Lan gatazka

Gestampen Zamudioko lantegietan greba mugagabera deitu dute

Matricerias Deusto eta GTS enpresetako 230 beharginek lanuzte mugagabea egin dute beren lantegien itxieraren aurka, ELAk eta LABek jakinarazi dutenez

Gestampeko langileen protesta bat, aurreko urtean. ARITZ LOIOLA / FOKU
xabier martin
2020ko urriaren 2a
13:17
Entzun

Autogintzako multinazionalak Zamudioko bere bi plantak itxiko dituela iragarri du asteon, eta 230 langile kalertzeko bidean jarriko dituela. Gaur, enpresa bietako langile batzarrak baiezkoa eman dio greba mugagabeari. «Neurriz kanpoko erabaki bat» dela azaldu dute, ez duela inolako justifikazioarik, eta grebara jotzea baiaizk ez zaiela geratzen. Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari itxieren aurkako jarrera argia erakusteko eskatu diete, era berean. Izan ere, Gestampek hamazazpi milioi euroko inbertsioa iragarri zuen ekainean, Zornotzako instalazio baterako. Proiektu horrek, haren izaera berritzailea dela eta, Eusko Jaurlaritzaren laguntza izango zuela ere iragarri zuen taldeak: zortzi milioi euro.

Lehen sei hilekoan 120 milioi euroren galerak iragarri zituen Gestampek, baina aurreko bi urteetan irabazi mardulak izan ditu. «Sinestu ezinik» hartu dute itxieraren erabakia langileek. Azaldu dute ez zutela inondik ere espero horrelakorik, eta lan karga badagoela aurrera egiteko. Baina urriaren 8rako finkatu dute itxieren prozesuaren lehen negoziazio bilera, eta, gero, 30 egun izango dituzte ados jartzeko, ahal den neurrian itxiera horiek eragozteko.

Gestampek autogintzaren krisiari erreparatu dio kaleratzeak azaltzeko, eta Europa osoan lantaldea murriztuko zuela ere esan du, baina guraizeak etxean sartu ditu lehen-lehenik. «Lan karga Bartzelonara eta Alemaniara desbideratzen egon dira azken garaiotan», salatu dute sindikatuek. GTSn telelanean aritu dira langileak, etxetik, ingeniaritza lana egiten, «atsedenik gabe».

2018. urtean inoizko irabazirik handienak lortu zituen Gestamp taldeak: 258 milioi irabazi zituen, eta 212 milioi 2019an. «Enpresa horrek diru laguntza publikoak jasotzen ditu hainbat erakundetatik, eta Euskal Herrian sortutako aberastasuna baliatu du enplegu prekarioa sortzeko mundu zabalean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.