Lan gatazkak

Arabako hegazkingintzako langileek manifestazioa egingo dute larunbatean Gasteizen

Aernnovako, Alestiseko eta beste dozena erdi enpresatako langile batzordeek deitu dute mobilizaziora. Zuzeneko 1.400 langile eta zeharkako 8.000 inguru ditu sektoreak lurraldean.

Agerraldia egin dute gaur Gasteizen manifestazioaren berri emateko. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2020ko irailaren 23a
14:49
Entzun

Aeronautikaren sektorea ataka estuan da koronabirusaren krisiak hegazkinak lurrean utzi zituenetik. Hegazkingintzako enpresa erraldoiek ez dute eskaerarik, eta krisiari aurre egiteko milaka langile kaleratuko zituztela iragarri zuten uda hasieran. Bada, erabaki horrek ondorio zuzenak izan ditu euskal enpresetan ere. Araban daude enpresa horietako batzuk, eta, sektorearen egoera dela eta, manifestazio bateratu batera deitu dute larunbaterako, Gasteizen.

«Enpresa bakoitzaren dinamikez gain, borroka eta mobilizazioak egin behar ditugula sinetsita, manifestazio handi honetan bat egin nahi izan dugu. Gure indarrak batu, elkar defendatzeko eta aurrera jarraitzeko», azaldu du Juan Carlos Gomezek, Aernnovako langile batzordeko lehendakariak. Aernnovaz gain, deialdiarekin bat egin dute Alestiseko, Fibertecniceko, Burulaneko, Gmpasako, Meltralteceko eta Feliu&Madinabeitiako langile batzordeek ere. 

Hegazkingintzaren sektoreak pisu nabarmena du Arabako ekonomian: 1.400 lanpostu zuzen eta zeharkako 8.000 inguru ditu. Baina etorkizun iluna dute horietako askok, langileak kaleratuko dituztela iragarri baitute gehienek. Badira, halaber, aldi baterako erregulazioan direnak ere, baina, sektoreko ziurgabetasunaren ondorioz, beldur dira behin laguntza horiek amaitutakoan ez ote dituzten lan erregulazioak deituko. 

Langileek salatu dute sektoreak «etekin handiak» pilatu dituela azken urteetan –zehazki, Arabako enpresek 540.000.000 euroren irabaziak izan zituzten 2018an–, eta, bien bitartean, erakundeek laguntza ugari eman dizkietela enpresei. «Hala ere, langileak kaleratu dira, lan karga penintsularen erdialdera eta hegoaldera desbideratu da, ekoizpenaren zati handi bat beste herrialde batzuetara eraman da, eta erakundeek ez dute ezer egin», gaitzetsi du Gomezek. 

Horiek horrela, langile batzordeetako ordezkariek ohar zuzena egin diete erakundeei, eta eskatu diete industria politika serioa garatzeko, egoeraren ondorioak langileek ordain ez ditzaten. «Bada garaia konpromisoak hartzeko, eta honelako sektore estrategiko baten aldeko apustua egiteko».  

«Epe laburreko ikuspegia»
Aernnova, Alestis, Aciturri... asko dira langileak kaleratuko dituztela jakinarazi duten enpresak. Gaur-gaurkoz, Aernnovak 450 behargin ditu Berantevillako plantan, eta enpresak %20 inguru kaleratuko zituela iragarri zuen. Aciturrik beste 214 kaleratze egingo ditu Espainian dituen lau fabriketan –Berantevillan du horietako bat–, eta beste 87 dira Alestisen – Arabako bere adarrean– lana galtzeko bidean dauden beharginak, Miñaoko parke teknologikoko plantan, hain zuzen.

Gomezek salatu du enpresek «epe laburreko ikuspegia» baino ez dutela, eta horrela ezinezkoa dela egoerari buelta ematea. «Hau ez da kaleratzeekin konpontzen, baizik eta epe ertain eta luzera begirako politika industrialarekin». Eta azpimarratu du ez lan baldintzek, ez enpleguek ez dutela eragin egun duten egoera, eta, beraz, ezin direla irtenbidearen parte izan: «Lana banatu behar inor atzean utzi gabe». 

Larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. 12:00etan hasiko da, Urrezko Zeledonen plazatik, eta, hiriko kaleak zeharkatu ondoren, Foruen plazan amaituko da. «Egoera honi erantzun bateratua eman behar diogu, eta erantzukizun kolektiboz jokatu behar dugu enplegua eta gure eskubideak defendatzeko». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.