako bakezaletasuna da». Presidenteak gaineratu du «AEBen aberastasuna» dela «mundu osoaren segurtasunaren oinarria».

Batzordeko hitzaldiak grabatutako bideoak zirenez, Xi Jinping Txinako presidenteak ezin izan die Trumpen akusazioei zuzenean erantzun, baina baztertu egin du pandemiaren «politizazioa» eta «estigmatizazioa». Xiren esanetan, zientziak gidatu behar du estatuen jarduna COVID-19aren aurka, eta OMEren egitekoa nabarmendu du, «nazioarteko erantzun» bat eman ahal izateko.

Txinako presidenteak nabarmendu du nazioarteko elkarlana bultzatuko duela, eta Txinak garatuko dituen txertoak «ondasun publikoak» izango direla, edonoren eskura, garabidean diren herrialdeak lehenetsita. NBEren COVID-19aren kontrako funtsera baliabide gehiago bideratuko dituela ere jakinarazi du.

Pandemiatik harago, elkarlanak nazioarteko harremanen oinarri izan behar duela adierazi du Xik, eta gaitzetsi egin ditu alde bakarreko jokabideak eta protekzionismo ekonomikoa. Txinako presidentearen esanetan, estatuak elkarren mendeko dira egungo mundu globalizatuan, eta horrek mundu mailako gobernantza eredua indartzea eskatzen du; besteak beste, «zibilizazio ekologiko bat» sortzeko. Hala, NBEren egitekoa funtsezkoa dela ziurtatu du Xik, eta potentzien arteko orekan oinarritutako nazioarteko ordena berri bat aldarrikatu du. Presidentearen esanetan, Txinak ez du nazioarteko hegemonia bilatuko, eta ez du izango «ez gerra hotzik, ezta berorik ere».

«Gerra Hotz baten arriskua»

Hain zuzen, «beste Gerra Hotz baten» arriskuaz ohartarazi du Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak. Mundua «norabide oso arriskutsuan» ikusten du. Haren iritziz, eragotzi beharrekoa da bi potentzia ekonomiko handienek mundua bitan zatitzea, bakoitza bere eragin esparruarekin. «Arrakala teknologiko eta ekonomiko batek ezinbestean ekarriko luke arrakala geoestrategiko eta militar baten arriskua».

NBEko buruak munduko agintariei eskatu die alde batera uzteko «populismoa eta nazionalismoa», eta jarraitzeko «zientziari» egungo garai historikoari aurre egiteko, «elkartasunarekin eta umiltasunez» jokatuz.

«Mundu interkonektatu batean, bada garaia egia sinple bat aitortzeko: elkartasuna guztion interesekoa da. Ez baldin badugu hori ulertzen, mundu guztiak galduko du», esan du Guterresek. Egungo egoera II. Mundu Gerraren ostekoarekin alderatu du, eta esan du koronabirusaren krisia «entsegu orokor bat» dela datozen egoeren aurrean prestatzeko.

Birusari dagokionez, NBE lanean ari da gaitzari aurre egiteko tratamendua «guztien onerako» izan dadin, eta «txerto popular» bat egon dadin guztien eskura. Haatik, idazkari nagusiak salatu du «zenbait herrialdek» soilik eurek erabiltzeko txertoak sustatu dituztela. «Inor ez da seguru egongo guztiok seguru egon arte».

Guterresek diru gehiago eskatu du garatzeko bidean diren herrialdeentzat. Pandemiak leku horietan «hondamendirik» eragin ez dezan, «kontratu sozial» berri bat ezartzearen alde hitz egin du. Esan du babes soziala behar dela, eta ekonomia berdeago bat ere bai, klima larrialdiari aurre egiteko neurri zorrotzekin. Gainera, kontratu sozial hori «nazioarteko akordio» batekin batera egin behar dute, haren ustean, munduko gobernantza «justuago eta eraginkorragoa» izan dadin. Diplomazialariak «mundu osoko su-eten bat» ere eskatu du.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.