Txirrindularitza

Van der Breggen munduko txapeldun

Herbeheretarrak erlojuaren aurkako proba irabazi du Imolan (Italia), aurreneko aldiz. Chloe Dygert iazko txapelduna ari zen denbora onena egiten, baina erori egin da azkeneko kilometroetan. Lurdes Oiarbide 37. izan da.

Aitor Manterola Garate.
2020ko irailaren 24a
17:00
Entzun

Anna van der Breggenek lortu du falta zitzaion lasterketetako bat irabaztea: erlojuaren aurkako Munduko Txapelketa. Italiako Giroa irabazi berri du herbeheretarrak, eta gaur ere azkarrena izan da Imolan (Italia). Denbora onenetan bigarrena Marle Reusser suitzarrak egin du; 15,58 segundo atera dizkio garaileak. Azkarrenetan hirugarrena irabazlearen herrikide bat izan da, Ellen Van Dijk, 31,46 segundora. Europako Txapelketan, aurten, hirurak izan ziren ere podiumean, baina bigarren Van Dijk izan zen, eta Reusser hirugarren.

Lau aldiz bigarrena izana zen Van der Breggen erlojuaren aurkako Munduko Txapelketan. Azkenekoz, iaz. Chloe Dygertek hartu zion aurrea orduko hartan, eta gaur ere bide beretik zihoan estatubatuarra. Baina ibilbideko azkeneko zatian, eroriko handia izan du, bizikletaren kontrola galdu eta hesi baten gainetik maldan behera joan baita, itzulipurdika.

Lurdes Oiarbde izan da euskal txirrindulari bakarra gaurko proban, eta 37. egin du. Van der Breggenek 5.44 minutu atera dizkio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.