Karabakh Garaia

Borrokak lehertu dira Karabakh Garaian

Gutxienez 32 dira hildakoak. Armeniak eta Azerbaijanek elkarri egozten diote erasoak hasi izana. Gerra legea ezarri dute Karabakh Garaian, eta armak hartzera deitu dituzte herritarrak.

Karabakh Garaiko miliziaren tanke bat suntsiuta, mugan. EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko irailaren 28a
10:58
Entzun

Igande goizaldean lehertu ziren borrokak. Armeniako iturrien arabera, Azerbaijanek eraso egin zion Nagorno Karabakheko kokaleku zibil bati, eta, hari erantzunez, Azerbaijango armadaren bi helikoptero eta hiru drone bota zituzten. Aldiz, Azerbaijango Defentsa Ministerioak dio «kontraeraso bat» hasi zutela «herritarrak Armeniaren erasoalditik babesteko». Gobernuak onartu du helikoptero bat bota diotela, baina nabarmendu tripulazioa onik irten dela. «Hildakoak eta zaurituak egon dira militarren eta zibilen artean», adierazi du Defentsa ministroak. Orotara 32 dira hildakoak.

2016tik gertatu den erasoaldirik larriena izan da asteburukoa. Facebook sare sozialean argitaratutako ohar batean, Armeniako lehen ministro Nikol Paxinianek iragarri du gerra legea ezarri duela eskualdean, eta eskatu die herritarrei prest egon daitezela «aberri sakratua» defendatzeko: «Azerbaijango errejimen autoritarioak erasoaldiari ekin dio, gerra deklaratu dio Armeniako herriari». Gerra legea ezarri dute Karabakh Garaian ere, eta armak hartzera deitu dituzte herritarrak.

Bestalde, Azerbaijango presidente Ilham Alyievek ohartarazi du telebista agerraldi batean «Azerbaijanen aurka indarkeria erabiltzen duen orori» erantzungo diotela. «Azerbaijango indarrek eta herritarrek galera handiak izan dituzte Armeniaren erasoaldiaren ondorioz». Hark ere gerra legea ezarri du herrialdean.

Karabakh Garaia, ofizialki Azerbaijanen menpekoa den arren, Armeniak kudeatzen du, eta armeniarrak dira biztanle gehienak ere. Hala, herritar gehienek ez dute onartzen Azerbaijanen agintea, eta eskualdea modu autonomoan aritzen da Armeniaren laguntzarekin. Bi herrialdeen arteko gatazka 1918an piztu zen, Errusiarekiko independentzia lortu zutenean. 1920ko hamarraldiaren hasieran, Sobietar Batasunak bere agintea ezarri zuen Karabakh Garaian, eta eskualdea Azerbaijanen menpe geratu zen, nahiz eta erabakiak Moskutik hartzen ziren eta lurraldeak autonomia zuen. 1988an, baina, gobernu autonomoak erreferendum bat egin zuen eskualdea Armeniako errepublikaren menpeko bilaka zedin, eta baiezkoak irabazi zuen. Azerbaijango Gobernuak eta Moskuk ez zuten onartu emaitza.

1991n, Sobietar Batasuna desegin zenean, armeniar separatistek hartu zuten eskualdearen kontrola, Armeniako gobernuaren laguntzarekin. Lurralde autonomoaz gain, Azerbaijango zazpi barruti ere okupatu zituzten. Azerbaijanek aurre egin zien, eta 30.000 hildako eta milaka iheslari eragin zituzten borrokek. 1994an, su-etena hitzartu zuten bi aldeek, nazioartearen bitartekaritzarekin, eta Azerbaijanek tropak erretiratu zituen eskualdetik. Su-etenak, ordea, ez zuen egonkortasun erabatekorik ezarri, eta oraindik ere borrokak pizten dira hainbatean behin, asteburuan gertatu moduan.

Elkarrizketarako deia

NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, Antonio Guterresek, borrokak amaitzeko eskatu die bi aldeei, eta elkarrizketa mahaira itzultzeko. Erakundeak aurreratu du datozen orduetan hitz egingo duela Guterresek Armeniako eta Azerbaijango gobernuburuekin, su-etena lortzeko asmoz.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.