Txirrindularitza

Filippo Ganna, hegan etxean

Erlojuaren aurkako Munduko Txapelketa irabazi du lehendabiziko aldiz, Imolan (Italia). Wout van Aert izan da bigarren, eta Stefan Kung hirugarren.

Aitor Manterola Garate.
2020ko irailaren 25a
17:00
Entzun

Italiako txirrindularitzaren palmaresean erlojuaren aurkako Munduko Txapelketa azalduko da gaurtik. Filippo Gannari esker. Erakustaldia eman du 24 urteko gazteak zaleen aurrean, Imolan. Hegan joan da bizikleta gainean, eta bereibilbide motzeko garaipenik handiena lortu du. Duela hiru egin zuen debuta profesionaletan. Orduko 53 kilometroko batez besteko abiaduran egin ditu 31.7 kilometroak; 35.54 minutuko denbora egin du. Bigarren Wout van Aert flandiarra izan da, harengandik 26 segundora, eta Stefan Kung suitzarrak jantzi du brontzezko domina, 29 segundora. Azken bi aldietako txapelduna, Rohan Dennis australiarra, bosgarren sailkatu da, 39 segundora, eta haren aurretik Geraint Thomas galestarrak egin du, 37 segundora.

Hasi eta bukatu menderatu ditu aurkariak Gannak. 14,9. kilometroan zegoen erreferentzia puntuan aurrena zihoan, eta atzetik zituen Dennis (20 segundora), Thomas (35era), Kung (41era) eta Tom Dumolin (45era). Lasterketaren bigarren zatian, haizea alde izan duten horretan, Van Aert ere ziztu bizian joan da. Izan ere, erreferentzia puntuan, seigarren denbora egin du, Gannarengandik 46 segundora. Azkeneko 17 kilometroan, Ganna ez beste aurkari guztiak gainditu ditu, eta munduko txapeldunari ere 20 segundo jan dizkio tarte horretan.

Pello Bilbao 26. sailkatu da. Irabazleak baino 2.33 minutu gehiago behar izan ditu Gernikako txirrindulariak. Gaur zuen debuta erlojuaren aurkako Munduko Txapelketan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.