Migratzaileak

Mugak gogortu eta kanporatzeak azkartuko ditu Europako Batasunak

Bruselak alde batera utzi ditu migratzaileak hartzeko kuotak, eta, aldiz, «elkartasun malgua» eta hirugarren herrialdeekiko akordioak proposatu ditu.

Migratzaile talde bat Lesbos uhartean, suteak erretako Moriako kanpalekutik gertu. DIMITRIS TOSIDIS, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko irailaren 23a
13:04
Entzun

Atzera egin du Europako Batzordeak, eta amore eman du Polonia, Hungaria eta Austriaren protesten aurrean. Gaur aurkeztu duten egitasmoak aurrera egiten badu, estatu kideek ez dute migratzaileak hartzeko kuotarik izango, eta, horren ordez, Mediterraneoko estatuekiko «elkartasuna» eskatu diete agintariei. Horretarako, borondatezkoak izango diren «ekarpen malguak» egin ahal izango dituzte herrialdeek.

Proposamenaren arabera, herrialde batek ezin dionean gehiago eutsi «migratzaileen etorrerak eragindako egoerari», beste estatu kideei «elkartasunez» jokatzea eskatuko zaie iheslarietako batzuk euren herrialdeetan hartuz edo errefuxiatu estatusa lortzen ez dutenen kanporatzean lagunduz. «Kanporatze babestuak» lirateke horiek.

Egitasmoak aurreikusten ditu estatu kidei «elkartasuna» eskatuko litzaiekeen hainbat agertoki. Esaterako, itsasoan erreskatatu eta asiloa eskatzen duten migratzaileak lekualdatzeko garaian horiek hartzeko aukera ez ezik, haien beharrak aseta daudela bermatzeko «zuzenketa mekanismoak» ere egongo lirateke. Bestetik, krisi egoera batean, asilo eskubidea duten errefuxiatuak ez ezik, mugan paperik gabe daudenak ere jaso beharko lituzkete herrialdeek. 

Asiloa ukatzen zaien migratzaileen kanporatzeak azkartzea ere aipatu du Batzordeak, eta Europako Batasuneko kanpo mugak are gehiago ixtea. Azken puntu hori bermatzeko, inbertsio handiagoak egingo dituzte mugak zaintzeko sortutako Frontex patruiletan.

Proposamenak ez du aurreikusten, hala ere, Dublingo Ituna bertan behera geratzea. Akordio horren arabera, migratzaileek heltzen diren lehen herrialdean eskatu behar dute asiloa, eta, hark ukatuz gero, kanporatuak izango dira. Europako Batzordeko buru Ursula Von der Leyenek iragarri zuen joan den astean hitzarmena bertan behera utziko lukeela Bruselaren proposamen berriak, baina, gaur-gaurkoz, hark indarrean jarraituko luke, eta, ondorioz, Mediterraneoko herrialdeen erantzukizuna litzateke asilo eskaera gehienei erantzutea.

«Azkarragoa eta bidezkoagoa»

Europako Barne gaietarako komisario Ylva Johanssonen esanetan, prozedura berrien bidez asilo eskatzaileek ez dute «linbo batean egon beharko». Haren iritziz, erreformak prozedura «azkarrago, argiago eta bidezkoagoak» bermatuko ditu. Horretarako, hirugarren herrialdeekiko akordioak indartu eta berritzearen alde egingo du Bruselak.

Migrazio politiketako arduradun Margaritis Schinasek ere defendatu egin du egitasmoa: «Estatu kide bakoitzak desberdin bizi du migrazioa, eta erronka desberdinak ditu; guztiak dira ulergarriak eta defendatu beharrekoak. Lehen lerroan dauden estatuek eskatzen duten elkartasuna eta bigarrenean daudenek galdegiten duten erantzukizuna jasotzen ditu proposamenak».

Orain, Batzordeak herrialdeekin eztabaidatu beharko du proposamena. Horien artean hiru dira jarrera nagusiak. Mediterraneoarekin muga egiten dutenak kexu dira euren gain geratzen delako migratzaileak hartu eta haien eskariak kudeatzeko lana; kuoten aldekoak dira horiek. Aldiz, beste muturrean leudeke arrazoi ekonomikoak argudiatuta migratzaileak hartzeari uko egin diotenak, are gehiago kuota itxiei. Tartean, berriz, Frantzia eta Alemania, besteak beste; zeintzuek Moriako azken krisiaren ostean mila iheslari inguru hartu baitituzte, baina EBren kanpo mugak babestearen alde baitaude hasieratik.

Proposamenarekin oso kritiko agertu dira gobernuz kanpoko erakundeak, eta asilo eskatzaileak babesik gabe uztea egotzi diote Bruselari. «Akordioa lortzeko ahaleginean, Europak amore eman die EBko errefuxiatu kopurua murriztea helburu duten herrialdeei», salatu du Oxfameko Europarako arduradun Marissa Ryanek. Hark ohartarazi du egitasmo berriak atxilotze zentroak ugaritzea ekarriko duela, eta gaitzetsi herrialdeei kanporatzeak «babesteko» aukera ematea, migratzaileak hartzea sustatu beharrean.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.