NBE

Txinak agindu du karbonoan neutral izango dela 2060. urtea baino lehen

Emakumezko ahotsik gabe zabaldu dute bart NBEren Biltzar Nagusia.

Txinako presidente Xi Jinpingen hitzaldiaren une bat, NBEren asanblean. Izurria dela eta, telematikoki egin zuen. ESKINDER DEBEBE / UN PHOTO / HAN
Edu Lartzanguren.
2020ko irailaren 23a
10:23
Entzun

Washingtonek nazioarteko itunei eta erakundeei muzin egiteko jarrera hartu duen bitartean, Txina itzala handitzen ari da nazioartean. Bide horretan beste urrats bat egin du Pekinek bart hasitako NBEren Biltzar Nagusian. Txinak data zehatzak jarri dizkio klima aldaketaren kontra duen konpromisoari: 2030erako CO2 isurketen goia joko duela iragarri du Xik, eta 2060. urtea baino lehen karbonoan neutrala izango dela; hau da, ez duela xurgatzen duen baino karbono gehiago isuriko.

Beste herrialdeei ere dei egin zien Xik, mundu osoan «iraultza berdea» egiteko. Europako Batasunak neutraltasuna 2050. urterako lortzeko helburua ezarri dio bere buruari, ordea.

Trump, haatik, AEB klima aldaketaren aurkako Parisko Itunetik ateratzeko ari da lanean. Edonola ere, presidentetzarako lehiakide duen Joe Bidenek itunera itzultzeko konpromisoa hartu du.

Emakumerik gabe

Datu harrigarria utzi du NBEren aurtengo Asanblea Nagusia zabaltzeko saioak: 30 estatuburuk baino gehiagok hartu dute parte, eta horietako bat bera ere ez da emakumezkoa izan. Gaur espero da lehen emakume ahotsa entzutea: Eslovakiako presidente Zuzana Caputov.

Iaz 192 ordezkarik hartu zuten parte biltzarrean, eta horietako 16 baino ez ziren emakumezkoak. Halere, zabaltzeko saioan egon ziren emakumeak. Horregatik harritu du bart egindako saioak.

Ironikoa ere bada gertaturikoa, NBE emakumeen eskubideak bultzatzeko Pekingo Adierazpenaren 25. urteurrena ospatzen ari delako, eta urriaren 1ean horren inguruko goi bilera monografikoa egitekoa da.

Guterresek ohartarazi du izurriak eragindako krisiak batez ere emakumeei egiten diela kalte, batez ere emazteak aritzen direlako gehien galdu diren lanetan. Emakumeak dira pandemiak eragindako «ordaindu gabeko zaintza lan» gehiena egiten dutenak ere, haren arabera. Arazoari orain aurre egin ezean, «genero berdintasunak hamarkadak egin ditzake atzera».

Iranen afera hizpide izan da saioan. Hango presidente Hasan Rohanik salatu egin ditu herrialdeari egitasmo nuklearra dela-eta ezarritako zigorrak, baina eutsiko diotela adierazi du: «Bizitza gogorra da zigorpean, baina are gogorragoa independentziarik gabe». Iran itotzen duten zigorrak AEBetan George Floyd hiritar beltza hil arte ito zuen poliziaren belaunarekin ditu.

Kubako presidente Miguel Diaz-Canelek ere Washingtonen «erasokortasuna» salatu du, eta uhartearen ekonomiari eta garapenari ezartzen dion traba nabarmendu du. «Ez da astebete pasatzen gobernu horrek Kubaren aurkako adierazpenak egin gabe, edo murrizketa gehiago ezarri gabe».

Jakin-mina zegoen Brasilgo Jair Bolsonaro presidentearen hitzak entzuteko. Izan ere, koronabirusaren kudeaketarengatik eskuin muturreko buruzagiari egin dizkioten kritikez gain, ezinegona sortu du nazioartean Amazonia soiltzeko egitasmoei eman dien bultzadak. Bere burua defendatzeko aukeraz baliatu da Bolsonaro, eta Amazoniaren inguruko «desinformazio kanpaina baten biktima» dela salatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.