Hauteskundeak

Korsikako nazionalistek lehen aldiz lortu dute ordezkaritza Frantziako Senatuan

Femu a Corsica autonomistako Paul-Toussaint Parigi aukeratu dute goi ganberako senatari. Macronen alderdiak hiru eserleku galdu ditu, hogeirekin geratzeraino.

Macron Frantziako presidentea eta Simeoni Korsikakoa, hilabete hasieran, irlako Bonifacio hirian. I. LANGSDON / EFE
ander perez zala
2020ko irailaren 28a
19:07
Entzun

Korsikako mugimendu nazionalista arrakastaz arrakasta ari da 2014tik hona egindako hauteskundeetan. Oraingoan, urte hartako, 2015eko eta 2017ko garaipenei, eta aurtengo herriko bozetako alkatetzei gehitu behar zaie atzo eskuraturiko eserlekua: lehenengoz, Mediterraneoko uharteko nazionalistek ordezkari bat izango dute Frantziako Senatuan. Femu a Corsica alderdi autonomistako Paul-Toussaint Parigi aukeratu dute senatari kargurako, eta horrek are gehiago sendotu du nazionalistek orain arte egindako bidea.

Gilles Simeoni Korsikako presidentea buru duen mugimenduak indartsu jarraitzen du Frantziako hauteskundeetan ere, eta, egun, irlako ordezkarien gehiengoa du ziurtatua parlamentuko bi ganberetan: Asanblea Nazionalean, jokoan zeuden lau eserlekuetatik hiru lortu zituen 2017an, eta aurten Senaturako bietatik bat eskuratu du. Goi ganberaren kasuan, senatariak ez dituzte herritarrek aukeratzen, horien ordezkari politikoek baizik; alegia, diputatuek, senatariek, kontseilariek eta hautetsiek.

Hala, bigarren itzulian Parigik 328 boto jaso zituen (%58,8) Korsika Garaiko politikarien artean, hautagai independentistaren eta sozialistaren babesak gehituta; ordezkari autonomistaren garaipenak ziurra zirudien, lehen itzulian boto bakarra falta izan baititzaion kargua lortzeko.

Femu a Corsicaren senatariaren iritziz, garaipena «mugimendu batena» da, eta «oso pozik» agertu zen arren Frantziako goi ganberan Korsikako lehen senatari nazionalista bilakatzeagatik, «bakarrik» ez geratzearen garrantziaz ohartarazi zuen atzo. Oraingoz ezer adostu ez duten arren, badirudi Parigi Europa Ekologia-Berdeak (EELV) alderdiaren taldearen parte izango dela Frantziako Senatuan; aliantza hori ez da berria, bi alderdiek François Alfonsi hautagai bera babestu baitzuten Europako Parlamenturako hauteskundeetan —hark ere lortu zuen ordezkaritza—.

Simeoni ere pozarren agertu zen mugimendu nazionalistaren garaipenarekin: «Une garrantzitsu bat da, arlo politiko eta sinbolikoan indartsua dena, Korsikak lehen aldiz senatari nazionalista bat izango duelako. [Parigik] Korsikaren eta korsikarren interesak defendatuko ditu». Garaipen horrekin, Parigik orain arte zituen kargu publikoetako gehienak utzi beharko ditu, tartean Santa-Lucia di Mercuriuko alkatearena —hautetsi izaten jarraituko du—, eta Korsikako Asanbleako diputatuarena, besteak beste.

Herriko bozetan eta Frantziako Senaturako hauteskundeetan lorturiko garaipenei esker, Korsikako mugimendu nazionalista indartsu aurkeztuko da datorren urteko martxoan egitekoak diren Korsikako Asanblearakoetara.

Eskuina, indartsu

Atzoko bozetan Frantziako goi ganberako eserlekuen erdiak berritu zituzten —348 ditu—, baina indar orekan ez zen aldaketarik izan, eskuindarrek gehiengo izaten jarraituko baitute. Behin betiko emaitzen zain, eta Public Senat telebista katearen proiekzioaren arabera, Errepublikanoak (LR) alderdiak izango luke ordezkaritzarik handiena, duela hiru urte baino bederatzi senatari gehiagorekin 153ra iristeraino.

LRk atzetik izango lituzke Alderdi Sozialista, 65 ordezkarirekin (sei gutxiago), eta Batasun Zentrista talde parlamentarioa —tartean da Emmanuel Macron Frantziako presidentea Asanblean babesten duen UDI—, 51 ordezkarirekin (=); Macronen Errepublika Martxan (LREM), aldiz, ordezkaritza handiena luketen alderdietan laugarrena litzateke, hogei senatarirekin (-3). 

Frantziako presidentearentzat, espero baino emaitza hobeak izan dira, galera handiagoak aurreikusi baitzizkioten, eta alderdiaren Senatuko taldearen presidente François Patriatrek ere eserlekua mantendu baitu. Txanponaren beste aldean, agerian geratu da LREMren ahulezia, ez baitu lorpen garrantzitsurik lortu 2017ko presidentetzarako eta Asanblearako hauteskundeetako garaipenetatik.

Kontrara, gorakada handiena EELVk izango luke: duela hiru urte ez zuen eserlekurik lortu, eta atzodanik hamabi izango lituzke, Public Senaten proiekzioaren arabera. Horrek ahalbidetuko lioke talde propioa sortzea, eta, ezustekorik ezean, horren parte izango litzateke Korsikako nazionalisten senataria.

Oro har, igandeko hauteskundetako emaitzek LRi ahalbidetuko diote goi ganberaren kontrolari eustea, eta, 2008an, 2014an eta 2017an bezala, etzi ere Gerard Larcher aukeratuko dute Senatuko presidente kargurako. Larcher bera pozarren agertu zen atzo gauean: «Boz horiek eskuinaren eta zentroaren Senatuko gehiengoa sendotu dute, errealitate ekonomiko, sozial eta osasun ezezagun baten erdian». Testuinguru horretan, Asanblea Macronen eta bere aliatuen esku dagoenez, eskuinak Senatua baliatu nahi du gobernuaren jardunaren kontrapisu izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.