AEB-ak

Protestak piztu dira Louisvillen, New Yorken eta Washingtonen

Breonna Taylorren hilketagatik auzipetutako polizietako bi errugabetu egin dituzte, «zuzen» jokatu zutela iritzita. Hirugarrena auzipetu egin dute, baina bizilagunak arriskuan jartzeagatik.

Breonna Taylor hil zuten hilketagatik auzipetu ez izanak protestak eragin ditu AEBetan. Irudian manifestazio bat Los Angels hirian. KYLE GRILLOT, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko irailaren 24a
09:59
Entzun

AEBetan haserrea piztu du Breonna Taylor 26 urteko emakume afro-amerikarraren hilketagatik auzipetutako hiru poliziak errugabetzat jo izanak. Taylor martxoan hil zuten, tiroz, etxean, drogen aurkako operazio bat egiten ari zirela. Segurtasun indarretako hiru kideetatik bakarra auzipetu du epaimahaiak, Taylorren aldameneko apartamentura tiro egin eta «zentzugabeko arriskua» eragiteagatik. Beste biak errugabe jo dituzte, «zuzen» jokatu zutela iritzita. Hiru poliziek, bestalde, hamar milioi euroko kalte-ordaina eman beharko diote hildako emakumearen familiari.

Epaiak haserrea eragin du AEBetan, eta protestak piztu dira hainbat hiritan, tartean Louisville, Taylor bizi zen hiria. Gaueko istiluetan bi polizia zauritu dituzte tiroz. Larrialdi egoera ezarri dute hirian, eta Guardia Nazionala bidaltzeko eskatu. Protestak izan dira New Yorken eta Washingtonen ere. Manifestariek eta Black Lives Matter mugimenduak gaitzetsi egin dute Taylorren hilketagatik inor auzipetu ez izana. Taylor familiaren abokatuak, Ben Crumpek, iraingarritzat jo du epaimahaiaren erabakia. 

Epaile batek eman zuen Taylorren etxean sartzeko agindua, ikertzaileek uste zutelako haren mutil lagun ohiak apartamentua erabiltzen zuela droga ezkutatzeko. Poliziaren arabera, Taylorren bikotekideak tiro egin zien segurtasun indarrei, haiek atea bota eta apartamentuan sartu zirenean. Gerora, Kenneth Walkerrek azaldu zuen Taylorren bikotekide ohia izango zela pentsatu zuela. Walkerrek polizietako bat zauritu zuen oinean, eta hirurek tiroka erantzun zuten. Ikerketak ondorioztatu zuenez, 32 aldiz egin zuten tiro. Tokian bertan hil zen Taylor.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.